Berrikuntzekin dator aste bukaera honetan egingo den Getxoko Komiki Azoka: manga azokarik ez, bi gune ezberdin eta sarrera doan
Datorren ostiraletik igandera bitartean egingo da Euskal Herriko handiena den Getxoko Komiki Azoka. Aurten, baina, hainbat berrikuntzarekin datorkigu: batetik, azken aldietan komiki azokarekin batera edo inguruko beste aste bukaeraren batean egin izan den manga azoka ez da aurtengoan egingo: bestetik, gunerako sarrera dohainik izango da, edukiera betetzen den arte; eta azkenik, argitaletxe eta denden standak egongo diren gune komertzialaz gain (ohi bezala, Areetako Geltokiko Plazan izango dena), hitzaldi, erakusketa, sinatze-txanda eta abarrak egingo diren beste gune bat egongo da Romo Kultur Etxean, Santa Eugenia Plazan. Ohikoa denez, hainbat egile gonbidatu egongo dira, erakusketak, sinatze-txandak, hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak, tailerrak, proiekzioak...
Euskal komikiari dagokienez, hiru stand egongo dira: Harriet argitaletxea, bere aurtengo nobedadeekin eta aurreko produkzio guztiarekin, den-denek euskarazko edizioa dutela; Astiberri, bere aldizkako euskarazko produkzioarekin; eta Xabiroi, bere aldizkari eta albumez gain azken urteotako euskarazko produkzio guztia ere izaten duena, eta egile mordo bat, Xabiroikoak zein beste argitaletxe batzuetakoak, sinatzen izango dituena. Horrez gain, Asiskori eskainitako erakusketa bat ere egongo da azokako karparen inguruan. Bestalde, Euskal Herrian egindako komikiari buruzko mahai-ingurua egongo da igande arratsaldean hainbat komikiren aurkezpenekin eta euren egileekin, tartean euskaraz ere badauden Gerezi Garaia (Belatz), Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak (Dani Fano) eta 1937 - Gerrako umeak (Rafael Jiménez, Kaskajo eta Maria Pedrosa).
Han ikusiko dugu elkar!