Eraztun dardaratzailea
Ez naiz ni sex-shopetan sarri ibiltzen direnetakoa. Azken aldiz orain dela hamarren bat urte edo. Baita sarreran --ate aurrean elkarri traba eginez-- euskal komunikabideetan ezaguna den emakumearekin topo egin ere:
-- Barrura zatoz?
-- Bai…
-- Baita ni ere…
-- Senarrari opariren bat egin nahi diot eta behar bada zuk nik baino gehiago jakingo duzu gauza hauetaz…
-- Ez dakit ba…
Eta, surrealista samarra ematen duen arren, hantxe aritu ginen elkarrekin senarrari (hau ere ezaguna) zer erosiko.
Sex-shopetan denetarik aurkitu daiteke. Hainbat zeharo fantasiatsuak, beste zenbait guztiz premiabakoak, baina badira beste batzuk funtzionalak oso (kondoiak edo leungarriak, kasu) eta baita –nahiz zenbaitek besterik uste— geriatrikoak ere. Edo, beste modu batez esanda: zerbitzu geriatrikoetan “lagungarri” gisa gero eta gehiago eskaini ohi diren aukerak oraintsu arte sex-shopetan baino ez ziren topatzen.
Esate baterako eraztun dardaratzailea (edo uztai dardaratzailea)... Zer da? Sex-shopetan saldu ohi den jostailua ala zerbitzu geriatrikoetan eskaini beharreko lagungarria?
Gazte jendeak erabili izaten du hainbat tramankulu “hobeto egin guran”; zahar jendeak, berriz, “egin guran” besterik ez; baina, izatez, tramankulu berbera baino ez da. Ala ez?
Egoki eta zuzen erantzun ahal izateko egoera biak ezagutu behar. Zaharra izan behar alegia. Baina ez gero arduratu. Gaztetasuna uste baino lehenago konpontzen den ajea da-eta.
Bitxikeria: "Anillo vibrador" sarrerak 181.000 emaitza ditu Googlen eta "aro vibrador" delakoak, berriz, 94.000. Aldi berean, "eraztun dardaratzailea" eta "uztai dardaratzailea" bikoteak, ostera, bat baino ez elkarrekin: honako estreinako hau.