Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Tximinoen planeta

Tximinoen planeta

Amatiño 2026/01/05 20:45
Hilaren 7an (Gasteizen), 8an (Iruñean), 9an (Donostian) eta 10ean (Bilbon), ohiko Zine eta Zientzia Zikloaren barruan, Donostia International Physics Center-ek aurkeztuko du “Planet of the Apes” filma (1). Zalantzarik ez, gero, antolatzaileek, programa burutu zutenean, ezin izan zutela inondik ere sumatu lehen emanaldia gertatu orduko EEBBak Venezuelaz jabetuko zirenik.

“Tximinoen Planeta” filma (1968ko kontaera batez ere) ez da zientzia fikziozko istorio soila, funtsezko mezuetakoa gizakiaren harrokeria eta autosuntsiketaren kritika da-eta. Filmak erakusten du, giza-zientzia eta teknologiarik aurreratuenaren jabe izan arren, egungo zibilizazioa gauza dela bere burua birrindu eta hondamendian amilarazteko. Adierazgarri gisa, filmaren amaierako irudi ikonikoa, zeinean New Yorkeko Askatasunaren estatua agertzen den eroria eta itsas-bazterreko hondarretan erdi estalia.

Segurutik ez da, oraingoz, Askatasunaren estatua jausi beharrez dagoen irudia baina, martxa honetan, denbora-kontua besterik ez da. Munduak aldatzen dihardu eta batek daki zer gertatuko ote. Europar Ilustrazioa maldan behera doa, Nazio Batuen Erakundeak –iraungo badu-- kristalezko loreontziarenak egiten jarraitu beharko du eta, bitartean, batere lotsa eta espanturik gabe, EEBBek Venezuelako nahiz Venezuelaren petrolioa bereganatuko dute, orain, eta Groenlandiaren geoestrategiaz baliatuko, gero.

Zer ikusi hura ikasi. Errusiak Ukrainaren ekialdeko ikatza, burdina eta titanioa ditu gogoko, mineral arraroez gainera, eta Txinak Taiwango semikonduktoreen industria lehiakorra bezain ahaltsua du amets. Ezer berriegirik ez, britainiar eta espainiar inperioek hainbat mendetan zehar egin zutenaren antzerako. Edo oraintsuago, Europa zibilizatu eta eredugarriak XIX. mendean Afrikan egin zuenaren pareko. Hau da, 1885ean  Berlingo  Konferentziak egin zuena: Kongoa “estatu libretzat” jo eta, aldi berean, Belgikako Leopoldo II.a errege genozidari oso-osorik oparitu (erregeari berari, ez Belgikari).

Ez dute EEBBek denbora askorik behar izango Venezuelan diren munduko petrolio-erreserbarik handienak ahitzeko, batez ere, Ipar Ameriketako bertako erreserbak ahalik eta gehien iraunarazteko. Eta orain sinesgaitz iruditu arren, noiz edo noiz, “Tximinoen planeta” filmak iragarri bezala, Askatsasunaren estatuak hondarretan gainbehera egingo du. Filmak berrehun urte inguru iradokitzen du. Ezer gutxi, nire Aranberrineko aitona zena orain dela 186 urte jaio zen. Atzo.

1) “El planeta de los simios”. Franklin J. Schaffner, 1968. Charlton Heston.

.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: