Rosacarmen-i eskainitako erakusketa Donostiako Komikigunean
Donostiako Komikigunean, autoedizioa eta sorkuntzaren munduan lan egiten duten pertsona eta elkarteei buruzko Izkutukoak zikloaren barruko laugarren erakusketa dago ikusgai egunotan. Aurretik Irkus (M) Zeberio, Andrea Ganuza eta Bruno Ibañezenak izan genituen, eta orain Rosacarmen kolektiboari eskainitakoa paratu dute.
Erakusketaren web orrian dioenez, Rosacarmen Ane Zaldibar (Donostia, 1981) eta Inés Sánchezek (Valladolid, 1984) osatzen dute. Kolektibo hau argitaletxe handien zirkuitutik at gelditzen diren proiektu ez ohizkoak aurrera ateratzeko sortu zen. Komikiaren antzeko narrazioa duten istorio umoretsuak lantzen dituzte teknika ezberdinak uztartuz: serigrafia, fotokopia, edo risografia esate baterako.
Erakusketa irailaren 28a bitartean ikusi ahal izango dugu, Komikigunearen Errege-erregina Katolikoen kaleko 16ko egoitzan.