Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

"Xabiroi" aldizkariaren 5. alea eta ale berezia, kalean

e-gor 2007/01/02 23:45
Ale bereziak idazle/marrazkigile bikote berrien lan oso interesgarriak dakartza
"Xabiroi" aldizkariaren 5. alea eta ale berezia, kalean

Irudia: Arthur Suydam

Urteroko hiru aleen zitari jarraiki, kalean da jada Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki-aldizkariaren 5. alea. Horrez gain, ale berezi bat ere atera dute; honetan ez dira ale arruntetako istorio jarraiak agertzen, ezohiko egileek egindako istorio labur guztiz interesgarriak baizik.

Oharra: 5. aleak urriko data du eta ale bereziak azarokoa, baina orain arte ezer idatzi ez izanak badu bere arrazoia: batetik, Dani Fano aldizkariaren koordinatzaileak esan didanez, banaketa arazoak dituzte eta aldizkaria liburudenda eta kioskoetara dezenteko atzerapenarekin iristen da; bestetik, niri etxera bidaltzen didate aldizkaria, eta esku artean izan arte itxaroten dut blogean zeozer idazteko, baina horretan ere arazoren bat dute Ikastolen Elkartekoek, are beranduago iristen baitzait. 5. alea azaro amaieran iritsi zitzaidan, baina bi aleen inguruko berria argitaratzeko itxoitea erabaki nuen, azaroko ale berezia luzaro gabe etxean beharko nukeela pentsatuz. Abenduaren hirugarren astean ikusi nituen denda baten biak (ez dakit zehazki noiztik egongo ziren bertan), baina nire aldetiko alferkeriagatik ez nuen ezer idatzi. Azkenean, aurreko astean iritsi zitzaidan ale berezia etxera, eta hona post-a.

Aldizkariaren 5. alean ohiko egile eta istorioek jarraitzen dute: Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren Saiak, Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren Piztia otzanak eta Dani Fanoren TeleAtoi. Umorezko orrietan, beti bezala, Manu Ortegaren Haizea, Guaikaipuro eta Patxi Peláezen Auzomorro, Asisko Urmenetaren Horkonpost eta Olier eta Markoren Haratago aurkituko ditugu. Gainera, ohiko albisteen txokoa (bide batez, hurrengo aletik aurrera nik egingo dudana), elkarrizketa (ale honetan Joseba Iriondo) eta artista gonbidatua (Rober Garayri egokitu zaio oraingoan).

Ale berezian, esan bezala, aldizkariaren kolaboratzaile diren hainbat marrazkigileri ez ohiko idazle eta irudigile ezagunak gehitu zaizkie, hainbat istorio laburrekin luxuzko alea osatuz. Bertan topatuko dituzu Harkaitz Cano eta Dani Fanoren hitzaurrea, Asisko eta Markoren Analisia, Patxi Zubizarreta eta Iñaki G. Holgadoren Bizitza Birziklatuak, Arantxa Iturbe irrati esatari eta idazlearen eta Manu Ortegaren Nork maite du Noraren amona?, Iban Zaldua azken Euskadi Literatura Sariaren irabazle eta blog honen kolaboratzailea eta Julen Ribas Numenak ederraren irudigilearen Superheroia, Arthur Suydam-en Igela eta idia eta Dani Fanoren umore-orria.

Goza ditzazuela biak ala biak!

Igande goiza Getxoko Komiki Azokan

Iñaki Otamendi 2006/12/07 23:06

Igande goizean izan nuen Getxoko Komiki Azoka bisitatzeko aukera. "Azoka" izenak nobedadeak ezagutzeko aukera iradokitzen du, baita 2. eskuko komiki zaharrak aurkitzeko aukera. Getxoko Azokan komiki erakusketak daude, autore batzuen sinadura lortu eta marrazki bat egiten dizuten bitartean hitz batzuk trukatzeko posibilitatea duzu, hitzaldiak entzun...

e-gorren oharra: Lehengo egunean Iñaki Otamendi dabilenharria-k, blog honetako kolaboratzailea bera, erantzunetan utzi zuen Getxoko Komiki Azokara egin zuen bisitaren kronika eta azoka horri buruzko bere iritzia. Mezuari oso interesgarri eta mamitsu iritzita, portadako artikulu gisa ere jartzea erabaki dut.

"Komikizaleon" topagune izateko handiegia zela iruditu zitzaidan: ziur nago Bilbo inguruko zale porrokatuenak jada elkar ezagutzen dutela, eta beraientzat azoka topagune egokia izan daitekeela, baina kanpotik joaten garenontzat giroan sartzea ez da hain erraza (gainera tabernarik ez zegoela uste dut...).

Badirudi Bizkaian (edo Bilbo handian...) komikiak baduela sare eta girotxo bat: autoreak, zaleak, fanzineak, elkarteak, dendak, editorialak... eta hauetan dauden pertsonak estatu mailako beste sareekin harremanetan daudela nabari da. Baina sare honetatik kanpo gauden zaleontzat zailagoa da giroa modu horretan bizitzea, eta zaila da "zale pasibo" papera gainditzea.

Inpresio hau nire baldintzen araberakoa da noski, ez neukan azoka ikusteko denbora gehiegi eta: lehendabiziko ordua burua komikietatik altxatu gabe pasa nuen, argitaletxe eta dendetako eskaintza ikusi, komikiak begiratu, ale zaharren kaxetan bilaketa azkarrak egin... eta gainontzeko ordu eta erdia lasaiago eman nuen.

Lehendabiziko bueltaxka hori egin eta informazio guztiaren digestioa egin ondoren, azokaren giroari erreparatu nion. Egunero 7000 pertsona pasa omen dira bertatik... Nik gaztetxo, ume eta familia asko ikusi nituen, gizonezko helduak (50 urtekoak El Guerrero del Antifaz komiki bila, 40 urtekoak Totem eta antzekoen bila, 30 urtekoak Spidermanen aleen bila...), beren buruari freaki deitzen dioten batzuk... Freaki izan gabe komikizale asko ere. Baina eguneroko 7000 horietatik mordoxka bat Azoka Ekologikora, Aisialdi Azokara, Zine Azokara.... edo beste batera berdin berdin joango liratekeela uste dut. Komikiarentzat ona al da aisialdi munduan normalizazio hori lortzea? Nire ustez komiki mundua horrela bi poloetan kokatzen da, zaleen gutxiengoa batetik eta kontsumo gizartea bestetik, eta egoera hau ez da ona nire ustez, "getho"aren abantailarik gabe eta merkatuaren legepean baitago.

Denda eta argitaletxeez aparte, Mangaren inguruko elkarte batzuk zeuden, rol jokuei buruzko beste batzuk, Bizkaialdeko fanzine pare bat eta Ondarruko Luterl taldea: talde hau saltsa askotan dabilela ikusten zen, ez soilik komikian, eta erreferentzia interesgarria iruditu zitzaidan.

Komikien prezioari dagokionez, aipatu dudan bezala komikia kontsumoaren zikloan sartu dela nabari da: bigarren eskukoak 1 eta 2 euro bitarte, baita batzuk 3 eurotan ere, eta orain dela urte batzuk 125-175 pezetetan lor zitezkeen gauza interesgarriak... Asterix, Tintin, Mortadelo eta antzekoak 7tik gora... Helduentzako komikiak 12tik gora gehientsuenak... Hausnarketa gai zabala da azken urteetan egon den prezioen gorakada hau: arrazoien artean nire ustez batetik haur eta gazteetan komikiak irakurtzen genituen belaunaldiak orain dugun kontsumorako gaitasuna, komikia ere kontsumoaren sarean sartu izana, eta bestalde euroaren borobiltzearen eragina. Ondorioen artean batzuk pozgarriak, komikilariak hontaz bizitzeko aukera izanik komiki gehiago irakurri ahal izango ditugulako, argitaratzeko aukera gehiago, aniztasun gehiago omen dago... Baina nire ustez komikiaren "itxura" eta estetika liburuarena da geroz eta gehiago, eta uste dut istorio eta marrazki on batzuk ez dutela beti "produktua" garestitzen duten "itxura" garestirik behar.

Hitzaldietan sartu-irten azkarrak egin nituen. Albert Monteys eta Manel Fontdevillaren hitzaldian egon nintzen: ez naiz El Jueves-en irakurlea, beraz ez nintzen hitzaldian erabat barneratu, baina komikiak nola egiten zituzten jakitea polita izan zen: egunerokotasuna, aktualitatea, gidoiak...

Erakusketak nahiko kaxkarrak: Monteys eta Fontdevillarenak ez zuen kronologiarik edo klasifikaziorik, emakume komikilariena oso basikoa, autorearen informazioa eta kitto (liburu batean argitaratua dagoen lana da, baina liburua ez nuen ikusi salgai...). Marvel-en komikiei buruzkoa aldiz gustatu zitzaidan, garapen bat ikusten zen...

Sinaduren atalean, Sandra V eta Javier de Isusi-renak jaso nahi nituen. Sandraren 2003ko komiki "ilun" bat nuen, pertsonen arteko harremanen inguruan... eta orain Los juncos komiki autobiografikoan haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroko gertaerak jarri ditu... Komikia tristea den arren bizitza ederra zela esan zidan... Baita komikia zirriborroetatik zuzenean eraman dutela argitaletxera. Irakurtzen hasi naiz eta asko gustatzen ari zait, gainera estetika eta diseinu polita dauka eta merkea da (10 euro gaur egun komiki batengatik ez da erraza).

Isusiren kasuan La pipa de Marcos irakurri nuen aspaldi, baina lagun bati oparitu nion eta berriz erosi ondoren sinatzeko eskatu nion. Los viajes de Juan Sin Tierra izenburupeko bigarren alea La isla de Nunca Jamás salgai jarri behar zuten Getxon, baina arazoren bat egon zen eta ez ziren iritsi... Bitxikeri bat aipatzearren, nire aurrean Xabiroiren portadarekin kamuflatutako La isla de Nunca Jamás komikiko ale bat sinatu zion pertsona bati... Beno, komertzioaren misterioak...

La pipa de Marcos Txiapasen gertatzen da noski, eta asko gustatu zitzaidala esan nion: pertsonalitate propioa duen "Vasco" izeneko pertsonai bat eraiki du, jarraikortasuna izango duena, komikiaren gaia interesgarria da, herrien arteko harremanak eta elkartasuna lantzeko modua... Erritmoa ere, oso mantsoa da baino horrek errealismoa ematen dio. Ale berria, La isla de Nunca Jamás, Nikaraguan gertatzen da, Joxe Ripiauk abestutako Ometepe uhartean (badugu beraz komikia eta euskal rocka sailean beste erreferentzia bat...), eta Vasco protagonista Brasiletik ere pasako omen da eta Lurrik Gabekoen borrokaz jardun genuen.

Sandra eta Javik ez zuten ilara handirik, Rakel Alzatek aldiz luzea zeukala iruditu zitzaidan...

Mauroren sinadura ere lortu nahi nuen: ezagutzen duzue Drugos el acumulador pertsonaia? Ezinbestekoa iruditzen zait gauzen "bildumak" egiteko zaletasuna dugunontzat. Blogei buruz hitz egin behar zuen, baina arazo pertsonalak medio ez zen mahaira agertu.

"Mundo Blog: cómic e Internet" zen gaia, eta hitzaldira berandu sartu nintzen (ez nuen denbora asko...) eta bukatu baino lehen atera: interneten gertatzen diren ezaugarri orokorrak (anonimotasuna, orri batetik bestera azkar saltatzeko gaitasuna, internetera etengabe engantxatuak daudenak egiten duten "zarata"...) komikien gaian ere errepikatzen omen dira, eta ez zitzaidan gauza berririk esan zutenik iruditu. Interesgarriena "fanzineen desagerpena-blogen sorrera" fenomenoari buruzko hitzak izan ziren, eta etorkizunean fanzineak itzuliko direla uste zuten gehienek. Blogak irakurlearekin duzun harreman "zuzena" eskaintzen dizutela esan zuten, fanzineetako irakurleekin zailagoa omen da... baina seguraski nonbait bilduko balira pertsona berdinak izango liratekeela uste zuten gehienek; oso zaleen arteko harremanak zirela uste zuten, jende berria zaletzeko webgunerik ez zegoela esan zuten...

Euskal Herriko Komikizaleon topagunea omen den honetan euskaraz argitaratutako komikigintzak islada tristea izan zuen Getxon: ez nuen Xabiroi ikusi (aurkeztu zuten azokan eta lehendabiziko alea doan hartu zitekeen sarreran, baina gainontzekoak ez zeuden salgai), Ipurbeltz ez zen ageri, Zaldieroa edo Xabinaitoren alerik ez... Penagarria. Sauré eta Astiberrik euskaraz argitaratu dutena euren stand-etan bakarrik zegoen.

Arrazoiak? Batetik antolatzaileak ez dute euskarazko komikiarekiko inongo harremanik, arrotza zaie mundu hori (webgunean euskal kultur munduko esteken aipamenik ez zegoen hasieran) (e-gorren oharra: orain badaude, baina hori Iñaki Otamendik berak esan dielako da). Bestetik, ez dago euskal komikiaren inongo estrukturarik. Eta betiko arrazoia noski: azoka komertzioa denez eta euskara komertziala ez omen denez...

Gazteleraz egiten den euskal komikiak ere ez zuen isla berezirik: ez dut esaten lauburutxo bat jarri behar denik portadan edo ikurrin baten gainean zabaldu komikiak, baina interesgarria izango litzateke gure herriko autoreek aurten zer argitaratu duten erakustea edo ale zaharrak berreskuratzeko aukera izatea.

Eta hitzaldi, erakusketetan.. berdin, Euskal Herriko erreferentzia bakar bat ez eta danak gazteleraz noski. Antolatzaileen gustuen araberakoak izan zirela uste dut, eta argi dago beraien erreferentzia estatua dela. Bakoitzak bere erreferentziak aukeratzeko eskubidea du noski, baina azoka bakarra dagoenez...

Nire inpresio hauetako batzuk ezberdinak izango lirateke azokan goizez ordu pare bat eta arratsaldez beste pare bat egoteko aukera izango banu: giroan gehiago barneratu ahal izango nukeen, jende gehiagorekin hitz egin... Baita azokara norbaitekin joan izan banintz ere... Gustura egon nintzen dena den, komikiak erosi nituen, ikuspegi gaurkotu bat lortu nuen... Komikiarekin gozatu eta sufritzeko beste aukera bat izan zen.

"Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

e-gor 2006/12/05 00:10
Komiki hutsean egindako maitemintze baten kronika, barrez lehertzekoa
"Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

Irudia: Patxi Gallego

Patxi Gallegoren Pololoak saileko bigarren ale hau aurrekoaren jarraipena dateke istorioan, baina ez horratio estiloan. Lehenak izan zuen arrakastaren ostean, eta bigarren lanen gainean beti izaten diren espektatiba eta erantzukizunak ezagututa, aurreko haren ildo beretik jotzea litzateke errazena. Alabaina, Patxik muzin egin dio bide seguruari, eta beste mota bateko lan bat eginez arriskatu da. Eta berriz ere erronkatik onik atera da, lan borobil bat eginez.

Bigarren lan hau ere komikia dugu, ausarta, irreberentea eta sexualki esplizitua, baina bestela ez du zerikusi handirik aurrekoarekin. Pololoak I - Poxpoliñen lurriña lanean komikia, benetako komikia, hiruzpalau istoriotxo labur ziren, baina obraren muina noizbehinka ilustrazioz eta komiki-bandez lagundutako nobela modukoa zen, trilogiaren pertsonaia nagusien perfilak definitzen zituena. Eta istorio horretan zehar euskal nortasunaren analisi sakona egiten zuen, tonu ironikoan, narrazio mota horrek ahalbidetzen duen erritmo geldoagoaz baliatuz.

Oraingoan, ordea, komiki klasiko huts-hutsa osatu du, hari nagusi bakar eta definitu batekin (nahiz eta noizbehinka flashback-ak ere badiren), eta holakoari dagokionez, beste erritmo eta bizitasun bat du, ederki lortua, komikizale jatorrontzat agian gustukoagoa. Gainera, alde batera uzten ditu lehengo satiraz mozorrotutako filosofatze saioak, eta hura bezain zaila (edo agian zailagoa) den asmo bati heltzen dio, maitemintze baten istorioa kontatzeari alegia, eta aproba hau ere gainditzea lortzen du, ene ustez.

Baditu, ordea, tramaz gain, aurreko lanarekin antzekotasun batzuk: hura bezain barre eragilea eta sexualki esplizitua da. Umoreari dagokionez, esango nuke agian aurrekoa baino barregarriagoa dela, bigarren mailako pertsonaien bidez batez ere (Aldanondo-Kortaja, guardazobilak, Aznar-Oreja...). Lehen lanaren komentarioan aipatutako influentziei (Arale, Ralf König, Superlópez...) orain hentai-a batzen zaie, Mari eta lamiaren irudietan erabili duena.

Bestalde, obrako une askotan (aurreko alean ere bai pixka bat, baina honetan gehiago) istorioari musika jartzen dio Patxik, gehienetan euskal abesti tradizionalak. Ez da komikietan asko erabiltzen den baliabidea, ez baita erraza ongi geratzea, baina nire gusturako behintzat oso ondo lotu ditu abestiak kontatu nahi den amodiozko istorioarekin. Amaierako zatian, Laboaren Sorterriko koblak abestiarekin lagunduta kontatzen duen zatian, kanta ederra buruan entzun dezakezu eta besoko ileak tente jartzen zaizkizu! Filmetako zeluloide-pelikuletan nola, hala itsatsi dio Gallegok benetazko soinu-banda paperaren zelulosari.

Ez dago dudarik azken bizpahiru urteetan euskarazko komikigintzak, beste tokietakoak bezalaxe, loraldia bizi duela, lan oso onak ari baitira argia ikusten eta ez gutxi gainera (asko ere ez, e, nire gusturako bederen): Gartxot, Xabiroi, De rerum natura, Otsobeltz, Numenak... Pololoak saileko bigarren ale bikain, eder eta barregarri hau ere hori konfirmatzera dator.

(Liburu honi buruz beste medioetan agertutakoa Elkarlanean etxearen hemerotekan irakur dezakezu)

Fitxa

Izenburua: Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa

Gidoia eta irudiak: Patxi Gallego

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2006

ISBN: 84-9783-359-7

Getxoko V. Komiki Azoka aste bukaera honetan

e-gor 2006/12/01 09:45
Ekitaldi eta ikusteko gaurtik igandera bitartean
Getxoko V. Komiki Azoka aste bukaera honetan

Irudia: Albert Monteys eta Manel Fontdevila

Abenduaren 1etik 3ra bitartean (gaurtik igandera, beraz) Getxoko V. Komiki Azoka egingo da. Argitaletxe, komiki-denda, fanzine eta abarren 65 standez gain, beste ekitaldi ugari egongo da: erakusketak, nobedade aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, egileen sinatzea, proiekzioak, tailerrak...

Oharra: Artikulu hau asteazkenean egin nuen orduan argitaratzeko asmoz, baina Eibar.org-ek azken bi egunetan izandako arazoengatik ezin izan dut orain arte argitaratu.

Areetako Geltokiko Plazako 2.500 metro koadroko karpan egongo dira erakustokiak. Ordutegia 11:00etatik 14:30etara eta 17:00etatik 21:30etara izango da.

Hauek izango dira egongo diren beste ekitaldiak:

Omenaldiak

Karpako erakusketak

  • Albert Monteys eta Manel Fontdevila, El Jueves aldizkariarentzat egindako lanengatik ezagunak diren bi lagun hauei buruzkoa
  • 20/20: Art Toys, Art Toys fenomenoari buruzkoa
  • ...De ellas, hainbat herrialdetako emakume irudigile batzueri buruzkoa

Erakusketak inguruetan

  • El Balanzín II aldizkariari buruzkoa
  • Tailerreko ikasleena
  • Rober Garay
  • Simónides
  • Roberto González

Aurkezpenak

  • Newuniversal Marvel-en azken lanaren aurkezpen mundiala (Salvador Larroca)
  • Comics made in Spain, kanpoan aritutako Espainiako komikigileen historia (Koldo Azpitarte)
  • Manurro II: Retorno a Elmestrillo, Rober Garay-ren azken komikia

Zine zikloak

  • Animaziozko zinea
  • "Cortos de tebeo" zikloa
  • "Ensalada de cortometrajes" zikloa

Tailerrak

  • Komikia (bi maila)
  • Makilajea eta efektu bereziak
  • Manga

Gonbidatuak

  • Víctor Mora
  • Salvador Larroca
  • Juan Giménez
  • Phil Jimenez
  • Albert Monteys
  • Manel Fontdevila
  • Ken Niimura
  • Adrián López
  • Jesús Saiz
  • David López
  • Javier Pina
  • Sandra Uve
  • Mauro Entrialgo
  • Manuel Bartual
  • David Rubín
  • Paco Roca
  • Man
  • Paul Grist

EGITARAUA

Ostirala, 2006ko abenduaren 1a

GOIZEZ

  • 11:15: Azokaren hasiera + Víctor Morari eta Portugalete Uri Gorena Komiki Lehiaketari omenaldiak
  • 12:30: ANIME maratoia (marrazki bizidunak)

ARRATSALDEZ

  • 17:05: Proiekzioa: Cómo se hizo: "Arthur y los Minimoys"
  • 17:30 - 19:30: Manga elkarteen lehiaketa: Wireless-gunea: partaide anitzeko jokoak. Joko-gunea: bideo-jokoen kontsola. Proiekzioak. Friki-trivial
  • 19:00 - 20:30: SINATZE-TXANDAK: Javier de Isusi, Paco Roca, David Rubín (Astiberriren postuan)
  • 19:30 - 21:30: Karaoke lehiaketa

Larunbata, 2006ko abenduaren 2a

GOIZEZ

  • 11:05: Proiekzioa: ANIMAZIO ZINEA (formatu anitzeko film laburrak: flash, stop-motion…). "Cirugía", "Tadeo Jones", "La leyenda del espantapájaros", "Citoplasmas en medio ácido", "Otro corto con niños"…
  • 11:45: Nobedade-aurkezpena: ASTIBERRI. Parte-hartzaileak: Javier de Isusi, Raquel Alzate, David Rubín, Sandra Uve, Mauro Entrialgo, Paco Roca, Laureano Domínguez
  • 12:00: PAUL GRISTekin topaketa. DOLMEN / CABEZABAJOren nobedade-aurkezpena. SINATZE-TXANDAK: Paul Grist, Phil Jimenez (sinatze-gunea)
  • 12:30 - 14:00: SINATZE-TXANDAK: David Rubín, Mauro Entrialgo, Javier de Isusi (Astiberriren postuan)
  • 12:45: JUAN GIMÉNEZekin topaketa. Moderatzaileak: Ángel de la Calle, Jorge Iván Argiz
  • 13:00: SINATZE-TXANDAK: Salvador Larroca (sinatze-gunea)
  • 13:25: Nobedade-aurkezpena: GLÉNAT. Parte-hartzaileak: Man, Félix Sabaté
  • 13:45: Nobedade-aurkezpena: LA CÚPULA. Parte-hartzailea: José M. Berenguer
  • 14:00: Aurkezpena: XABIROI - "MANURRO II: RETORNO A ELMESTRILLO". Parte-hartzaileak: Rober Garay, Dani Fano, Iñaki G. Holgado
  • 14:15: Aurkezpena: "LOS CARTELES DEL TMEO". Parte-hartzaileak: Santi Orúe / Larri

ARRATSALDEZ

  • 17:00: SINATZE-TXANDAK: Jesús Saiz, David López, Javier Pina (sinatze-gunea)
  • 17:05: Nobedade-aurkezpena: ICED LANDS. Parte-hartzaileak: Natxo Apaolaza, Kaiet Estrada
  • 17:20: Nobedade-aurkezpena: PLANETA. Parte-hartzaileak: David Hernando, Anabel Espada
  • 17:35: Nobedade-aurkezpena: NORMA. Parte-hartzailea: Carles Miralles
  • 17:50: Mahai-ingurua: "Cine, cómic y otras hierbas". Hizlariak: Joaquín Reyes (La Hora Chanante), Koldo Serra, Sandra Uve, Juanma Bajo Ulloa. Moderatzailea: Borja Crespo
  • 18:00: SINATZE-TXANDAK: Juan Gimenez, Phil Jimenez (sinatze-gunea)
  • 18:45: SALVADOR LARROCArekin topaketa + "NEWUNIVERSAL" SAILAREN MUNDU-AURKEZPENA. Moderatzailea: Koldo Azpitarte
  • 19:00: SINATZE-TXANDAK: Manel Fontdevilla, Albert Monteys (sinatze-gunea)
  • 19:00 - 20:30: SINATZE-TXANDAK: Sandra Uve, Mauro Entrialgo, Javier de Isusi (Astiberriren postuan)
  • 19:25: PHIL JIMENEZekin topaketa. Moderatzaileak: Jorge Iván Argiz, Raúl Sastre
  • 20:00: Liburu-aurkezpena: "CÓMICS MADE IN SPAIN". Autorea: Koldo Azpitarte
  • 20:15: Mahai-ingurua: "Dibujando para USA". Parte-hartzaileak: David López, Jesús Saiz eta Javier Pina. Moderatzaileak: Germán Menéndez eta Koldo Azpitarte

Igandea, 2006ko abenduaren 3a

GOIZEZ

  • 11:15: Mangari buruzko hitzaldia: "Entender el cómic oriental" (+ ikusentzunezko materiala). Ken Niimuraren eskutik
  • 12:00: SINATZE-TXANDAK: Manel Fontdevilla, Albert Monteys (sinatze-gunea)
  • 12:30 - 14:00: SINATZE-TXANDAK: Javier de Isusi, Sandra Uve, Raquel Alzate (Astiberriren postuan)
  • 12:45: MANEL FONTDEVILArekin eta ALBERT MONTEYSekin topaketa. Moderatzailea: Manuel Bartual
  • 13:00: SINATZE-TXANDAK: Salvador Larroca, Juan Giménez (sinatze-gunea)
  • 13:30: Mahai-ingurua : "Mundo Blog: cómic e Internet". Parte-hartzaileak: Mauro Entrialgo, Ricardo Mena, Jorge Iván Argiz, Manuel Bartual. Moderatzailea: Borja Crespo

ARRATSALDEZ

  • 17:05: Proiekzioa: "CORTOS DE TEBEO" : "Casa", "Macarra", "Blas", "Domingo", "La abducción de Asunción", "Amigas con miga", " Quevidamastriste.com", "Desde mis ventanas", "Mi clase de 8 EGB-A", "Martians Go Home!", "Una extraña invasión galáctica", "Pajeros", "Estrábicos"…
  • 19:00 - 20:30: SINATZE-TXANDAK: David Rubín, Sandra Uve, Mauro Entrialgo (Astiberriren postuan)
  • 19:45: Proiekzioa: "Ensalada de cortometrajes" : "Coolness", "Corrientes circulares", "Sintonía", "Yeah!, Yeah!, Yeah!", "El futuro está en el porno"…
  • 20:30: MANGA elkarteen lehiaketa: cosplay (mozorroak)

Bi egun "Euskadi Fantastikoa II" erakusketan

e-gor 2006/11/24 23:20
Bisita gidatua Markorekin eta elkarrizketa Euskadi Irratian

Duela bi aste birritan egon nintzen Donostiako Ernest Lluch kultur etxean, Juan Luis Landa eta Marko Armspach euskal komikigileen lanari buruzko Euskadi Fantastikoa II erakusketan. Lehena asteartea 7an, Markorekin izandako bisita gidatuan, eta bigarrena asteazkenean, Euskadi Irratiko Tere Belokirekin Arratsaldekoa irratsaiorako elkarrizketa bat egiten. Elkarrizketa hemen duzue, entzun nahi baduzue.

Markok gidatutako bisitan 15 pertsona inguru izan ginen, tartean euskal komikien munduko jende ezaguna: Marko bera, Iñaki G. Holgado (aurtengo erakusketaren antolatzailea da, eta iazko erakusketa bere lanari eskainia zen), Dani Fano (komikigilea eta Ikastolen Elkarteko Xabiroi komiki-aldizkariaren koordinatzailea) eta Juanma Diaz de Gereñu (Habeko Mik: euskal komiki ahalegina liburuaren egilea, EHUko irakaslea eta hainbat egunkari eta aldizkaritan kolaboratzailea). Horiez gain egon ginen Markoren alaba, Mikel Iturria (Eibar.org blog komunitateko kidea eta Ernest Lluch kultur etxeko zuzendaria), Irungo komiki-eskola bateko lau kide, beste hiruzpalau lagun eta ni.

Oso bisita interesgarria izan zen. Ordu eta laurden inguruan Markok bere lan-prozesua azaldua zigun, batez ere Agence barbare bere azken lanean oinarrituta. Bamboo Éditions argitaletxe frantziarrarentzat azken urteetan egiten aritu den lana da, lau liburukitan banatua dagoena eta Olier gidoigile duena. Erakusketan zeuden irudiez gain, karpeta bat eraman zuen bere laneko hainbat zirriborrorekin, prozesuori hobeto azaltzeko. Esan zigun komiki-liburu bat egiten duenean hiru aldiz marrazten duela dena: lehenengo zirriborroa arkatzez egiten du, gero berriz zirriborro zehatzago bat, hau ere arkatzez, eta bukatzeko tintara pasatu eta ordenagailuan koloreztatu. Azalpen guztiok euskaraz eta umore onean eman zituen.

Gero Iñaki eta Danik Juan Luisen lana azaldu zuten, Juan Luis bera ez baitzen joan. Hauek azpimarratu zuten zein detailezalea den Juan Luis bere marrazkietan, eta zein teknika bitxi erabiltzen dituen detaile txiki horiek marraztu ahal izateko (ezin dizuet zehaztu zeintzuk, ez baitut gogoan eta ez bainaiz horretan aditua). Hau ere oso ongi egon zen.

Tere Beloki

Eta hurrengo egunean berriz itzuli nintzen erakusketara, oraingo honetan Tere Belokirekin Euskadi Irratirako elkarrizketa bat egitera. Tereren asmoa hainbat gairen inguruan berba egitekoa zen: blog honi buruz, komikiei buruz orokorrean, erakusketari buruz... Guztira 25 minutu inguru egon ginen hizketan. Ni oso gustura sentitu nintzen denbora osoan. Enfokea ez zen izan "friki batzuen afizio hori", komikiak kultur adierazpide garrantzitsu baina infrabaloratu gisa erakustea baizik. Aurrez ez nekien galderak zeintzuk izango ziren eta horregatik, a posteriori ikusita, ez nintzen erantzun batzuekin guztiz gustura gelditu, baina tira, pentsatzen dut sentsazio hori beti geldituko dela... Elkarrizketa aurreko asteko astelehenean bota zuten, baina nik ezin izan nuen orduan entzun, justu ordu erdi horretan Guardia Zibilaren kontrol batean nengoen, errepide ertzean basora begira, badakizue... Oraintsu iritsi zait Terek bidalitako CDa, eta emaitza ez zait txarra iruditu. Hemen duzue entzungai, eta hemen jaisteko, ea zer iruditzen zaizuen zuei...

"Numenak - Aita", euskal mitologia, historia eta gaur egungo errealitatea maisuki nahasten dituen komiki ederra

e-gor 2006/11/06 21:55
Sauré argitaletxeak atera zuen iaz, Unai Busturiaren gidoia eta Julen Ribasen irudiekin
"Numenak - Aita", euskal mitologia, historia eta gaur egungo errealitatea maisuki nahasten dituen komiki ederra

Irudia: Julen Ribas / Unai Busturia

Iazko Durangoko azokan, Sauré argitaletxearen stand-a begiratzen nenbilen, hainbat komiki erosteko asmotan. Bazegoen berri bat ezagutzen ez nuena, nire atentzioa deitzeko ez izenburu arraroak ez azalak laguntzen zutena. Baina han ondoan suertatu zen Arrasateko lagun batek stand-ekoari zerbait gomenda ziezaion eskatu zion, eta azken honek aipatu zion Unai Busturia eta Julen Ribasen Numenak - Aita. Stand-eko beste komiki guztiak batera baino askoz gehiago saltzen ari omen zen eta Arrasaten kokatua omen zegoen. Nahikoa izan zen hori (batez ere bigarrena!) nik erosteko, eta komiki zoragarri hau deskubritzeko.

Numenak - Aita komikian kontatzen den istorioan, euskal tradizoa eta mitologiarekin batera gaur egungo kontuak ere nahasten dira. Alaitz eta Iratxe Arrasateko bi neska dira, euskal mitoei garrantzirik ematen ez dietenak, eta horiekiko errespetu faltagatik euren burua numen edo pertsonaia mitologikoekin abentura baten nahastuta aurkitzen dutenak. Paraleloan pertsonaia mitologiko horietako batzuren iragana kontatzen da, euskal jauntxoen eta gaztelarren arteko guduen garaikoak, Mari jainkosa Diego jaunarekin ezkonduta gizakien artean bizi zenekoa.

Istorioa erakargarria da oso, asko interesatzen zaizkidan gaien ingurukoa, eta oso ondo kontatua dago. Bide batez, euskal historia eta mitologia nahaste horrek niri ikaragarri gustatzen zaidan beste komiki bat gogorarazten dit, Juan Luis Landaren El ciclo de Irati hain zuzen ere. Hartan Eneko Aritzaren eta azken lamiaren arteko maitasun istorioa kontatzen da eta... tira, ez dut jarraituko, aspalditik daukat horren komentarioa egiteko, ea noiz egiten dudan!

Irudiak ere arras politak dira. Julen Ribas-ek arkatzarekin egindako irudiei, entintatu gabe, Unai Busturiak kolorea ematen die ordenagailuz. Lortutako efektua, arkatzaren zirriborroaren itxura "zikina" eta ordenagailuzko kolorearen modernotasuna, oso aproposa da tradizioa eta gaur egungoa nahasten dituen istorio batentzat, ene iduriko. Komikiaren sortze-prozesuaren fase ezberdin horiek (arkatza, kolorea...) eta azken emaitza erakusten duten bozeto batzuk daude amaierako eranskin baten, oso interesgarriak.

Irudietan, gainera, Arrasateko toki ezagun ugari agertzen dira (jada desagertu diren batzuk barne), beraz zer gehiago eska lezake ni moduko arrasatear herrimindu batek ba?

Bi egileak gazteak direla eta teknologia berriak ezagutzen dituztela nabaria da, ez bakarrik ordenagailu bidezko koloreztatzean (hori gaur egun ia komikigile guztiek erabiltzen dute): Numenak bloga ireki zuten komiki-liburua argitaratu zenean, nahiz eta geroztik apenas jarraipena eman dioten.

Badirudi, gainera, komiki-liburu hau oso arrakastatsua izaten ari dela. Durangoko azokako postukoak esan zigunaz gain, Diario Vasco-ko artikulu honetan aipatzen dute Durangoko azokan Sauré-ren standean salduena izan zela (guri esan bezala), kritika onak jasotzen ari zela eta Angoulêmeko azokan aurkeztekoak zirela, itxaropentsu. Agian lortuko ote zuten nazioartean argitaratzeko kontraturen bat? Aldaketa16-ko beste artikulu honetan ere oso ondo jartzen dute ("ikusgarria bezain zirraragarria"), eta baita katalanezko beste honetan ere.

Numenak aita
Irudia: Julen Ribas / Unai Busturia

Komiki-liburu zinez bikaina, beraz. Baina dena ezingo da ona izan, ezta? Zerbait txarra izatekotan, nik bi gauzatxo aipatuko nituzke, sarreran esan ditudanak: bata izenburua (ez du barruko istorioa iradokitzen, hau da, ez du mitologiarekin zerikusirik duela sujeritzen, edo niri ez behintzat, ez bainuen numen hitza ezagutzen) eta bestea azala (nahiko iluna izateaz gain, honek ere ez du, nire ustez, mitologiarekiko loturarik iradokitzen). Tira, eta horrez gain, hiruzpalau biñetetako bunbuiloek testuak elkartrukatuta dituztela (ondoko irudian duzue adibide bat), baina horretaz gaur egun oso komiki gutxi libratzen dela uste dut...

Komiki hau trilogia bateko lehen atala da, eta hurrengoa ez da 2007a baino lehen espero. Ez dakit itxoin ahal izango dudan!

Poliki-poliki euskarazko helduentzako komikigintza ari da gorpuzten eta duintasunez gainera (Pololoak, Xabiroi, De rerum natura, Otsobeltz, Numenak hauxe...), baina oraingoz ale bakan batzuk besterik ez dira ateratzen urtean... Suposatzen dut oraingoz oso komikigile gutxi dedikatzen direla honetara profesionalki eta esklusiboki. Ea egoera hobetzen joaten den!

Fitxa

Izenburua: Numenak - Aita

Gidoia: Unai Busturia

Irudiak: Julen Ribas

Kolorea: Unai Busturia

Argitaletxea: Sauré

Urtea: 2005

ISBN: 84-95225-58-1

Paul Auster eta Euskararen Herria

Patxi Lurra 2006/10/29 09:15
Patxi Lurra kolaboratzailearen artikulua
Paul Auster eta Euskararen Herria

Irudia: David Mazzucchelli

Paul Auster (1947) elebarrigile, olerkari, antzerkigile eta zinemagile newyorktarra ezaguna egin zan 1987an, 40 urtegaz, The New York Trilogy osatzen daben hiru liburuak argitaratu ondoren. 2004an, hiru lan horietako bat komiki bihurtu eben Paul Karasik idazleak eta David Mazzucchelli komikigileak, City of Glass, the Graphic Novel izenagaz. 2005eko jatorrizko argitaraldian, ganera, Art Spiegelman komikigilearena (Maus bikainaren egilea) da sarrerako berbaurrea.

Aurton, Paul Auster birritan hurbildu dabe geurera, Euskararen Herrira, eta lelengoa ustekabe ederra baldin bazan (Brooklyngo erokeriak, zeinen bidez Auster deskubridu neban), azkena are ezustekoagoa izan da: Kristalezko Hiria komikia.

New York-eko idazleak 2005ean argitaratu zuen Brooklyn follies liburua, jatorrizko bertsinoan. Eta 2006an, lana "estatuespainarreratzean" egileak berak hartu ei eban erabaki ederra: gazteleraz ez ezik, katalunieraz, galizieraz eta euskaraz ere argitaratuko eban, aldi berean ganera. Praktikan, lehenik galegoz (Brooklyn Follies, Galaxia argitaletxea) kaleratu eben kurioski otsailaren 27an, eta egun bat geroago espainieraz (Brooklyn Follies, Anagrama) eta katalanez (Bogeries de Brooklyn, El Balancí).

Brooklyngo erokeriak, Oskar Arana aramaioarrak itzulita, Alberdaniak atara eban argitara martxoan. Neuk pare bat hilabete geroago irakurri neban, eta harrapatzen zaituen elebarri luze eta mamitsu horietakoa dalako sentsazinoagaz gelditu nintzan, alkarregaz gurutzatzen diran dozena erdi bat petsonaiaren istorioak kontatzen dituela. Paul Auster hor ezagutu neban neuk eta lelengo ustekabea hartu neban.

Bigarrena, lehen esan legez, orain dala gitxi hartu dot, Txalaparta argitaletxearen katalogoan kuxkuxeatzen: orain dala 20 urte idatzitako New Yorkeko Trilogia hartako City of Glass liburuaren komikiaren bertsino euskaratuta. "Kristalezko Hiria" izena deuko, Harkaitz Canok itzulitakoa. (Oharra: ez dot lortu libururako zuzeneko esteka, Txalaparta-ren webgunean "Auster" bilatuta agertzen da).

Azkenik, komentau barik ezin utzi Aitor Alonso vitoriarra eta haren bloga. Morroi honek deuko mundu mailan blogik osatuenetarikoa (osatuena ez esatearren) Austerreri buruz, gazteleraz izan be. Bloga benetan ikusgarria da, eta idazleari buruz ez ezik Sophie Auster haren alaba musikaria eta aktoreaz eta beste hainbat konturen ganean ibiltzen da blogari gasteiztarra. "Baina" bat deuko mutilak, eta horrexegaitik "vitoriarra" abizena paratu deutsat goian. Brooklyn follies-en itzulpenen albistea komentatzean, Aitorreri ahaztu izan jakon bere urian erresistente batzuk erabiltzen tematzen diran hizkuntzaz, eta beste arabar batek egindako itzulpenaz berba erdirik be ez dau idazten. Blogean sartu eta komentauko deutsat.

Hurrengorarte!

Ruben Arozenaren lanari buruzko erakusketa antolatu dute EHUko bere lankideek

e-gor 2006/10/26 22:45
Iaz hil zen komikigile gaztea
Ruben Arozenaren lanari buruzko erakusketa antolatu dute EHUko bere lankideek

Irudia: Ruben Arozena

Iazko urte amaieran eman genuen hemen Ruben Arozena komikigilearen heriotzaren berri tristea. 1966an jaioa, Arte Ederretako doktorea zen eta EHUko Arte Ederretako Fakultatean irakasle. Pintura landu zuen nagusiki, baina komikiak ere egin zituen. Ipurbeltz, Habe, Habeko Mik, Aizu, Hemen, El víbora eta Bronx aldizkarietan argitaratu zituen.

Orain jakin dut Berriaren bitartez bere lankideek bere lanari buruzko erakusketa antolatu dutela. Leioako campuseko erakustaretoan dago, liburutegi nagusian, azaroaren 24a arte.

Donostiako III. Komiki Jardunaldiak

e-gor 2006/10/24 23:15
Urriaren 28tik abenduaren 9ra izango dira, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVII. Asteak antolatuta
Donostiako III. Komiki Jardunaldiak

Irudia: I. G. Holgado

Aurten ere, urriaren 28tik azaroaren 4ra Donostian izango den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVII. Astearen barruan Donostiako III. Komiki Jardunaldiak antolatu dituzte, urriaren 28tik abenduaren 9ra izango direnak. Aurten hiru erakusketez osatua egongo da: "Wrightson: Beldurraren maisua", "Paco Alcázar: Nik egin nuen!" eta "Euskadi fantastikoa II: Juan Luis Landa eta Marko Armspach".

"Wrightson: Beldurraren maisua" izeneko erakusketa Alderdi Ederreko Udal Liburutegi Nagusian izango da, eta Bernie Wrigthson-i buruzkoa da, beldurrezko komikitan espezialitatuko marrazkilaria eta The swamp thing-en sortzailea.

"Paco Alcázar: Nik egin nuen!" izenekoa Okendo Kultur Etxean eta Vito 021 Galerian izango da, eta Paco Alcázar-en lanari buruzkoa da.

Azkenik, "Euskadi fantastikoa II: Juan Luis Landa eta Marko Armspach" izeneko erakusketa Ernest Lluch Kultur Etxean izango da (zeinaren zuzendari Mikel Iturria Eibar.org blog komunitateko kidea den; bide batez, mila esker berriz ere informazio eta laguntzagatik Iturri! ;-), euskal egile internazionalenetako biri buruz. Juan Luis Landa nire egile gogokoenetako bat da, per secula seculorum hemen komentatzeko daukadan El ciclo de Irati ederraren egilea eta Xabiroi aldizkariko kolaboratzailea, nahiz eta ziurrenik ezagunagoa izan Toti Martinez de Lezearen mitologiari buruzko liburuak ilustratzeagatik. Marko Armspach ere Xabiroiko partaidea da eta Gartxot komikiaren egileetako bat.

Iaz ere hitz egin genizuen hemen jardunaldioi buruz.

Hona hemen erakusketen egutegi, helbide eta ordutegiak:

Wrightson: Beldurraren maisua

Udal Liburutegi Nagusia

  • Urriaren 28tik azaroaren 25era: astelehenetik ostiralera 10:00 - 20:30, larunbatetan 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
  • Urriaren 29a: 10:00 - 20:30

Paco Alcázar: Nik egin nuen!

Okendo Kultur Etxea

  • Urriaren 28tik azaroaren 4ra: 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
  • Azaroaren 6tik abenduaren 9ra: astelehenetik ostiralera 16:00 - 20:30, larunbatetan 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00

Vito 021 Galeria

  • Urriaren 28tik abenduaren 9ra: astelehenetik ostegunera 10:00 - 14:00 eta 15:30 - 18:30, ostiraletan 10:00 - 15:00

Euskadi fantastikoa II: Juan Luis Landa eta Marko Armspach

Ernest Lluch Kultur Etxea

  • Urriaren 28tik azaroaren 4ra: 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
  • Azaroaren 6tik 25era: astelehenetik ostiralera 16:00 - 20:30, larunbatak 16:30-20:30

"Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa" kalean da

e-gor 2006/10/10 23:15
Patxi Gallegoren komiki-trilogiaren bigarren atala da
"Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa" kalean da

Irudia: Patxi Gallego

Gaur goizean kalean errekadutan ari zela, Alaitz neskalagunak ustekabean liburudenda bateko eskaparatean ikusi du Patxi Gallegoren Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa komiki-liburua, Pololoak I - Poxpoliñen lurriñarekin hasitako trilogiaren bigarren zatia. Ez genekien aterata zegoenik ere! Ikustea eta erostea, dena bat izan da, noski.

Abenduko partidatik Patxirekin egon gabe nintzen, eta nituen azken berriak ziren udaberrian ateratzekoa zela bigarren zatia. Denbora aurrera zihoan eta ezer ez... Eta horrela, bat-batean, denda baten aurkitu dugu!

Xabinaitor-en abenturen lehen zatia agertu zenean, kanpaina mediatiko nahiko handia egin zen, eta horregatik poztu egin ginen blog honetan, euskarazko helduentzako komikiei medioetan presentzia eta garrantzia ematea beti ona delakoan (bestela gero, normala denez, komikia saltzen ez dela diote eta beste urte askoan ez dute ezer ateratzen). Baina oraingoan nik behintzat ez dut ezer entzun, pena litzateke ba... Tira, oraindik egiteko izango dute promozio kanpaina? Agian kasu egin digute, ze orduan kexatu ere egin ginen aurkezpena egin eta gero inon lortzerik ez zegoelako...

Lehen atala primerakoa iruditu zitzaidan, eta beste hau ere ziur hala izango dela, irakurtzeko irrikitan nago! Hala ere, lehen zatia berrirakurtzeko aprobetxatuko dut, eta bigarrenak horren ondoren izan beharko du. Amaitutakoan, irakurriko duzue hemen kritika.

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10