Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

"Gizonak behar direnez gero - Joseph", Aljeriako Independentzia Gerrako kontuak

e-gor 2020/11/21 10:45
Harriet-ek argitaratu du Philippe Pelaez eta Victor L. Pinel-en komikia
"Gizonak behar direnez gero - Joseph", Aljeriako Independentzia Gerrako kontuak

Irudia: Victor Pinel

Philippe Pelaezek idatzi, Victor L. Pinelek marraztu eta Harriet argitaletxeak euskarara ekarritako Gizonak behar direnez gero - Joseph komiki honek Josephen istorioa dakarkigu. Aljeriako gerratik itzuli denetik herrian baztertua dute, baserriko lanei ihes egin eta gerrara joan baitzen baina bulegari lanetan aritzera. Frontean ibili den herriko heroia itzultzean, Josephen sekretua kontatuko du eta denek jakingo dute egia ikaragarria... Izenburuagatik ematen duenez, jarraipena izango duen istorioa.

"Aztia" eta "Zesarren erramu-koroa" berriz ere euskaraz

e-gor 2020/11/17 19:45
Maddalen Arzallusek itzuli eta Salvat-Bruñok berrargitaratu ditu Asterixen abentura klasiko hauek
"Aztia" eta "Zesarren erramu-koroa" berriz ere euskaraz

Irudia: Albert Uderzo

Salvat/Bruño argitaletxeak aldian-aldian René Goscinnyk idatzi eta Albert Uderzok marraztutako Asterixen abentura klasikoak euskaraz berrargitaratzen jarraitzen du. Oraingoan Zesarren erramu-koroa eta Aztiari tokatu zaie txanda eta, azken aldikoak bezala, Maddalen Arzallusek itzuli ditu.

Ene uste apalean, orain ateratzen ari diren hauek eta laster tokatzen zaienek osatzen dituzte Asterixen istoriorik onenak, Goscinnyk gidoietan eta Uderzok irudietan maila onena eman zutenak, urteen poderioz Asterixekin etxekotasun eta trebantzia optimoa lortuta zutenean eta Goscinny hil baino lehen. Egun ere gaurkotasuna dute euren kritikak eta umoreak. Aztia da nire gogokoenetako bat, sineskeria eta mistizismoen aurkako aldarria, gaur egun oraindik zoritxarrez beharrezkoa den mezua, eta ez preseski erlijio klasikoengatik... Familia osoak disfrutatzeko betiereko komikiak.

Astiberrik haurrentzako komikien lerroa atera du, Txikiberri, eta euskaraz ere argitaratuko ditu

e-gor 2020/11/13 06:40
“Uxío”, “Biga 1” eta “Tigrea amesgaiztoaren kontra” komiki arrakastatsuekin estreinatu du
Astiberrik haurrentzako komikien lerroa atera du, Txikiberri, eta euskaraz ere argitaratuko ditu

Irudia: Martín Romero / Vincent Caut / Emily Tetri

Bilboko Astiberri argitaletxeak aldian-aldian beti atera ditu euskarazko komikiak (Baleak ikusi ditut, Maria eta biok, Dublindarra...) eta baita haurrentzako komikiak ere. Azken aldian, gainera, biak ala biak indartu ditu (besteak beste, euskaraz Asylum, Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak, Pilula urdinak eta Zubigileak eta haurrentzat Waluk-en hiruak eta Claude eta Morino atera ditu denbora tarte txikian). Orain haurrentzako komikientzat lerro propioa sortu du, Txikiberri izenekoa, eta sail horretako argitalpenak, lehen hiruak ikusita bederen, euskaraz eta katalanez ere aterako dituela dirudi.

Martin Romeroren Uxío da lerroko lehen komikia, A Coruñako Diputazioaren Castelao saria eramandakoa haurrentzako komikien modalitatean. Romain Pujol eta Vincent Cauten Biga 1 - Benetan identifikatu gabeko animalia da bigarrena, Frantzian arrakasta handiarekin atera dena. Eta hirugarrena Emily Tetriren Tigrea amesgaiztoaren kontra, Eisner sarietarako izendatuta egon zena. Ez dira nolanahikoak, ez horixe!

"Buyan" komikiari buruzko solasaldia azaroaren 10ean 19:00etan Intxaurrondo Kultur Etxean

e-gor 2020/11/08 19:44
Xabier eta Martin Etxeberria gidoilariak gurekin izango dira bertan
"Buyan" komikiari buruzko solasaldia azaroaren 10ean 19:00etan Intxaurrondo Kultur Etxean

Irudia: Aritz Trueba

Astearte honetan, azaroak 10, arratsaldeko 19:00etan, COVID-19a dela-eta maiatzean bertan behera gelditutako solasaldia egingo da Intxaurrondo Kultur Etxean, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberriaren gidoia eta Aritz Truebaren marrazkiak dituen Buyan - Heriotzaren uhartea komikiari buruzkoa hain zuzen ere. Solasaldia neuk aurkeztu eta gidatuko dut, euskaraz izango da eta bi gidoilariak (Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria) bertan izango dira. Aukera ederra lehen eskutik ezagutzeko abentura luze baina arrakastatsu hau, euskaraz autoeditatu eta nazioartean ere argitaratu dena.

Solasaldian pandemiagatiko kultur ekitaldietarako segurtasun neurri guztiak (aforoa, distantzia, ordutegia...) beteko dira. Baina mugikortasunerako dauden mugak direla eta, Donostiarekin mugakide diren herrietatik soilik bertaratu ahalko da (Donostiako Udalak COVID-aren inguruan duten FAQ orrian estekatzen den maparen arabera, Orio, Usurbil, Zizurkil, Andoain, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Errenteria eta Pasaia dira herri horiek). Aforo kontuengatik, komeni da aurrez izena ematea intxaurrondoliburutegia[abildua]donostia.eus helbidean, bide batez desplazamendua justifikatzeko balio lezakeen (ziurtasunik ezin eman) izen-emate paper bat izateko.

Harriet-ek "Dortokaren promesa" argitaratu du

e-gor 2020/11/06 19:03
Euskal komikizaleei ezagunak egingo zaizkigun Stéphane Piatzszek eta Tieko dira egileak
Harriet-ek "Dortokaren promesa" argitaratu du

Irudia: Tieko

Komiki honen egileak ezagun egingo zaizkizu beharbada. Izan ere, Stéphane Piatzszek gidoilariak hainbat komiki atera ditu Frantzian euskal komikigileekin (Rétine saila Iñaki Holgadorekin eta Le chevalier à la licorne Guillermo Gonzalezekin), eta Tiekoren Tomoë argitara eman zuen Harrietek duela bi urte. Orain Harriet argitaletxe horrek berak egileon Dortokaren promesa dakarkigu.
Frantziarrek Tortuga uhartea ingelesei kendu eta gero, hainbat emakumezko preso (emagalduak, lapurrak...) bertara bidaliko dituzte hango filibusteroekin biztanleria finkatzeko. Emakume horietarik hiruk, Quitt, Apolline eta Louisek, elkarri laguntzea adostuko dute mundu zail horretan bizirauteko, baina hala ere ez da batere erraza.

Asiskok "Sugarren mende" atera du

e-gor 2020/11/04 18:40
Euskal Herriko sorgin-ehizak ditu gaitzat
Asiskok "Sugarren mende" atera du

Irudia: Asisko

Benetan harritzekoa da Asisko Urmenetak Euskal Herriko historia eta politikari buruzko komikiak argitaratzean duen oparotasuna: 2017tik urtean bat atera du. Eusklabo alaiak, Aztihitza, 1620 Nafarroa Beheregaina... eta 2020an (gidoilari gisa berriki ateratako Basolatik berri onik ez-ez gain) Sugarren mende. Argitaratzaileak Gure berriak, Erroa, Herrima eta Lapurdi 1609 dira.
XVI. mendean zehar eta XVII. mendearen hasieran sorgin-ehiza ugari egin ziren Nafarroan, 1525ean hasi eta gailurra 1610eko Zugarramurdiko sorginkeria prozesuan izan zutenak. Eta 1609an Lapurdi osoan zehar egin ziren sorgin ehizak. Mende horretan zehar emakume ugari sutan erre zituzten sorgin izatearen akusaziopean, hortik izenburua. 120 orri ditu, 9 ataletan banatuta.
Sugarren mende komikia azaroaren 7an aurkeztuko dute Zugarramurdin, justu Logroñoko autofedearen 410. urteurrena betetzen den egunean (Zugarramurdiko sei “sorgin” erre zituzten prozesu hartan). Gure Berriak elkartearen webgunean eros daiteke jadanik, laster aurrez aurreko saltokien zerrenda jarriko omen dute. Zeren zain zaude?

"Basolatik berri onik ez": Orbaizetako arma ola, Nafarroako Erresuma, mitologia...

e-gor 2020/10/30 18:40
Komiki eder askoa ondu dute Asisko gidoilariak eta Josevisky marrazkigileak eta Xabiroik atera, aurrez aldizkarian argia ikusitako atalak bilduz
"Basolatik berri onik ez": Orbaizetako arma ola, Nafarroako Erresuma, mitologia...

Irudia: Joseba Larratxe "Josevisky"

XVII. mendean, Orbaizetako olak Espainiako Koroarentzat armak egiten ditu Iratiko basoaren bihotzean. Nafarroa errepublika gisan berreskuratu nahi duten noble eta herritarrek Urdaxpal dute bilgune, eta olaren ekoizpena beharrezko dute beraien matxinadarako. Eta gatazka horrek erdiz erdi harrapatzen ditu orkaitzak, oihanaren barrunbeetan bizi eta erdi gizon erdi abere diren izaki beldurgarriak...

Hau da 2017ko otsailetik 2020ko ekainera bitartean Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi aldizkarian atalka atera den Basolatik berri onik ez komikiaren istorioa, orain album formatuan argia ikusi eta Xabiroik urtero ateratzen dituen bildumetan 13.a osatzen duena.

Asisko Urmeneta dugu gidoilaria, eta beragan ohikoak diren Nafarroako Erresuma eta euskal mitologia dira gai nagusiak, oraingoan Orbaizetako arma olaren inguruan zentratutako istorioan. Ezinbesteko lana egiten du Asiskok Euskal Herriaren historia ezagutarazten eta mitologia berreskuratu edota berrasmatzen. Dani Fano editoreak eskatu omen zion komiki hau Jose Angel Irigarai, Benito Lertxundi eta bestek famatutako arma ola ezagunean girotu zezala, eta ederki uztartu ditu Asiskok elementu horiek guztiak, genero beldurrezko-historiko-fantastiko-epikoko lanean, fikziotik gure herriaren kontakizuna eta ondarea osatzeko ezinbesteko beste pieza bat sortuz.

Marrazki eta koloreak egiteko ardura Joseba Larratxe Joseviskyri egokitu zaio eta, ohi bezala, primeran bete du lana. Irudi zoragarriak eta pertsonaia harrigarriak irudikatu ditu (ez soilik baina bereziki "orkaitzak" deitutako pertsonaia fantastikoak), eta margo bitxi ezinezkoen bidez koloreztatu.

Egituraz, Xabiroi aldizkarian atalka argitaratzen joan denez, kapituluetako banaketa nabaria dauka, baina aldi berean kontakizun bakarraren osotasuna badauka. Atal bakoitzean arma olako eta garaiko lanbideren bat da nagusi eta haren berri ematen zaigu. Orobat, atal guztiz hiltzen da pertsonaiaren bat. 64 orriz osatuta dago Basolatik berri onik ez komikia. Ezin galduzko luxuzko harribitxia.

Duhamel-en komiki berria: #kontaktuberria_

e-gor 2020/10/23 19:17
Hirugarrenez argitaratu du Harriet argitaletxeak egile honen komiki bat
Duhamel-en komiki berria: #kontaktuberria_

Irudia: Duhamel

Itzulera eta Inoiz ezen ondoren, hirugarrenez argitaratuko du Harriet etxeak Duhamelen komiki bat. #kontaktuberria_ izeneko komiki honetan, loch bateko biztanleari zeraman bizitza lasaia erabat aztoratuko zaio lakuan izaki misteriotsu bati argazki bat atera eta sare sozialetan elkarbanatu ondoren... Aurreko biak bezala, kalitatez, sentiberatasunez, umore finez eta kritika sozialez betetako komikia.

"Euskal komikia 1975etik" erakusketa Bakion

e-gor 2020/10/18 20:11
Urritik ekainera bitartean izango da ikusgai Bakioko Txakolingunean

Bizkaiko Foru Aldundiak babestu eta Mikel Begoña eta Kike Infamek prestatutako Euskal komikia 1975etik erakusketa (duela lau urte egile eta babesle berek atondutako Euskal komikia 1975etik 2016ra erakusketaren eguneraketa), "Ibiltari" programaren barne dagoena, Bakioko Txakolingunean izango da kurtso honetan, 2020ko urriaren 5etik 2021eko ekainaren 27ra arte.

Egileen hitzetan, erakusketaren helburua "1975 urtetik gaur arte komikigintzak Euskal Herrian izan duen bilakaeraren ikuspegi orokor bat eskaintzea" da, eta "ardatzean euskaraz ekoiztutako materialak daude". Ezinbesteko erakusketa, beraz, euskal komikigintzaren azken mende erdiko produkzioa ezagutzeko. Ez galdu!

Pertsonaiak sortzen ikasteko haurrentzako ikastaroa Iosu Mitxelenaren eskutik

e-gor 2020/10/14 17:50
Intxaurrondo Kultur Etxean izango da urriaren 20an, euskaraz, 17:30etik 19:30era
Pertsonaiak sortzen ikasteko haurrentzako ikastaroa Iosu Mitxelenaren eskutik

Irudia: Iosu Mitxelena

Istorioak irudiz kontatu ahal izateko pertsonaia dibertigarriak sortzeko ilustrazio tailerra egingo da Intxaurrondo Kultur Etxean urriaren 20an, 17:30ean, bi orduko iraupenarekin. Euskaraz eta haurrei zuzendutako tailer honen gidatzailea Iosu Mitxelena izango da. Izena aldez aurretik eman behar da eta tokia mugatuta dago, beraz adi ibili!

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10