Zein onak garen
Hizkuntza kontuez ari dela hausnarrean (Euskara batuaren ajeak; 1998- 207. orr.), Ibon Sarasolak zera dio beste hainbat arrazoibideren artean: “Estatu bat ez garenez eta izan ez garenez gero”. Estatu bat ez garena gauza jakina da; izan ez garena ez daki, ordea, zenbaitek. Ez baleki bezala hitz egiten du, behintzat.
Gure bazterretako hainbat arazo ezjakintasun honetatik etorri izan dira. Zenbaiti entzunez gero badirudi Euskal Herria, Euskadi edo dena delakoa betidanik izan zela estatua Francoren diktadura arte; edo, luze jota, XIX. mendeko karlistadak arte. Baina ez da egia. Ez aurrena eta ez hurrena ere.
Edonork du nahi duena aldarrikatzeko eskubidea, baita aldarriok noizbait egia bihur daitezen ahalegintzekoa ere. Baina arazoa ez da zer kendu, ostu, lapurtu edo ebatsi diguten. Zer lortzeko, erdiesteko eta berreskuratzeko gauza garen baino. Arazoa ez da besteak zein gaizto portatzen diren gurekin, guk zein onak garen frogatzeko lain indarrik ba ote dugun baino.
Hizkuntza-kontuetan ere, jakina.
ARGIA astekaria, 2011-10-23