Barakaldoko "Teknologia berriak" umore grafikoko lehiaketaren inguruko berriak
Aurreko batean hitz egin genizuen hemen Barakaldoko Udalak antolatzen duen Teknologia berriak umore grafikoko VIII. lehiaketari buruz. Lehiaketa amaitu da jada, 54 herrialdetako 322 partehartzailek 816 lan aurkeztu dituzte, eta hauek izan dira irabazleak:
- 1. saria, 1500 euroz hornitua, Emilio Federico Ferrero argentinarrarentzat
- 2. saria, 1000 euroz hornitua, A Coruñako David Pintor eta Carlos Lópezentzat
- 3. saria, 800 euroz hornitua, José Francisco Martínez murtziarrarentzat
- 4. saria, 700 euroz hornitua, Ahmet Aykanat turkiarrarentzat
- 5. saria, 500 euroz hornitua, Bahman Jallali irandarrarentzat
Gainera, Barakaldoko Udalak museo birtual bat jarri du online lehiaketaren zortzi urteetan aurkeztutako 3800 lanetako batzuk erakusteko. Sauré argitaletxeak egindako webgunean udalerriko lau toki esanguratsu bisita daitezke, horietako bakoitzean lehiaketara aurkeztutako lanetako batzuk ikusiz: udaletxean zortzi urteotako lan irabazle guztiak ikus daitezke, lorategi botanikoan ingurumenarekin lotutako lan batzuk, Gurutzetako ospitalean medikuntzarekin lotutakoak eta BECen zientzia, teknologia eta informatikarekin lotutakoak. On egin!