Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txistua arnasa berri bila, barrokoa, euskal pizkundea eta tango berria tarteko

Txistua arnasa berri bila, barrokoa, euskal pizkundea eta tango berria tarteko

Amatiño 2025/08/12 10:40
Garikoitz Mendizabal txistularia eta Josu Okiñena pianojotzailea elkarrekin bildu dira Donostiako Hamabostaldiaren inguruan, besteak beste bi helburu nagusiz. Batetik, Euskal Pizkundeak (1847-1936) musikagintzan eragin zuen jauzia gogoratzeko eta, bestetik, herri-tradiziozko eresiez kanpo, XXI. mende honetan txistuari irekitzen ari zaizkion aukera berriak aldarrikatzeko.

Txistuak eta danbolinak osatzen duten bikoteak ez du aurkezpenik behar, hainbat mendetako bidea urratu baitute elkarrekin. Txistua eta pianoaren arteko bikotea ez da, ostera, horren arrunta, nahiz XIX. mendearen erdi aldetik aurrerako Euskal Pizkunde mugimenduak bientzako partitura bateratuak burutu.

Hain zuzen ere, ahaztuxeak dauden doinu horiek gogoratzeko, Garikoitz Mendizabalek eta Josu Okiñenak Hilario Olazaran edo Aita Donostiaren eresiak gaurkotu dituzte, "Iragana betikotzen" (1),  Lorenzo Ondarrak txistu eta pianorako egindako moldaketen arabera.

Aldi berean, txistuari aukera berriak eskain dakizkiolakoan, XVII. mendeko barrokoa kasu, esaterako, Arcangelo Corelliren (1653-1713) La Foilia (Hans-Martin Lindek moldatua) eta Marin Marais (1656-1728) Le Basque eta La Biscayenne (J.I. Ansorenak moldatua). Asmo beretsuaz, Mendizabal-Okiñena bikotearen interpretazioen artean aipagarri Astor Piazzollaren Ave Maria eta Oblivion, tango berria deritzan musika sinfonikoaren ildotik.

---oo0oo---

1) Ez dira, horratik, Garikoitz Mendizabal eta Josu Okiñena erronka honi ekin dioten bakarrak. Aipagarri ere, besteak beste, Gorka Hermosa akordeoijolea (Sarasate, Iparragirre, Guridi...) eta, aspalditxodanik, Silboberri Txistu Elkartea, aurtengo Hamabostaldiko Garaikide Zikloan Aitor Amilibia, Josean Hontoria eta Santi Pizana hirukoteak eskainitako "Txistua XXI. mendean" kontzertua, esaterako.

Mendizabal Okiñena
Garikoitz Mendizabal eta Josu Okiñena, Debako Andra Mari elizaren klaustroan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: