Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Xabier Elorriaga, ETBren Anbotoko Mari

Xabier Elorriaga, ETBren Anbotoko Mari

Amatiño 2012/12/20 01:00
Ez, segurutik, ETBren historiaren langile-zerrendan ez da sekula Xabier Elorriagaren izenik agertuko. Seguru asko ez zuen sekula sartu-irteneko erlojuan fitxatu beharrik izan. Behar bada ez zen haren izenik kreditoetan inoiz agertu. Baina Xabier Elorriaga, Anbotoko Mari bailitzan, hantxe izan zen, hantxe izan genuen, ETBren haurgintza-minetan eta ondoko inude-lanetan.
Xabier Elorriaga, ETBren Anbotoko Mari

Xabier Elorriaga, 1983an.

ETBk hogeita hamar urte beteko ditu hilaren 31an. Honezkero hainbat programa, saio, erreportaje, kronika eta elkarrizketa egin da sorrera haren oroitzapenetan eta ondoko egun, aste eta hilabeteetan ere ildo bereko gehiago egin ahal izango dira.

Orduko asmoak, egoerak, baldintzak, zailtasunak, eragozpenak, aukerak eta protagonistak han-hemenka gogoraraziko dira eta, inor gutxietsi gabe, beldur naiz ez ote den garai hartan bastidore artean izan genuen bakarrenetako maisuaren izena, beste behin, ahaztuko: Xabier Elorriaga.

Xabier Elorriagak (Maracaibo, 1944) 25 urte besterik ez zituen Euskal Herrira estreinako etorri zenean eta, gerra osteko lehen Eusko Jaurlaritzak (1980-1983) ETB sortaraztea erabaki zuenerako, kazetaritza-ikasketak eginak zituen, Bartzelonako Informazio Zientzien Fakultatean irakasle ziharduen, zortzi filmetan aktore-lanetan aritua zen eta “La brújula” programaren editore eta aurkezle zen TVEn. Llabur-llabur esanda, guk denok elkarrekin baino esperientzia gehiago zuen Xabierrek kazetaritzaz, zinegintzaz eta telebistaz.

Martin Ibarbia eta biok lehen aldiz bildu ginen Xabierrekin, ETBren programazioaz hitzegiteko, 1982ko martxoan, Eibarko Udaletxean Mikel Larrañaga alkateak arbel eta guzti utzi zigun gela batean.

Xabier Elorriagak parte hartu zuen, Iñaki Beobiderekin batera, Donostiako Prim kalean eratu ziren lehen casting frogetan; Xabier Elorriaga izan zen ETBn “txoria” hautatzeko eta erabakitzeko bileretan; Xabier Elorriaga izan genuen argi-mutil, Gabon Zaharretan antenaratzeko 1982ko abenduan zehar presaka eta harrapataka burutu behar izan genituen katramila guztietan; Xabier Elorriaga izan zen ETBko kapitan pilotu, abenduaren 30an eta 31an, 48 ordu jarraian, bertatik ateratzeke eta batere oheratu gabe; eta, 1983ko lehen sei hilabeteetan, Xabier Elorriaga izan zen gure oilaloka Durangon, txita jaioberriok hegan ikasi-edo arte.

Ez, segurutik, ETBren historiaren langile-zerrendan ez da sekula Xabier Elorriagaren izenik agertuko. Seguru asko ez zuen sekula sartu-irteneko erlojuan fitxatu beharrik izan. Behar bada ez zen haren izenik kreditoetan inoiz agertu. Baina Xabier Elorriaga, Anbotoko Mari bailitzan, hantxe izan zen, hantxe izan genuen, ETBren haurgintza-minetan eta ondoko inude-lanetan.

ETB zorretan zaio Xabier Elorriagari. Gutxieneko aitormenen bat zor dio. Eskerrik asko esatea baino ez bada ere. Baina, esan.

Elorriaga

Xabier Elorriaga, Errege Filipe IV.a Austriakoa (Águila Roja, TVE1 - 2012)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: