Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zientziaz eta teknologiaz maitemindu

Zientziaz eta teknologiaz maitemindu

Amatiño 2019/09/17 11:50
Amaitzear dagoen uda honetan 50 urte dira gizakia ilargira heldu zela. Nire emaztea zenak eta biok elkarrekin ikusi genuen telebistaz, zuzenean, Mediterraneoko ostatu batean. Hainbat egun lehenago ezkondu berriak ginen eta Neil Armstrong astronauta oina ipintzen ikusi genuen, emozio handiz.
Zientziaz eta teknologiaz maitemindu

Ilargiko lehen oinatza

Berrogeita hamar urte geroago, bada unibertsitatean ikasitako zenbait, lehen ilargiratze hura ukatzen duenik. Estatu Batuen iruzurra izan omen zen. Konspirazio hutsa. Kristoren leka.

Auskalo Apolo hamaikagarrena ilargira heldu ote zen ala ez. Baina, seguru, orain berrogeita hamar uteko telebista oraingoa baino benetalariagoa zela. Orduko eztabaida zen, telebista hezkuntzaren bidelagun izan ote zitekeen ala ez. Orain, aldiz, arazoa da nork arinago eta zalapartatsuago hitzegin.

Nabarmena, gero, teknologiaren morrontzapeko belaunaldia zein sinesgogor den zientziaz eta teknologiaz. XIX. mendean Bergarako Amatiño baserrian jaioa zen nire aitxitxa zeharo liluratu zen PI (3,1416) konstante matematikoaren berri jakin zuenean; eta, etxean, berak asmatutako tresnak erabiltzen genituen, nik sekula ezagutu izan dudan intxaur-kraskailurik onena, esaterako.

Tailer-gainean eta taladrina-usainetan hazitako mutikook teknika miretsi izan genuen txikitatik, eta beti jo izan genuen teknologia etxekotzat. Orain, ostera, trastez jositako gizarteak uste du teknologia edozein hipermerkatutan eros daitekeen pasa-misiko tramankulua besterik ez dela.

Paradoxa da zein erraz puzten diren orain jarrera antizientifikoak. Edonork uka dezake edozein ardatz zientifiko, batere frogarik gabe, norberaren iritzi soilak argudio enpirikoek beste balio duelakoan.

Hala ere, datorren astean, Bilbon eratuko da Naukas jardunaldia, zientzia eta teknologia lantzeko. Hamabost egun geroago, berriz, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, Passion for Knowledge, ezagutzaren aldeko pasioa suspertzeko.

Gogoan izan, zientziaz eta teknologiaz gehien arduratzen diren herriak izaten direla aberatsenak eta demokratikoenak. Euskal gizarteak, aurrera egingo badu, zientzia eta teknologia landu beharko ditu. Eta emakumeek, gizonek beste irabazi nahi izango badute, zientzian eta teknologian ere, aritu beharko dute.

EUSKADI IRRATIA – Albiste faktoria.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: