Belardoren jauzi bikoitza
Iñaki Martiarena Mattin marrazkigileak Euskaldunon Egunkariako Xingola gehigarrirako asmatu zuen Belardo pertsonaia duela ia 20 urte, eta haren itxieraz geroztik Berriako Mantangorri gehigarrian argitaratu dira bere umorezko zintak.
Orain zinta formatutik liburu formatura egin du jauzi Belardok, Belardo - Ba al zatoz? komikiarekin. 60 orri dituen komiki hau ez da bere zinten bilduma edo hautaketa bat, istorio luze berri bat baizik, non Belardok baserri ingurunea utzi eta hirira doan. Bertan bizitako gorabeherak kontatzen zaizkigu komikian, Belardoren ohiko hitz jokoekin eta pertsonaia berriekin. Beti bezala, haurrek, familiek eta publiko orok disfrutatzekoa da Belardoren istorio hau ere. Aupa Belardo!