Zahartzen ari naiz
Seguru gero, (hasiera beretik) kamera-mozketarik gabeko hainbat sekuentzia luze ez direla ohikoak (edo lege zaharrekoak direla); behar bada, amaierako trantzeak (gerta zitekeenaren eta gertatu zenaren arteko arrakalak) merezi du; agian, Emma Stoneren lana azpimarragarria da (Ryan Gossling-en hieratismoa, ez horrenbeste); begi bistakoak, Hollywooden musikalei, zinegintzari berari, 1950eko hamarkadari, aktore-aktoresa handiei (James Dean, Ingrid Bergman) zein jazzaren gainbehera malenkoniatsuari egindako erreferentzia nabarmenak; eta, ezin ahaztu, film guztian zehar belarritan dirauen kanta (City of Stars)…
Baina filma, oro har, osotasunez… ez dakit ba… nire hamar urteko bilobari gomendatzeko modukoa, nahiz, behar bada, amaiera tristeegia (helduegia) irudi dakiokeen.
Nonbait, zahartzen ari naiz.
Baina, tira, Oscar saririk ere ez omen zaio falta izango!
Emma Stone eta Ryan Gosling