e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Intxaurrondo Kultur Etxeko euskarazko komiki solasaldien denboraldi berria abian da
Azken hiru urteotan bezala, blogari xume honek koordinatu eta gidatuko ditu Intxaurrondo Kultur Etxeak antolatzen dituen euskarazko komiki solasaldien kurtso berriko saioak. Guztiak euskal komikiei buruzkoak izango dira eta egileak bertan izango dira. Hona saioak eta egunak:
- Abenduaren 17an: Mikel Begoña eta Adur Larrearen Arditutakoak.
- Urtarrilaren 14an: Yurre Ugarte eta Joseba Larratxeren Joana Maiz.
- Martxoaren 10ean: Mikel Santos Belatzen Gerezi garaia.
- Maiatzaren 12an: Martin Etxeberria, Xabier Etxeberria eta Aritz Truebaren Buyan - Heriotzaren uhartea.
Saio guztiak Intxaurrondoko Kultur Etxean izaten dira arratsaldeko 19:00etan, eta oso interesgarria izaten da beraien lanen inguruko kontuak egileen ahotik entzutea. Eta komikiak dedikatzeko aukera ere izaten da. Animatu eta etorri!
Asiskok "1620, Nafarroa Beheregaina" komikia kaleratu du Nabarralderen eskutik
Herri azpiratua izatearen egoerak soilik azal dezake Euskal Herriaren historia eta kondairen inguruan euskaldunok dugun ezezagutza sakona. Kontatzen zaigun historia ofiziala zapaltzen gaituzten estatuenaren barruan kokatzen dena da beti, eta bereziki ezkutatzen zaizkigu gure burujabetzari, jasandako konkistei eta zapalkuntzaren aurkako borrokei buruzko atalak. Horregatik, ezingo diogu inoiz nahikoa eskertu Asisko Urmenetari Euskal Herriaren historia, mitoak, zanpaketa eta heroiak ezagutarazteko egiten dituen komikiak: Erraondo, I am Pellot, biba festa, Gartxot (gerora filmera ere eraman zuena), Eusklabo alaiak, Aztihitza - Xahoren biografikoa...
Bere lan eskerga horren barruan kokatzen da 1620, Nafarroa Beheregaina komiki berri hau ere. Gaztela eta Aragoik XVI. mendearen hasieran Nafarroa Garaia konkistatu ondoren, Nafarroa Beherean iraun zuen Nafarroako erresumak, harik eta 1620an Frantziak indarrez bereganatu zuen arte. Edo, hobe, nahi izan zuen arte, zeren eta Asiskoren komikiaren bidez izango dugu 1617an Pèir Lostau Nafarroako Parlamentuko Presidenteak igorritako protestaren berri zehatza, eta jakingo dugu nola barne-hartze ediktua urtez urte baliogabetu zuten Nafarroako instituzio nazionalek 1789 arte, nola Frantziako Iraultzaren ondoren Asanblada Nazionalera deitu zutenean Nafarroak ez zuen diputaturik bidali bere subiranotasunaren aurkakoa zelako, eta nola 1790ean Frantziak Nafarroako Erresuma bahitu eta desagerrarazi zuen.
Beraz, laster 400 urte beteko dituen inoiz onartu gabeko ediktu nulu horren inguruko kontu hauek eta gehiago dakartza komiki honek, Asiskoren marrazki berezi eta paregabeez eta hitz-joko jostariez baliatuta. Guztiz ezagutu beharreko gure historiaren parte bat, eta benetan ezinbesteko lana komiki hau (Asiskoren beste guztiak bezalaxe).
Xabi Paya eta Patxi Gallegoren "Nori" komikia argitaratu du Bertsolari aldizkariak
Bertsolari aldizkariaren zenbaki batzuk komikiak izaten ari dira azken urteotan. Zehazki, duela lau urtetik hona, bi urtean behineko neguko zenbakia komiki bat izan da, beti gaiak nolabait bertsolaritzarekin zerikusia zuela. 2015eko negukoa Xabi Paya eta Patxi Gallegoren Nork komikia izan zen, 2017ko negukoa Mikel Begoña eta Adur Larrearen Arditutakoak, eta aurtengoa Nori, berriz ere Paya eta Gallegorekin.
Nork komikian Andoni Egañaren balizko hilketa baten ikerketa kontatzen bazitzaigun, trilogia bat izateko asmoa duen honen Nori bigarren komiki honetan euskara batuaren alegiazko patentatzearen ikerketa dakarkigute oraingoan. Lehenengo haren leloa Nork hil du Andoni Egaña? bazen, bigarren honena Nori saldu diote euskara batua? litzateke. Norken bertsolaritza zen gai nagusia eta Norin euskara, baina bietan ukitzen dira euskal kulturaren gai ugari, Xabi Payak honetaz duen ezagutza sakonaren erakusgarri. Eta orduko hartan bezala oraingo honetan ere euskal munduko milaka pertsonaia eta erreferentzia aurkituko ditugu eta lehertzeraino egingo dugu barre istorioaren zein marrazkien umorearekin.
Istorioan, norbaitek euskara batua patentatu egin du eta eskubideak eta isunak kobratzen dira erabiltzeagatik. Bi detektibek denboran atzera bidaia egingo dute misterioa argitu eta okerra zuzentzako, hala bide batez euskararen 100 urteko historia kontatuz (Euskaltzaindiaren sorreratikoa).
Luze egin zaigu Nori honi itxarotea, eta lau urteren ondoren azkenean amaitu da esperoa. Orain umezurtz gelditzen gara berriz ere, trilogia Nor komikiarekin amaitzearen zain...
Belardoren jauzi bikoitza
Iñaki Martiarena Mattin marrazkigileak Euskaldunon Egunkariako Xingola gehigarrirako asmatu zuen Belardo pertsonaia duela ia 20 urte, eta haren itxieraz geroztik Berriako Mantangorri gehigarrian argitaratu dira bere umorezko zintak.
Orain zinta formatutik liburu formatura egin du jauzi Belardok, Belardo - Ba al zatoz? komikiarekin. 60 orri dituen komiki hau ez da bere zinten bilduma edo hautaketa bat, istorio luze berri bat baizik, non Belardok baserri ingurunea utzi eta hirira doan. Bertan bizitako gorabeherak kontatzen zaizkigu komikian, Belardoren ohiko hitz jokoekin eta pertsonaia berriekin. Beti bezala, haurrek, familiek eta publiko orok disfrutatzekoa da Belardoren istorio hau ere. Aupa Belardo!
Hipatia Alexandriakoaren bizitza, komikian eta euskaraz
Badira urte batzuk Ikaselkar argitaletxeak Zientzialariak bilduma abiarazi zuela, gizateriaren historian garrantzitsuak izan diren zientzialarien bizitzak eta eginak komiki bidez euskaraz ezagutarazteko. Orain artean 5 atera ziren (Marie Curie - Radioaren aktibitatea, Galileo - Izarren mezularia, Newton - Grabitatea ekinean, Darwin - Teoriaren eboluzioa eta Aristoteles - Jakiteko irrika), guztiak Jordi Bayarrik sinatuta.
Bada, bildumako seigarrena dakarkigu Ikaselkarrek oraingoan, Hipatia Alexandriakoaren bizitza kontatzen diguna, Hipatia - Egia matematiketan. IV. mendearen amaieran eta V.aren hasieran Egiptoko Alexandrian jaio eta bizitako zientzialari, filosofo neoplatoniko eta irakaslea izan zen, bere jakinduria eta ikasketekin matematikaren eta astronomiaren garapenean lagundu zuena. Zientziari buruzko ezagutzak gaztetxoenei modu entretenigarrian transmititzen laguntzeko beste aletxo bat.
Vertzingetorixen alaba, Asterixen istorio berri bat
Urte hasieran kontatzen genizuen nola Goscinny eta Uderzok sortutako Asterix pertsonaia ezagunak 60 urte beteko zituen urrian. Bada, urteurren horrekin bat eginez, Asterixen album berri bat kaleratu zen, mundu guztian eta hizkuntza askotan, tartean euskaraz ere bai Bruño argitaletxearen eskutik.
Vertzingetorixen alaba da istorio berriaren izenburua, eta Galiako herriak Julio Zesarren aurka borrokatzeko bildu zituen buruzagiaren alaba da bertako protagonista nagusia. Azken hiru albumetan bezala, gidoia Jean-Yves Ferrik egin du eta marrazkiak Didier Conradek. Maddalen Arzallusek itzuli du euskarara.
Virginia Hill – Emakume librearen egunkaria
224 orriko komiki mardula da Mk. Devilleren eta Christophe Girarden Virginia Hill, emakume librearen egunkaria, Virginia Hillen bizitzan oinarritutako istorioa, Harriet-ek euskaraz dakarkiguna. AEBtan 30 eta 40ko hamarkadetan prostituzioan aritua, krimen organizatuko kidea, Bugsy Siegel mafioso ospetsuaren neskalaguna, komunikabideetako izarra mafiaren aurkako 1950 eta 1951ko epaiketa mediatikoetan... Gizonezkoen munduan, emakume guztiz librea; edo hori uste zuen behintzat... Bere garaian aitzindaria izateagatik prezio handia ordaindu zuena.
Santi Brouard-en hilketa komikiratu dute Harkaitz Cano eta Adur Larreak
Santi Brouard mediku lekeitiarra itzal handiko politikaria ere izan zen ezker abertzaleko bere militantzia medio. 1984an GALek erail zuen Bilboko bere mediku kontsultan tirokatuta, gerra zikinaren biktimarik ezagun eta karismatikoenetakoa bihurtuz.
Brouarden bizitza publiko zein pribatua eta heriotza fikziozko istorio batean harilkatuz, garai baten kontaketa bizia egiten dute Harkaitz Canok eta Adur Larreak Txalapartaren bidez argitara emandako Antzara eguna komikian. 140 orriko komiki mardula euskaraz gain katalanez, galegoz eta gaztelaniaz ere aterako da. Egileen aurreko lanak ezagututa, ziur komiki bikaina izango dela!
Euskaltzaindiaren 100 urteak, komikian
Ospakizun betean daude Euskaltzaindian azken urtean, bere sorreratik 100 urte bete direla eta. Kongresu, jardunaldi eta bestelakoez gain, erakundearen historia publiko zabalari ezagutarazi nahi izan diote, eta horretarako komiki formatua baliatzea pentsatu dute.
Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna izenburua duen komikiaren irudiak Amaia Ballesterosek egin ditu, eta gidoia berak eta Juan Luis Zabalak ondu dute. Irailaren 26an banatu zuten komikia Noticias taldeko egunkariekin batera, baina ondoren ere erosi ahal da liburu-dendetan, azoketan eta beraien webgunetik.
Oso historia interesgarria da erakundearena, gauza jakingarriz betea, eta komiki honen bidez modu atseginean jaso dezakegu horien berri.
Joana Maiz, erresistentziari oda zoragarria
Ikus-entzunezkoen munduan casting zuzendari gisa atzerrian urte askoan arrakastaz aritu ondoren, lanik gabe geratu da Joana Maiz eta Bilbora itzuli da, nortasun krisi betean. Euskal Herriaren historia kanonikoa kontatzen duen dokumental bat ekoitzi eta zuzentzea onartu du, horrek arazo guztiak konponduko dizkiolakoan. Baina casting-ean Lauren ezagutuko du, etxetik kaleratu behar duten 80 urteko atsoa, eta bera eta bere euste jarrera bihurtuko ditu ardatz eta protagonista ez filmean soilik, baita bere bizitzan ere.
Hau da Yurre Ugarteren gidoi ikaragarri ederrean kontatzen den istorioa, zeinari bikain egokitzen zaizkion Joseba Larratxeren marrazki liluragarriak, elkarrekin Joana Maiz komiki aparta ontzeko. Erresistentziaz hitz egiten du, gaia feminismoa izan gabe erabat feminista da, eta beste mila gai ere lantzen ditu zeharka: garapen basatia, artearen izaera eta merkantilizazioa, Euskal Herriaren Historia Ofiziala, giza- eta familia-harremanak... Eta hori dena erritmo biziz kontatuta, guztiz katigatzen zaituen zinema estiloko kontakizun bizian. Harriet argitaletxearen eskutik ikusi du argia lan honek, komiki-marrazkigileei ematen zaizkien dirulaguntzetan 2017ko deialdian merezimendu osoz hautatuetako bat izan zena.
Irakurtzean norberarengan uzten duen gisara, euskal komikigintzan ere arrastoa utziko duen komikia da, zalantzarik gabe, Joana Maiz harribitxi hau.

