Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Vicinayk bizi nahi

Vicinayk bizi nahi

Amatiño 2008/01/28 10:32
Sabino Arana Fundazioak aurtengo sarietako bat eman dio Vicinay Kateak izeneko enpresari. Zer egiten ote duen Vicinayk?

Ba, izenak berak dioenez, kateak, baina ez nolanahiko kateak, ur gaineko petrolio-plataformak eusteko itzelezko kate galantak baino. Orain hurrengoko Katrina urakanak Mexiko golkoan hankaz gora bota ez zuen plataformak Vicinayren kateak zituen lokarri. Geroztik bere ospea zeharo sendotu da munduan eta merkatuaren %70a kudeatzen du.

Izen adierazgarria Vicinay, edozein egitasmori jartzeko modukoa. Ingelesez dituen Interneteko orrialdeetan ere, Vicinay izenak euskaraz zer esangura duen harro adierazten du enpresak: “want to be”, “want to live”.

Izen hau ez da publizista argiren bati otu zaion marka komertziala,  antzinako euskal abizena baino. Izan ere, Otxandioko Vicinay familiak sortu zuen burdina eta altzairu tailerra orain 250 urte inguru. Gaur egun Deustun eta Galdamesen ditu lantegian, baita Norvegian, Erresuma Batuan,  Ipar Ameriketan,  Brasilen, Txinan, Singapurren eta Malaysian ere.

Berrehun eta berrogeita hamar urte enpresa sortu zela... ez dira gero artalak. Ez dut nik horren aspaldiko euskal enpresarik ezagutzen, zer esanik ez nazioarteko onenen artean. Eta harrigarriena zera da, oraindik ere, Vicinaytarren familiak jarraitzen duela nagusi izaten.

Zertan ote Vicinaytarren iraupenaren arrazoia? Auskalo gero, baina, zer gerta ere, tradizioa eta berrikuntza elkarrekin uztartzeko gaitasuna. Segurutik euskaldunok zertaz harrotu badugu, baina zein gutxitan harrotzen garen gero gure enpresen arrakastaz. Hala ere, guk gogoan ez izan arren, enpresak dira oraingo mundu globalizatuan euskal enbaxadorerik onenak.

Deia, 2008.01.28

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: