Vinceró! Vinceró! Puccinik Kontxan irabazi
- Arraun Lagunak, urbits eta aparretan
Donostiako estropaden aurreko egunetan, ETBk hainbat bider eskaini digu iragarki berezia, zeinean zenbait segundo gutxitan errealizatzaileak maisuki asmatu duen laburbiltzen Kontxako arraun-lehiaketaren giroa: traineruen norgehiagoka, arraunlarien adorea, olatuen indarra, urbitsetako estetika apartsua, lau haizetako elastiko koloretsuak, jarraitzaileen zaletasuna eta, oro har, Kontxaren beraren edertasuna. Eta, irudi-sorta guztia, Giacomo Pucciniren Turandot operako Nessun dorma ariaren doinupean.
Puccinik (1858-1924) 21 urte zituen Donostiako estropadak 1879an estreinako eratu zirenean, ez dago konpositore italiarra inoiz Donostian izan ote zenaren erreferentziarik eta, izan ere, ez dago antza batere loturarik Turandot opera eta euskal estropaden artean. Orduan, zer dela-eta ETBk hautatu du operaren azken aria Donostiako estropaden iragarkiaren musikatarako?
Erantzuna, 1990an Erroman eratu zen Munduko Futbol Txapelketatik dator eta, areago, BBCk (British Broadcasting Corporation) harako aria txapelketa-programazioaren sintoniatzat hartu izanetik. Ahaireak sekulako arrakasta lortu zuen ikusentzule britainiarren artean, ez baitzen alferrik Erresuma Batuko zerrendaburura heldu eta, ezadituen artean, inoiz operak izandako osperik handiena lortu.
Baina ez zen, ordea, hor amaitu. Munduko Futbol Txapelketaren programazio barruan, uztailaren 7an eratu zen Erromako Karakalaren Termetan Hiru Tenorren (Luciano Pavarotti, Plácido Domingo eta José Carreras) kontzertua. RAIk (Radio Audizioni Italiane) irrati-telebistaz eskaini zuen, 50 herrialdetan barrena hedatu, 800 milioi lagunek begietsi eta inoizko musika klasikoko kontzerturik ikusiena bihurtu (1).
Turandot operaren libretoa antzinako Txina inperialean gertatzen da eta Kalaf printze tartaroak Pekinen bizi duen nahi eta ezinezko amodioa kontatzen. Ez du kirolarekin zer ikusirik, baina bai, ostera, jokoarekin, maitasuna erdiesteko egunsenti aurretik hiru igarkizun asmatu beharrarekin. Azken ekitaldia Nessun dorma (Inork ez dezala lorik egin) aria da, eta amaieran, berriz, zera kantatzen: “All´alba. ¡Vinceró! ¡Vinceró!” (Egunsentian, irabaziko dut! Irabaziko dut!).
1) Garai hartan CDrik salduenetakoa. Zer opa jakin ezean, edonori eskaintzeko moduko opari unibertsala.
---ooOoo---
