e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Komikigintzari buruzko Wikilantegia Intxaurrondo Kultur Etxean asteartean, hilak 26, 18:30ean
Martxoaren 26an, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean, 18:30etatik aurrera komikigintzari buruzko Wikilantegi irekia antolatu dugu. Aitzol Astigarraga wikilariak, Iñaki Otamendi Komikipediako sortzaileak eta nik neuk koordinatutako saio honen helburua euskarazko Wikipedia komikigintzari dagokionez osatzeko lanak martxan jartzea da. Euskarazko Wikipediako komikigintzaren hutsune nabarmenenak identifikatuko ditugu eta behar duenak Wikipedia editatzen ikasteko aukera ere izango du.
Euskarazko Wikipedian komikiari buruzko informazioa handitzen eta hobetzen lagundu nahi duzu? Ez duzu komikigintzan aditua izan beharrik, parte hartzen duten komikizale guztien ekarpenenekin Wikipedia hobetzen joatea da asmoa. Eta Wikipedia editatzeko ohitura ez dutenei laguntza eskainiko zaie. Hasiberrien, noizean behin eta maiz aritzen direnen artean, Wikipediako atal hauek identifikatu eta landu nahi ditugu:
- Komikiarekin lotutako euskal egile, obra, aldizkari... historikoei buruzko artikuluak.
- Gaur egungo komikilari, komiki, argitaletxe... eta gainontzeko gaiei buruzko artikuluak.
- Mundu mailako komikigintzan erreferentzia diren egile eta obrei buruzko artikuluak.
Saioa doakoa eta irekia izango da, baina komeni da izena ematea, toki-aurreikuspenak egiteko. Intxaurrondo liburutegian edota 943 48 34 02 telefonora deituta egin dezakezu.
Gogoratu:
Komikiei buruzko Wikilantegia
Martxoak 26, asteartea, 18:30etan
Intxaurrondoko Kultur Etxean
Saioaren orria: https://www.donostiakultura.eus/index.php?option=com_flexicontent&view=items&cid=33&id=80825&Itemid=314&lang=eu
Wikiproiektua: https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:Komikiak
Animatu!
2018ko komikigileentzako diru-laguntzak
Eusko Jaurlaritzak 2017an jarri zuen martxan komiki-marrazkigileentzako diru-laguntza programa, eta 2018an ere errepikatu du. Programa horretan lau marrazkigileren proiektuak 15.000na eurorekin laguntzen dituzte. Lanak 2019an amaitu eta argitaratzekoak dira, beraz luze gabe horien argitalpenaren berri zehatzagoa emango dizuegu ziur, baina momentuz irabazi duten marrazkigile eta proiektuak zeintzuk izan diren aipatuko dizuegu.
- Adur Larrea, Harkaitz Canoren gidoiarekin egingo duen Antzar eguna komikiarentzat. Santi Brouarden azken uneak kontatzen dituen istorio poliziakoa. Txalapartak aterako du euskaraz, eta katalanez eta galegoz ateratzea ere aurreikusita dago.
- Aritz Trueba, Buyan – Sadkoren itzala komikiarentzat. Etxeberria anaien gidoia du XIII. mendeko errusiar printzerri baten bizi den gazte batek bere maitea berpizteko egiten duen bidaia kontatzen duen istorio honek. AEBetan aterako da azaro honetan.
- Susanna Martin, Miguel Angel Giner Bouren gidoia duen Ofensiva final komikia egiteko. Dolmen argitaletxeak aterako du gaztelaniaz eta euskaraz, Iratxe izeneko zuzendari batek Erdialdeko Amerikako emakumeen inguruko dokumentala egiten bizitzen dituen abenturak dakarzkigun istorio hau.
- Victor Santos, Akira Kurosawaren biografia pertsonal samar bat egiteko. Normak aterako du gaztelaniaz, eta baliteke euskaraz ere argitaratzea.
Desiatzen gaude ekimen interesgarri eta beharrezko emaitza hauek ikusteko!
Tupust!, komiki antologia feminista bat
Tradizionalki, komikiaren mundua (eta baita euskal komikiarena ere) nagusiki gizonezkoen esparrua izan da egile, gai zein irakurleen aldetik. Zorionez, egoera hori aldatzen ari da apurka-apurka. Tupust! kolektiboa ere hori aldatzeko sortu da. Talde eta egitasmo horrek atera du, Txalaparta argitaletxearekin eta martxoko emakumeen aldeko aldarrikapenekin kointzidituz, komiki feministaren antologia liburu hau, taldearen izen bera duena: Tupust!
Kolektiboaren helburuak "komikia eta feminismoa uztartzea; egileen arteko sare bat osatzea; sare hori lan eta proiektu berriak abiarazteko baliatu ahal izatea, izan ditzakegun zalantzak gainontzeko taldekideekin partekatzeko eta, azken finean, elkarri laguntzeko balio dezakeen komunitate bat sortzea; eta gure intereseko hitzaldi, erakusketa, egitasmo eta abarrak antolatzea eta sustatzea". Eta helburu horien lehenengotariko emaitza da Tupust! bilduma.
Amets Gurbiola Negugogorrek koordinatu du euskaraz dagoen Tupust! liburu hau, 20 egile profesional zein hasiberrien artean egindako 14 komikik osatzen dutena. Zehazki, hauek dira egileak: Irati Eguren, Paula Estévez, Arrate Rodriguez, Maite Caballero, Danele Sarriugarte & Josevisky Larratxe, Maite Gurrutxaga & Irati Jimenez, Irati F.G. & Regina Salcedo, Nerea Unanua & Amaia Lekunberri, Txakur Gorria, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia, Ainara Azpiazu Axpi, Eider Eibar & Miren Amuriza eta Leire Urbeltz & Hedoi Etxarte. Gaia “Ni”a du liburu honek, komiki guztiek hitz egiten baitute, era batean ala bestean, "ni"ari buruz.
Gehiago egiten ere jarraitzeko asmoa du kolektiboak. Ongi etorriak!
Dani Fanoren lanari eskainitako erakusketa Donostian
Berriz ere Komikeri-ri esker izan dut honen berri, berandu bada ere... Abendu hasieran ireki zen eta martxoaren amaiera arte egongo da Dani Fanori eskainitako erakusketa, 20 bat lanekin, Aiete Kultur Etxean, Ilustratzailearen Txokoa programaren barruan. Ikustera joango gara, bai horixe!
Xabiroik 50 bete ditu!
Xabiroik 50 bete ditu! Urteak ez, baizik eta zenbakiak, baina ospatzeko moduko mugarria bai horixe! Abenduari dagokion 50. zenbaki honetan ondoko edukia aurkituko dugu:
- Patxi Pelaezen azala
- Neure albisteen txokoa
- Aritzen Xabiroienea tira bertikala
- Sanviren Auzomorroren bi orriak
- Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadoren Amets alokatuaken beste 8 orri
- Asiskoren Hor konpost, Manu Ortegaren Haizea eta Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak bandak
- Axpiren Etxea 3 orriko istorioa
- Dani Fano The Boss-i Iñigo Astizek egindako elkarrizketa, bere Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak komiki ederra dela eta
- Zaldieroaren Arranotxuren bi orri
- Asiskoren gidoia eta Joseba Larratxeren irudiak dituen Basolatik berri onik ez seriearen beste 8 orri
- Olariagaren Merke merke! bi orriko istorioa
Eta urrian ateratako 49. zenbakiaren berri hemen eman gabe neukanez, bada, bide batez, honatx horren edukiak ere:
- Eider Eibarren azala
- Zenbaki guztietan (edo ia guztietan) bezala, goian aipatutako albisteen txokoa, Xabiroienea, Haizea, Pertza ustelaren gogoeta antzuak eta Arranotxu
- Abangoardiako bidaia iraganera 6 orriko istorioa, Iñigo Astizen gidoia eta Mikel Anteroren irudiekin
- Unai Iturriagaren gidoi eta Sanviren irudidun Benita eta euria 7 orriko istorioa
- Goian aipaturiko bi egileei Iñigo Astizek egindako elkarrizketa, Haur besoetakoa 2-ren harira
- Kolosala izango da, Eider Rodriguezek idatzi eta Xabier Sagastak marraztutako 6 orriko istorioa
- Mamen Moreuren Lehen eguna 2 orriko istorioa
Irudia: Eider Eibar
Zorionak, Xabiroi! Eta 50 urte ere bete ditzazula!
Tintinen urteurrenaz, Euskadi Irratiko Faktoria Magazinean
Urtarrilaren 10ean bete ziren 90 urte Tintinen lehenengo abentura Le petit vingtième aldizkarian argitaratzen hasi zenetik, eta horretaz aritzeko gonbidatu gintuzten astelehenean Adur Larrea komikigilea eta biok Euskadi Irratiko Faktoria Magazinera, eta horretaz egin genuen solas ordu erdi inguruz Manu Etxezorturekin. Aldiro bueltatzen diren Hergé eta Tintinen gaineko arrazismo eta bestelako akusazioak, Tintinen arrakastaren arrazoien gaineko teoriak, Asterixekiko eta Popeyerekiko konparaketak (urrian beteko baitira 60 urte Asterix lehenbizikoz Pilote aldizkarian atera zenetik eta 90 Popeyeren lehenengo agerpenaz) eta beste hainbat kontu izan genituen solasgai.
Gustu baduzue, Nahieran-en entzun daiteke (saioaren 1:21:00 eta 1:50:17 minutuen artean entzungo gaituzu).
Komikien itzulpenari buruzko artikulua Senez aldizkarian
EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak argitaratzen duen Senez aldizkariaren 49. zenbakian, 2018ari dagokionean alegia, komikiaren itzulpenari buruzko artikulua atera da.
Artikulua Maialen Garagarza itzultzaileak sinatzen du, eta bertan Bego Montoriok (hainbat komiki euskarara ekarritakoa da bera) emandako Marrazkiak itzuli edo testua marraztu? Komikiak euskaratzeko arrasto batzuk tailerraren kronika egiten du. Komikiaren definizioaren inguruan sarrera bat emateaz gain, oso modu atseginean azaltzen ditu komikien itzulpenak dituen berezitasun eta zailtasunak, adibide praktikoekin. Bunbuiloetako espaziora moldatu beharra, bunbuiloetako ahozko hizkuntza, paratestuak, onomatopeiak, irudien bidez adierazten denera egokitu beharra... Garagarzak ongi dioenez, "komiki-itzultzaile izan baino lehen komiki-irakurle izan behar da", baiki.
Intxaurrondo Kultur Etxeko komiki-solasaldien 2019ko programazioa
Intxaurrondo Kultur Etxeak prest dauka 2019ko programazioa. Neuk gidatzen ditudan euskarazko saioak hauek izango dira:
- Urtarrilaren 8an, Unai Iturriaga eta Alex Sanviren Haur besoetakoa komikiaren inguruan, Unai Iturriaga gidoilaria bertan dela.
- Martxoaren 12an, Habiak komikia izango dugu mintzagai, eta Maite Gurrutxaga egilea gurekin izango dugu.
- Maiatzaren 14an Corto Maltese pertsonaia ezaguna eta bere komikiak izango dira gaia.
Adi, beraz, lehenengoa etzi bertan baita!
Juanma Diaz de Gereñuk gidatzen dituen gaztelaniazko saioei dagokienez, ondoko komikien ingurukoak izango dira:
- Otsailaren 12an, Miguel Franciscoren Espacios en blanco
- Apirilaren 9an, Ed Brubaker eta Sean Phillips-en The fade out
- Ekainaren 11n, Emil Ferris-en Lo que más me gustan son los monstruos (Antonio Altarribaren presentziarekin)
Saioak guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira, Intxaurrondo Kultur Etxean. Bertan ikusiko dugu elkar, ezta? ;-)
"Everest, 1980ko euskal espedizioa - Herri oso bat gailurrean" atera du Sua argitaletxeak
Pentsa zer izan zen bederatzi urteko haur euskaldun mendizale batentzat Martin Zabaletak euskaldunontzat lehenbizikoz munduaren gailurra jo zuen une hura... Nire barruan betirako gordeta dago egun magiko hura eta orduko sentipenak, baina lauso samar, zehaztasun gehiegirik gabe. Martin Zabaletaren izena, Pasang Tembaren argazki hura ikurrinarekin, beranduago Arrasateko Ideal zinema lepo beteta Agur Everest filma ikusteko, eta gauza gutxi gehiago.
Sua argitaletxeak atera duen Everest, 1980ko euskal espedizioa - Herri oso bat gailurrean komiki honek hutsuneak betetzen laguntzen du. 1967ko Andeetako balentria, 1974ko huts egindako espedizioa, espedizio hartan egin ziren saiakerak, igoeran eta jaitsieran jasandako arriskuak eta une latzak... kontatzen ditu Ramon Olasagastik César Llagunoren irudien bidez. Zinez, izenburuak dioen bezala, Euskal Herri guztia sentitu ginen Everesten gailurrean egun hartan, eta garai mitiko hura komikian ere kontatu beharra zegoen.
Nik ezagutzen ez nuen komikiekin lotutako anekdota bitxi bat: Jon Zabaleta komikigilea Martinen anaia da, eta Martinek gailurra egin zuenean Everesteko kanpaleku nagusian zen Jon, bi egun lehenago iritsita; espedizioaren irudi bat egin zuen Pyrenaica aldizkarirako.
Aristotelesen bizitza, haurrentzat komikian kontatuta
IkasElkar argitaletxeak historiako zientzialari eta pentsalari garrantzitsuenen biografiak haurrei azaltzeko komikiak argitaratzen darrai. Lehenago Darwin, Marie Curie, Galileo eta Newtonenak bezala, antzinako Greziako Aristoteles filosofoaren bizitza eta pentsamendua kontatzen zaigu oraingoan Jordi Bayarriren Aristoteles, jakiteko irrika komiki honetan.