Getxoko Komiki-Azoka bueltan da
Iaz COVID-19a dela-eta egin gabe gelditu ostean, aurten berriz ere bueltan dugu Euskal Herriko komiki-ekitaldirik handiena, Getxoko Komiki-Azoka, alegia. XIX. edizio hau aldaketa nabarmenekin dator, hala ere.
Batetik, aurreko urteetan ematen ari zen data aurreratzearekin jarraitzen du eta aurten inoiz baino lehenago izango da: urriaren 1etik 3ra. Honek euskal komikien nobedadeak urtean zehar gehiago banatzeko aukera ematen du (azoka hau azaroaren amaieran egiten zenean, Durangoko azokatik eta Gabonetatik hain hurbil, ia dena ordurako ateratzen zen), baina bestalde udako oporretatik hain gertu egonda argitaletxeei ez die beti denbora nahikorik ematen argitalpenak prest izateko... Edo aukeratu beharrean izango dira, Durangorako edo Getxorako atera... Ez dakit egokiena den... Nik ere astirik ez horien berri azokaren aurretik emateko! Euskarazko zenbait nobedade atera eta aurkeztu dira egunotan (nahiko arrapaladan, Getxora iristeko ziurrenik), baina geroago joan beharko naiz horien berri ematen.
Bestetik, postuak eurak ohi bezala Areetako Plazan egongo badira ere, oraingoan ez da karparik izango, pandemiagatik. Eta jada ohituta gauden prebentzio-neurriak bete beharko dira: edukiera mugatua, maskararen erabiltzea, tenperatura hartzea, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea, segurtasun-distantzia mantentzea... Ea eguraldia behintzat portatzen den! Ze bestela...
Azkenik, ekitaldi guztiak (aurkezpenak, sinatze-txandak, mahai-inguruak, topaketak, sari-banaketak, erakusketak...) Itzubaltzeta edo Erromoko Kultur-Etxean izango dira, eta murrizketa nabarmenekin: aurrekoetan baino askoz ekitaldi gutxiago daude. Eta egitarauko ekitaldi guztietatik bakarra izango da euskaraz, enpin... Hori bai, ezin interesgarriagoa: "Pertsonaien-jolasa: euskal komikiaren ibilbidea komiki-pertsonaien ikuspuntutik" hitzaldia emango du Mikel Begoña adituak.
Edonola ere, pozgarria da Getxoko Komiki-Azokaren itzulera! Berriz ere gozatu ahal izango dugu komikiaz, hango 40 stand eta ekitaldiekin. Eta euskarazko komikigintza, jakina, presente egongo da: Xabiroi, Harriet eta Astiberrik postuak izango dituzte, eta aurten lehenbizikoz Elkar ere egongo da. Eta zaleok ere ez dugu hutsik egingo, jakina!