Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zein falta izango eta… Eibar!

Zein falta izango eta… Eibar!

Amatiño 2026/02/16 00:25
“Kalaputxi” herri-aldizkari mutrikuarrak Debabarreneko “Barrena” proiektuan nola-hala parte hartzeko guraria jakinarazi du urtarrileko azken alean. Urrats borondatetsu honekin, eskualde osoko zortzi herrietatik zazpi (1) dira dagoeneko aldizkari bateratuaren egitasmoan elkarrekin bilduko diren herriak. Hartara, zein-eta, Eibar baino ez da kanpoan geratzen (2).

Mutrikuko herri-aldizkariaren arduradunek orain arte esku hartu ez izanaren arrazoia zehaztu nahi izan dute jendaurrean: “Kalaputxi aldizkariaren izaera, ezaugarriak eta osaketa kontuan hartuta, handi etorri zitzaion egitura profesionalean oinarrituta zetorren proiektuaren baitan txertatzea”. Baita, jarraian, aurrerantzako nahia adierazi ere: “Baina, etorkizunean, zer eta nola etorriko den jakin gabe, argi dugu Mutrikuk presentzia bat izan behar duela Barrena aldizkarian eta webgunean. Poliki, gure martxan, gure moduan, bidea egingo dugu, Barrenara hurbiltzeko, Barrenari gure ekarpentxoa egiteko, Debabarreneko herritarrei mutrikuarron berri emateko”.

Eibarko “Eta Kitto” aldizkariak, ostera, ez du orain arte agirian ezer esan. Ez zergatik ez duen nahi edo ahal izan ekineratik parte hartu, ez eta aurrera begira ere, "Barrena" proiektuarekin bat egiteko asmorik ote duen ala ez.

Nork bere arrazoiak, erabakiak eta erantzukizunak ditu, jakina. Baina Eibarko herri-aldizkariak ezin izango du esan, behintzat, eskualdeko egitasmoaren egitura profesionala handi etorriko litzaiokeenik.

Eskualdeko herririk handienak (3) inguruko proiektu bateratuari muzin egitea zilegi da, jakina. Baina, behar bada, zilegi bezain zatarra. Buruzagitzak partekatuak dira ala ez dira.

---ooOoo---

1) Deba, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku eta Soraluze barruan dira.

2) Arrate Irratiaren "euskal sintonia" da, oraingoz, eibartarron ordezkari bakarra, eskualdeko "Barrena" proiektuaren barruan.

3) Eskualdeko biztanlego osoaren %39 eibartarrak dira.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal