Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Uholde historikorik ez, baina…

Uholde historikorik ez, baina…

Amatiño 2021/07/26 15:30
Mosela ibarretako hainbat etxe-hormatan daude seinalatuak inoizko uholderik handienen markak, zeinetan adierazten diren jakineko datak eta ur-maila zehatzak. Aurreko asteko uholdeak ez dira, mailaz behintzat, Mosela eta Rhin ibaien historiara pasatuko, nahiz 180 hildako eta 70 desagertu eragin, Merkelen hautagaiaren kudeaketa auzitan jarri eta jendeak galdetu, nola gerta ote daitekeen horrelakorik Europa aberatsaren ardatzean.

Aspalditxotik genuen asmoa, uztailaren 17tik 24ra bitartean, Luxenburgotik Koblentzaraino, Mosela ibai-bazterretako bidegorritan barrena abiatzeko. Eta aurreko ostegunean Renania Palatinatua 'land' edo estatuan gertatutako euri-jasen eta uholdeen berri izan ostean, ostiral goizean Alemaniara deitu nuen egoera zertan zen jakiteko eta biharamunean Biarritzen geneukan hegazkina hartu behar ote genuen ala ez erabakitzeko. Hedabideek besterik irudikatu arren, arazorik eza segurtatu ziguten eta erreserbatuak geneuzkan zazpi ostatuetako logelak baietsi.

Inondik ere ezin esan, jakina, Alemanian 180 inguru zendu, 70 desagertu eta gainerako kalteak (400 milioi euroko diru-laguntzak onartu dituzte Gobernu federalak eta landerretakoek) eragin dituzten uholdeak hutsaren hurrengo izan direnik, baina, ikusia ikusi, nago nekez esan daitekeela Mosela eta Rhin ibaietako herriak uholdeei aurre egiteko gertu ez daudenik (zenbait herritako kale-sarrerak altzairuzko ate garauez ixten dira)  edo aurreko asteko azken uholdeok erabat “historikoak” izan direnik.

Adibide gisa, horra eskuineko argazkian Beilstein herrixkako “markagailua”, non seinalatzen diren azken ehun urteotako uholderik handienen altuerak. Bistan denez, orain arte historikotzat jotako garaierak 9-10 metro bestekoak ziren, aurreko astekoak 4-6 metrokoak "baino" izan ez diren artean.

Oraingo honetan, euri-jasa eta elur-urtzea aldi berean gertatu izanak areagotu omen du ur-emaria, baina aldiberekotasun berberak 22 metroko olatu apokaliptikoa erakarri zuen XVIII. mendean, Bernkasteleko udaletxearen atarian gogoratzen denez.

Dena den, ez nituzke ezelan ere aurreko asteko uholdeak gutxietsi nahi. Guk, polizia federalaren laguntzaz*, Kyll erreka (izenaren jabe) gurutzatu behar izan genuen, Ehrang auzoaren kaleetan zehar,  eta, hango hondamendia zein jendearen noraez goibela ikusita, ez ginen, turista petral gisa, argazkirik ateratzen ausartu ere.´

* Bidea moztuta, zer alternatiba ote genuen galdetu eta, poliziak erantzun: "I don't know. I'm not from here". Uste baino 12 km. gehiago eginez konpondu zen gurea.

Ehrang
Kyll errekaren ur-goraldiak Ehrangeko kaleak hartu zituen. Laupabost egun geroago, oinez pasatu genuen.

Orain zer
Honelakorik ez genuen programatua.

Ubidea
Bidegorria ala ubidea ote... Gu pasatu ginenean, 25 zm, ur. Hiru egun lehenago, 2,5 m. inguru.

Zutoina
Uholdea minutu gutxitan hazi omen zen, inor ohartu aurretik. Jaitsi ere, hegaztada batean. Bizkor asko bere senera itzuli zen, laupabost egun lehenago zutoin-gaina estali ostean.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: