Ahabi Comics-ek hiru komiki atera ditu euskaraz
Ian Nose Puerto Ricon bizi den euskal herritarra da, eta bere komikiak argitaratzeko Ahabi Comics argitaletxea sortu zuen. Bere lanak hainbat hizkuntzatan kaleratzen ditu, tartean euskaraz. 2017an bi komiki atera ditu, eta 2016an beste bat.
2017koetako bat Non Legimus: Hitzen Gerra da. Gidoia Gabriel Alejandrorena da eta irudiak Ian Nose-renak. Manga estiloko komiki honetan haur baten bizirauteko abentura kontatuko zaigu, bizirik ateratzeko irtenbideak liburuetan irakurritako kontuak direlarik.
Beste bi komikiak Ian Nose-renak dira osorik. 2015eko Espainiako hauteskundeak lasterketa gisa irudikatzen ditu Antxintxiketan: Lasterketa demokratikoa seriean, manga estiloan. Lehen zatia (Iritsi da azkenean egun handia!) 2016an atera zen, eta iazko urtearen amaieran bigarrena etorri zen (Abarka miragarriak).
Komikiak Amazon bidez eros daitezke.