Vicente Vallés, dena ez da alferrik galdu
CNN+ pikutara joan zenetik TVEren Canal 24 Horas delakoa da Espainiako telebista-merkatuan geratu den informazio-kate bakarra eta egunero, astelehenik ostiralera, prime time-an (22:30 – 24:00) egunean eguneango albisteak eskaintzen, aztertzen eta eztabaidatzen ditu La noche en 24 horas programaren baitan. Eta dezente ondo, gainera,
Vicente Vallés, zuzendari eta aurkezlea, kazetari ona da, entzuten daki, are gehiago galdetzen, eskarmentu handi samarrekoa (hogeitaka urte daramatza honezkero lehen mailako informazio-esparruan), serioa, arteza, zorrotza, umore punttu eta guzti esne-berbetan zein vedettismoan inondik ere eroritzen ez dena. 1999tik 2008ra, Tele5n ari zela, bizpahiru aldiz aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuen, eta berriketabako tipo sotila iruditu zitzaidan.
Bere lan ona zalantzan jartzeke, esan gabe doa aspaldiotan “suerteko” dagoela, azken hiru hilabeteotan berak nekez itxaro zitzakeen hiru zertzelada gertatu baitira bere mesedetan. Lehen eta behingoz, hasieran esan bezala, CNN+ katearen itxiera eta, ondorioz, Iñaki Gabilondoren agurra. Urtarriletik aurrera, berriz, Tunisia, Egipto eta Libiako matxinadak eta martxoaren 11tik hona, Japoniako sarraskia. Alegia, batetik, lehiakiderik gogorrena ostendu eta bestetik historian tarteka-marteka baino izaten ez diren gertaerak jazo.
Hala ere, ez dirudi, oro har, Canal 24 Horas kate osoaren audientzia ezer askorik aldatu denik otsailerarte. Wikipediari jaramonik egingo badiogu behintzat, aurreko abenduan (CNN+ artean indarrean zela) %0,9 izan zen audientzia eta urtarrilean zein otsailean (Ipar Afrikako auzi-mauziak tarteko) %,8. Interesgarri izango da oso, martxoko emaitzak ezagutzea. Bitartean, oraingoz badakigu zenbait unetan bikoiztu egin dela ikusentzule-kopurua.
Dena den, audientziak alde batera utzita, gozamen hutsa da gero (gainerako panorama zertan den ikusita baita soluzio ona ere) afalostean Vicente Vallésekin topo egitea. Berak eskaini dizkigu azken bi hilabeteotan informazio-telebistaren pasarterik gogoangarrienetakoak. Segurutik GH24H egungo telebista traketsaren ispilurik adierazgarrienetakoa da (esperientziak hilabete bi baino iraun ez duen arren), baina Vicente Vallések gauero gogorarazten digu beste aukerarik ere badela. Dena ez dela alferrik galdu.