Harriet-en aurtengo orain arteko bi komikiak
Bizitzen ari garen euskarazko komikien loraldiaren “errudun” nagusietakoa, zalantzarik gabe, Harriet argitaletxea da. Iaz 8 komiki atera zituen, eta aurten ere bide beretik doa. Inoiz ez hau da momentuz atera duenetako bat, Bruno Duhamelena. Iaz Harrietek Itzulera kaleratu zion egile horri, eta oraingo lan hau orduko hura bezain ederra da, edo are ederragoa, nire iduriko. Normandiako Troumesnil herriko alkateak Madeleine atso itsua bere itsaslabar gaineko etxetik atera eta zaharren egoitza batera eraman nahi du, luizi batek etxea bera barruan duela bota baino lehen. Baina Madeleinek ez du joan nahi, han baititu bere senarraren oroitzapen guztiak, eta burugogorra da oso...
Eta Harriet-ek atera duen beste bat, Maxe L’Hermenierren gidoia eta Yllyaren marrazkiekin: Isaline, sukaldaritzako sorginkeria. Isaline neska gazte bat da, beste edozein bezalakoa litzatekeena... sorgina ez balitz! Atsegin duen mutila festa batean harritzeko, amonaren pastel magikoaren errezeta hartzen du. Zer atera daiteke gaizki?
Gozatu eta adi egon, zeren eta laster emango dizuegu Harriet-en udazkeneko nobedadeen berri!