Komiki-lehiaketa ugari martxan
Negu amaiera-udaberri hasiera honetan, hainbat komiki-lehiaketa ditugu martxan Euskal Herrian, mota eta xede-adin ezberdinetakoak.
Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak Sauré argitaletxearekin batera martxan jarri duen Ziberkomikiak izeneko lehiaketa daukagu. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko ikasleei zuzendutako lehiaketa honek, komikien bidez, kultura eta ondarearen inguruko balioak eta euskararen erabilera berezia lantzea bultzatu nahi ditu gazteen artean, teknologia erabiliz. Horretarako, sei gai aukeratu dituzte: Ekainberri kobazulo-erreplika izango da gai nagusia, eta beste bostak Sauré-ren komiki-bilduma ezberdinei lotutako gaiak izango dira (ingurumena, artearen historia, elezaharrak, giza eskubideak eta asmakariak). Gai horietako bakoitzean komiki baten bunbuiloak bete beharko dituzte eta gaiarekin lotutako galdera batzueri erantzun. Lanak apirilaren 30a baino lehen bidali beharko dira
Bestetik, urtero bezala martxan da berriz ere Basauriko Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako 2009 komiki-lehiaketa. Martxoaren 31 bitarte dago lanak bidaltzeko aukera. Lehenengo saria 900€ dira, bigarrena 450€ eta hirugarrena 300€, eta horrez gain, 300 euroko akzesit bana dago euskarazko lanik onenari eta Basauriko lanik onenari. Oinarri zehatzak, epaimahaia eta informazio gehiago euren web gunean aurkituko duzu. Lehiaketa hau beste askotan ere izan dugu hizpide blog honetan.
Azkenik, aurten bigarren aldiz, Alhóndiga Bilbao elkarteak beka bat emango dio komikigile bati Angoulêmeko La maison des auteurs zentroan urtebetez aritzeko, Europako komiki-zentro entzutetsuenean alegia. Irabazleak urtebetez bertan komiki-sorkuntzan jarduteko aukera izango du, baldintza ezin hobeagotan. Zentroko ekipamendu eta baliabide guztiak erabiltzeko eta beste bekadunekin ideiak trukatzeko aukera izateaz gain, urtebeteko alojamendua ordainduko zaio eta hilean 1000 euroko soldata bat ere izango du. Beka lortu nahi dutenek 18 urte beteta izan behar dituzte eta komiki bat sortzeko proiektu bat aurkeztu beharko dute, paperean edo euskarri informatikoan, idatzizko garapen batekin eta irudiekin, apirilaren 14a baino lehenago. Epaimahaiaren burua Paco Roca komikigile ospetsua izango da, berriki Espainiako Komikiaren Sari Nazionala irabazi duena. Bekaren oinarri zehatzak web gunean dauzkazu irakurgai.
Animatu zaitezte, eta zorte on!