Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ziklo Konbinatuari monumentua egin

Ziklo Konbinatuari monumentua egin

Amatiño 2009/09/03 19:37
Bai. Hauxe esan du hitzez hitz Josu Jon Imazek Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroetan: “Ziklo Konbinatuari monumentua egin beharko litzaioke”. Eta, gezurra dirudien arren, inork ez du ezer esan. Ezta aipatu ere gero. Ez onerako eta ez txarrerako. Isilik misilik.

Petronorren lehendakariaren ustez, haize-energiaren historia erabat arrakastatsua izan da Euskal Herrian, eta ez han-hemenka jarri diren haize-errotengatik –-Nafarroan EAEn baino dezente gehiago, gurean gertatua, ene ustez, hipokresiaren eredu baita-- energia eolikoak euskal industriaren esparruan eragin dituen onura oparoengatik (ekimenak, egitasmoak,  enpresak, lanpostuak, azpiegiturak etab.)  baino.

Eta, Imazen iritziz, haize-erroten merkatua suspertu, indartu eta segurtatu duen sistema ziklo konbinatuzko gas-zentralena izan da. Izan ere, gauza jakina da haize-erroten (eta eguzki-indarrarena) Akilesen orpoa  energia gordetzeko eta metatzeko duen zailtasuna dela; eta, Azoreetako antizikloia nagusitzen denean eta haize-errotak bertan behera gelditu, ziklo konbinatuzko zentralek bermatzen dute, hain zuzen ere, energia eolikoak umezurtz uzten dituen bezeroen zerbitzua.

Ziklo konbinatuak du, segurutik, beste ezein sistemak (ezta nuklearrak ere) ez duen abantaila, isiotzeko eta amatatzeko malgutasuna alegia. Galdarak aitaren batean itzali eguzki ordutan edo haizeak gogotik jotzen duenean, eta amain eman, ordea, gauez edo haizearen barealdietan.

Euskal Energia Klusterraren lehendakariaren aburuz, ziklo konbinatuak bizkarra zaindu izan ez balio, energia eolikoa ez zen horrenbeste suspertuko. Horregatik,  nonbait, monumentua eraiki beharko litzaioke gasezko ziklo konbinatuari, beronek  bermatu baitu energia eolikoaren arrakasta.

Segurutik gero, beti egongo da Imazi sinetsiko ez dionik. Baina inork ez dio behintzat interesik leporatuko, Imaz, ezer izatekotan, petroleroa baita, ez gasista.

 

  Boroako Ziklo Konbinatu Zentrala

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: