Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txillardegi hizkuntzalari

Txillardegi hizkuntzalari

Amatiño 2025/03/13 16:10
“Txillardegi hizkuntzalari” (Markos Zapiain. Elkar, 2024). Saiakera aukerakoa, Txillardegi ezagutzeko betarik izan ez zuen belaunaldiarentzat eta, Txillardegi hizkuntzalari izan zenaren gaineko “mappina” balitz bezala, zeharo aproposa haren nondik norakoaz jabetzeko eta gogoan izan zituen erreferentzien berri jakiteko.

Txillardegik Hizkuntza eta pentsakera (Larresoro*. Etor) saiakera argitara eman zuen 1972ko lehen hiruhilekoan eta 26 urteko Amatiño kazetari gazteak zera idatzi zuen hartaz (Zeruko Argia, 1972-03-19): “Kritikarien esanen gora behera, ez dio inork Larresoro jaunari kenduko gairik zailena apalik, argiro eta atsegingarri azaltzeko duen dohain aparta. Ez dago, ez, gai sakonik zein liburu aspergarririk, egileak zentzu eta idazkera argiak dituenean”. 53 urte geroago beste horrenbeste esan dezake Amatiño zaharrak Markos Zapirainek idatzi digun Txillardegi hizkuntzalari saiakeraz.

Idatzi “digula” diot, nabarmena baita Markos Zapirain filologo eta filosofoak egin duen berebiziko ahalegina, beretzat hain eguneroko eta ezin oinarrizkoago diren hainbat gai ahalik eta gehien xehetzeko eta errazteko. Nork daki Zapirain maisuak pedagogiarik egin nahi izan ote duen, baina didaktikarik behintzat, nahita edo nahiezta, gogotik erabili du. Bildu beharraren beharrez laburbilduz, eta liburutik atera gabe, Txillardegi hizkuntzalari  alea da, bete-betean, Txillardegiren araberako hizkuntzalaritza eta haren euskaltzaletasuna.

Txillardegiren biografia laburra amaierarako utzita, liburuak atal nagusi bi ditu: Hizkuntzatasuna eta Euskara. Lehendabizikoaren aldatsari lepora dakioke bidean nekatzeko arriskua eta bigarrenari, berriz, maldan beherako pasealeku ezagunagoaren ordaina.

Aurrenekoari dagokionez: Marx, Einstein, Saussure eta Lévi-Strauss; Humboldt, Mitxelena, Sapir eta Lecan; Sartre, Whorf, Kant, Azurmendi eta Freud… Estrukturalismoa, matematika, geologia eta antropologia; Hopiak eta mendebaldezentrismoa; zelula eta makina, etika eta teknozientzia, metafora eta metonimia… oro har sekulako basoa (edo, hobeto esan, oihana!), edozein urbanita xume izutzeko eta galtzeko bestekoa. Baina horra non, Txillardegi erromes kementsu eta aspergaitza lagun, Zapiain maisuak argimutilarenak egiten asmatzen duen, inor lar neka ez dadin eta, bidegurutzetan, irakurleak norabide ulerterrazak aurki ditzan.

Saiakera aukerakoa, Txillardegi ezagutzeko egokierarik izan ez zuen belaunaldiarentzat eta, Txillardegi hizkuntzalari izan zenaren gaineko “mappina” balitz bezala,  aproposenetakoa haren nondik norakoaz jabetzeko eta gogoan izan zituen –ala ez— erreferentzien berri jakiteko.

Nik neuk, kazetari zahar eta petral gisa baino ez, pare bat “bainatxo” ezarriko nizkioke (eta ezarriko) kontakizunari… Haatik, hurrengoren batean hobe, agian, gaurkoan liburuari –eta ez beste ezeri— zor zaio-eta protagonismo guztia.

* Txillardegiren beste izengoiti bat

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: