Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zein zaila den barkamena eskatzea

Zein zaila den barkamena eskatzea

Amatiño 2026/03/22 23:25
Eztabaida da, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan egindako dongekeriegatik Espainiak barkamena eskatu behar ote dion ala ez Mexikori. Jakinekoa da lege zaharraren filosofia: gaizki eginak barkatu eta ondo eginak gogoan hartu.

Ez dago europar kolonizazioak  Ameriketan eragindako sarraskia ukatzerik. Badago indigenen %85 inguru zendu zela (1) esan eta sekula  historiako holokaustorik larrienetakotzat jo duen ikerketarik, nahiz ondotik argitu, gehienak Europatik eramandako gaixotasunez (2) hil zirela, kutsadura inor pozoitzeko gerra-arma gisa erabili izana ezkutezina bada ere.

Barka eskatzea nori ote dagokion asmatzea garrantzitsua da. Kolonizazioaren lehen bi-hiru mendeetako triskantzak egin zituztenei ala hurrengo mende bietan, independentzia tarteko, aginteaz jabetu ziren bertako elite zuri eta “zurituei”? Ingalaterrak barkamena eskatu behar al lioke AEBko gobernuari ala  Washingtoneko gobernuak berak akabatu eta erreserbatan dituen indioei? (3)

Hernán Cortés zenaren ordez, eta Moctezuma aztekaren gorazarrez, Espainiak Mexikori barkamena eskatu behar baldin badio, zergatik ez Gazteluko koroaren oinordekoek Kanariar Uharteetako presidenteari, Alonso Fernández de Lugo konkistatzailearen izenean eta Doramas guantxearen ohorez, Colon Ameriketara heldu aurreko hamarkadetan egindako suntsiketarengatik?

Arrazoiz zein ez, nabarmena da, XIX. mende arteko txikizioak inoiz gutxitan izan direla kontuan hartuak damurik azaltzeko orduan. XIX. mendetik aurrera (4), aldiz, hainbat dira barkamena eskatu izan duten Estatuak. Besteak beste, Belgika, Herbehereak, Danimarka, Alemania, Frantzia, Japonia eta Australia dira XIX. zein XX. mendeetan sekulako gaizki eginak aitortzeko adorea izan dutenetakoak.

Historia luzea da eta denok daukagu zer barkatu eta nori barkatu. Orain hiru hamarkada, Iqaluiten nintzela inuiten telebistan, nongoa ote nintzen galdetu zidan zaharrenak. Eta Basque Country aipatu ahala, birgaldetu: “Basque… balearik gabe utzi ginduztenetakoa?”

Ikaragarri kostatzen zaigu barkamena eskatzea. Barkamena eskatzen ez dakien jendartean bizi gara. Inguruan begiratu besterik ez dago.

---ooOoo---

1) Zenbait daturen arabera, oro har, 80 milioitik 12ra jaitsi zen Ameriketako biztanleria. 

2) Elgorria, izurria, hazizurriak, tifusa, kolera, malaria, tuberkulosia, gripea, baztanga, kukurruko eztula eta ordu arte Ameriketan ez ziren beste hainbat.

3) Artikotik Patagoniara, zenbat dira indigenen arazoa Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren arabera konpondutzat jo dezaketen Estatuak? Groenlandiako inuitek esan berri dute ezagutzen dutela zein den Kanadako inuiten egoera eta ez dutela "hori" nahi. Zer ez ote lukete esango Arizona, Chiapas, Amazonia, Andeetako herrien edo maputxen egoera eskainiko balitzaie...

4) XVIII. mendeko Ilustrazioak ekin zion Europaren "misio zibilizatzailea"  zalantzan jartzeari  eta XIX. mendean zehar erabat aldatu ziren Mendebaldeko gizartearen balioak. Ordu arte normaltzat jotzen zen "konkista-eskubidea" auzitan jarri zen, XXI. mendean berreskuratu nahi duenik bada ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal