Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Xabier Arzalluzen erronkak, mende erdi geroago

Xabier Arzalluzen erronkak, mende erdi geroago

Amatiño 2024/04/23 09:56
Aspaldiotan inork aipatzen ez duena da Konstituzioaren Laugarren Xedapen Iragankorra, non jasotzen den Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegora batzeko formula. Hara non, oraindik ere, Espainiako Konstituzioak joko asko eman ahal izango duen.
Xabier Arzalluzen erronkak, mende erdi geroago

X. Arzalluz. Eibar, 1977

Xabier Arzalluz elkarrizketatu nuen nik Zeruko Argia astekarian, 1977ko udaberrian eta, besteak beste, zera esan zidan EAJren buruzagietakoa zenak orduko Herri Batasunaz: “Horiek tiroka jarraitu nahi dute, beraiek jakingo dute zein zulotan sartzen diren. Baina guk erakundeak jarri behar ditugu abian, lau helburuz: burujabetza, ekonomia, euskara eta teknologia”.

Berrogeita zortzi urte geroago, Arzalluzek ezin izango luke beste horrenbeste esan, aurreko igandeko hauteskundeetako emaitzak ikusi ostean. Auskalo mudatze honi ziklo-aldaketa deitu behar ote zaion, baina ezer aldatu baldin bada, ia mende erdi geroago ezker abertzalea Arzalluzen errezetaren onuraz jabetu dela eta haren estrategia irabazlea bere egin.

Burujabetza. Gernikako Estatutua da espainiar autonomia-sistemaren lehena, osotuena eta eskuduntzarik gehien eskaintzen duena. Espainian ez ezik, baita Europan ere. Gogoratzekoa da, EAJk eta PSEk hasiera beretik onetsi zutela, PPk hamarkadaren bat behar izan zuela eta ezker abertzaleak 45 urte.

Ekonomia. Espainiako Konstituzioari zein Gernikako Estatutuari darien Ekonomia Ituna urregorrizko altxorra da egun. Galdetu bestela Katalunian. Eta gizarte mailako ondorio praktikorik nabarmenenetakoak langabeziaren datuak. 1984 urtean, Euskadik %22,18, Espainiak %21,8. Berrogei urte geroago, Euskadik %6,33, Espainiak %11,76.

Euskara. Agirikoa da azken lau hamarkadotan euskarak egindako gorakada kalean, administrazio publikoan, hedabideetan, literaturan, eskolan zein unibertsitatean. 1976an Felipe Gonzalezek Bilbon emandako lehen prentsaurrekoan, Nico Redondok hitzez hitz esan zidan: “La Margen Izquierda es el futuro de Euskadi”. Urtetan, PSEk bi arima izan ditu kinkan. Batetik, nik umetatik Eibarren bizi izandako sozialismoa eta, bestetik, etorkinek Bizkaiko Ezkerraldean ereindakoa. 1980an euskarazko prentsak elkarrizketa zezakeen euskaldun bakarrenetakoa Jesus Egiguren zen. Berrogei urte geroago, Eneko Andueza, Idoia Mendia, Mari Sol Garmendia, Iñaki Arriola, Denis Itxaso, Mari Jose Telleria, Jose Ignacio Asensio eta euskal sozialismoaren beste hainbat goi-kargu.

Teknologia. Nahikoa litzateke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen Erregistroan edo Euskadiko Parke Teknologikoen weborrietan sartzea, orduandik urratutako bideaz konturatzeko, baina adierazgarriagoa, behar bada, ikerkuntza eta garapen arloan egindako gorakada. Datu bat baino ez: 1980eko lehen Eusko Jaurlaritzak aurkitu zuen Euskadi hartan, I+G+B arloan egindako inbertsioa BPGren %0,069 zen, Espainiaren batez bestekoa %0,345 zen bitartean. Hau da, Espainian Euskadin baino bost bider gehiago. Berrogeita hiru urte geroago, 2023 urtean, Euskadiko I+G+B inbertsioa BPGren %2,32 da eta Espainiakoa %1,47. Alegia, inbertsioa 33 aldiz biderkatu da Euskadin, Espainian 4 bider besterik gehitu ez den arren. Edo beste modu batez esanda, Euskadin egindako inbertsioa pasatu da, Espainiakoa baino bost bider txikiago izatetik, Espainiakoa baino %57 handiago izatera.

Berrogeita lau urte geroago, seguru gero badagoela zer egin gehiago. Adibidez, aspaldiotan inork aipatzen ez duen Konstituzioaren Laugarren Xedapen Iragankorra, non jasotzen den Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegora batzeko formula. Hara non, oraindik ere, Espainiako Konstituzioak joko asko eman ahal izango duen.

enpresabidea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: