Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zintzarri eta guztiko azken kontzertua

Zintzarri eta guztiko azken kontzertua

Amatiño 2025/06/08 23:40
Mahlerren 7. Sinfoniaz amaiera eman dio Euskadiko Orkestrak 2024-25 denboraldiari. Nork daki bohemiarraren zazpigarrena ez ote den astunegia udazken arte agur esateko baina, aitortu beharko, “Gaueko abestia” deritzonaren bosgarren mugimendua edozerri amaiera emateko aukerarik egokienetakoa dela. Erabateko frenesiaz atondua eta jantzia bai, behintzat.

Zalantzarik ez gero, edozein orkestraren eginkizunik larriena ondo jotzea dela, baina inoiz pentsatu izan dut orkestra ona eta errepertorio hobea baino garrantzitsuagoa dela sarri, unean uneko programazioarekin asmatzea. Hau da, otsein asko eta zerbaiten zain, aurrean isil-isilik jartzen diren bi mila lagunei bihotza gozaraziko dien doinua aukeratzea.

Izan ere, musika klasikoaren eremuan 25.000 inguru konpositore daude eta milioiren bat partitura dagoeneko digitalduak. Ia hondarrik gabeko Itsaso garau horretan, noiz, non eta zer hautatu?

Jakina joerak daudela, kulturak, ohiturak eta azturak baina, ororen aurretik, zein da programatzailearen eginkizuna? Ontzat emandakoa segurtatu, sarri txalotua errepikatu, aukera berriak eskaini, ezezagunak proposatu, bidea erraztu ala zailtasunak jarri? Non da oreka?

Ezin esan, ez dut uste Gustav Mahler denik musika-zaletasuna eragiteko konpositorerik errazen eta aproposena, ezta zazpigarrena bere sinfoniarik ezagunena ere. Baina, hala ere, onartu beharko, “gaueko” lehen lau mugimendu ilunen ondorengo bosgarrena egunsentiarenak egiteko gauza dela, Mahlerrek (1) sekula idatzi zuen musikarik ozenena eta zoriontsuena, non metalak nagusi diren, tinbalek ez duten nekerik eta, joareak eta zintzarriak tarteko, ezkila-hotsak udazkenean berriro hasiko den hurrengo denboraldia iragartzen duen.

EOS2

Beti uste izan dut edozein orkestra sinfoniko taula gainean begietsi ahal izatea ikuskizunik handienetakoa dela, besterik gabe. Zer esanik ez “norberaren" orkestra baldin bada eta ohiko laurogeitaka profesionalez gainera, Musikeneko 15-20 ikasle barneratzeko gauza bada. Ehun laguneko orkestra ez da edozein astegun buruzuritan biltzen.

---oo0oo---

1) Mahlerrek berak esana.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: