Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zein zaila den gero bizitza

Zein zaila den gero bizitza

Amatiño 2012/05/30 10:35
Eta, etsipenak jota, mutikoak nigarrari amain eman zion, bere bizitza osoko iruzurrik handiena bailitzan: hau ez da nik itxaro nuena, ez naiz ni etxetik honetarako atera, baina ez al genuen ba irabazi behar, orduan zertarako etorri gara?

Aldamenean nuen zortzi urteko mutikoa pozarren zegoen. Elastiko zuri-gorri-berdeaz jantzita, urbitsetan, noiz partida hasiko. Sekulako giroa azken berrogei urteotan Realaren zein Athletic-en hainbat final bertatik bertara ikusteko (eta, inoiz, irabazteko) aukera izan dugun zaharrontzat... zer ez ote zen gero zortzi urte baino ez zituen mutikoaren burutik pasatuko. Begiak ñir-ñir,  matrailak diz-diz, ezpainak dar-dar, aurpegira begiratu besterik ez zegoen mutikoa inoiz ahaztuko ez duen unea bizitzen ari zenaz jabetzeko. 

Ezertaz konturatu orduko, ordea, gorri-urdinek aurrena sartu zuten eta gure mutila nora ezean geratu zen, aho zabalik, arratseko iragarpenetan inork horrelakorik aurreratu izan ez balio bezala.

Laster asko, berriz, bigarrena. Ustekabean bai, oso ustekabean, baina bigarrena. Eta mutikoak aitari begiratu zion, behetik gora, harridura hartatik aterako zukeen mirariren baten itxaropenetan edo.

Berehala, berriz, hirugarrena. Eta, etsipenak jota, mutikoak nigarrari amain eman zion, bere bizitza guztiko iruzurrik handiena bailitzan: hau ez da nik itxaro nuena; ez naiz ni etxetik honetarako atera; baina, ez al genuen ba irabazi behar; orduan, zertarako etorri gara?

Zein zaila den gero bizitza…

Pitada

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: