Zaragozatik Sevillara
Garai hartan Atotxan jokatzen zuen Erreala “etxekoa” (3) zen, orain Anoetara ateratzen den taldea, ostera, “nazioartekoa”. 80eko hamarkada arte bazen Donostian serio asko zioenik Errealaren maila apaleko taldeek ezin izango zutela inoiz koparik irabazi. Baina, besterik uste arren, 1981 eta 1982an Errealak Liga irabazi zuen eta 1987an Errege Kopa. Hala ere, zalantza gutxi egungo futbolak bizi dituen baldintza ekonomikoen (4) arabera, gero eta zailago izango dela harrobi soilaz goialdetik lehiatu ahal izatea.
Orain berrogei urte ere bazen egunkari, irrati eta telebistarik, baina egungo digitalizazioak erakarri duen ekosistema (5) arras bestelakoa da. Duela 40 urte futbola iganderoko zaletuen esparrua zen gehienbat; gaur egun, berriz, fenomeno soziologikoa. Errealzalez jantzita argazkia atera ez duen alkatea ez da gaur inor Gipuzkoan.
Hedabideek betidanik zaindu izan dute futbola (6), baina azken boladan lortu duen atxikimendu interesatuak ez du aurrekaririk eta edozein egunkariren lehen orrialdeaz jabetzeko, futbolak ez du honezkero egunean eguneango albiste izan beharrik (7). Futbolari onartzen zaio, nonbait, beste edozein arlori barkatzen ez zaion lizentziarik.
1987an, Zaragozara joan nahi izan zuten guztiak sartu ahal izan ziren La Romaredan. La Cartujako sarrera-banaketa, berriz, mugatua eta zorrotz kontrolatua izan da. Batez beste 22.000 errealzale inguru bildu ginen La Romaredan, eserleku guztien %50. Sevillako La Cartujan, ostera, 20.000 jarriko dira, sarrera guztien %35. Hori bai, futbol-zelaitik kanpora ez zen Zaragozan askorik antolatu eta, antza, Sevillan jarriko den “fan zone”(8) delakoak eta bestelako estalpeek errekor guztiak gaindituko dituzte, 10.000 lagun inguru batere sarrerarik gabe joango diren heinean.
Duela 39 urte, 1987ko ekainaren 27an, Zaragozan, arratseko 20:30etan hasi zen partida, eta Arkonadak azken penalitia (9) geratu eta "no pasa nada, tenemos a Arkonada" oihukatu zenerako, ia gaueko 11ak ziren. Orduan aitxitxa joan zen (amamarekin) , karteran Athleticen bazkide-txartela zeramala, eta oraingoan, aldiz, biloba nagusia da joan dena Errealaren bazkide-txartelaren jabe. Whatsappez kontatuko omen dizkit kontatu beharreko golak, telebistaz ikusterik izango badut ere. Zaragozako mikrouhinek gaztelaniaz baino ez zekiten. Berrogei urteren bueltan Sevillakoek euskaraz ikasteko denbora izan dute. Eta normala iruditzen zaigu. "Sevilla tiene un color especial".
---ooOoo---
1) 1909an lehena irabazi bazuen ere “Club Ciclista de San Sebastián” zeritzan taldeak, gero Real Sociedad klubaren jatorria izango zena.
2) “O tempora, o mores”. Ciceron. K.a. 106-43.
3) Lopez Ufarte Marrokon jaioa da eta zortzi urtez gurasoekin Irunera etorri arren, kanpotarra ala bertakoa ote zen eztabaida piztu zen, 1975 urtean, Realak fitxatuko ote zuen zabaldu zenean. Berak inoiz azaldu izan du kazetarien aurrean, orduan berak bizi eta ulertzen ez zuen egoera hura.
4) Joanan Larrañagak Euskadi Irratian esan izan du, bera lege-zaharreko azken belaunaldikoa dela.
5) Ezin definizio aproposagorik, ekosistema osagai bizidun eta bizigabeen arteko oreka baino ez baita.
6) Frankismo-garaian esan ohi genuen, nolabaiteko progresiaren izenean, futbola diktadurak eragindako opioa zela.
7) Bada larregikeriatzat jotzen duenik ere.
8) Izena gaztelaniaz ez denez gero, ez dakit zergatik zenbaitek gazteleraz (fan thone) ahozkatzen duten eta ez –euskara tarteko-- Europako bestelako hizkuntza guztietan bezalaxe (fan zsone). Lehengo lepotik burua.
9) Jakina denez, luzapen eta guzti partida bina amaitu ondoren (Lopez Ufarte eta Begiristainen gol banaz), penaltitara jo eta, Bakerok, Mujikak, Begiristainek eta Larrañagak nork berea sartu zuten. Atlético Madrilen aldetik, berriz, Da Silvak kanpora bota eta Quiqueren jaurtiketa Arkonadak gelditu zion,
.
- O tempora, o mores!
