Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txiki eta Otaegi… Franco beranduegi hil zitzaien

Txiki eta Otaegi… Franco beranduegi hil zitzaien

Amatiño 2025/09/01 15:55
Txikik eta Otaegik (1) ez zuten hautu politikorik egiteko beta askorik izan, Franco zendu baino bi hilabete lehenago hilarazi zituztenez gero. Diktaduraren kontra euren bizitza eskaini zuten, baina ez zuten diktaduraren osteko garaian jarrera politikorik adierazteko aukerarik izan. Tamalez, eurentzat behintzat, Franco beranduegi hil zen. Beranduegi hil zitzaien.

Irailaren 27an. berrogeita hamar urte beteko dira Txiki eta Otaegi  exekutatu zituztela (2), eta urtebetetze honen inguruan iritzi bi guztiz kontrajarriak plazaratu dira, nahiz, paradoxa bada ere, biak okerreko premisa beretik abiatu. Alegia, Txiki eta Otaegi bart hil izan balira moduan, edo azken mende erdia sekula gertatu izan ez balitz bezala. Beste era batez esanda, Franco inoiz bizi eta hil izan ez balitz bezala.

Franco hil ostean ia lau hamarkadatan borroka armatuaren praktika eta zilegitasuna defendatu izan dutenak lotsa handirik gabe jabetu dira Txiki eta Otaegiren memoriaz, 1975ean frankismoak exekutatu zituen bi gazteek frankismoaren ostean ere borroka armatuaren ildotik jarraitu izan balute bezala. Eta, aldi berean, azken berrogeita hamar  urteotako borroka armatuak eragindako biktimen inguruak Txiki eta Otaegi epaitu ditu, eurak hil osteko ETAren erailketen partaide izan izan balira bezala.

Mutur ilun bi horien artean beharrezko den argibiderik eman du Jose Manuel Bujandak (ETA-pm ohia), "Bixar" (3) zenak, zeinak hainbat hilabetez Txikirekin batera Nafarroan zehar jardun zuen eta Txikiri berari "Eusko gudariak" (Extremadurako zarauztarrak, fusilatu zuten unean, kantatu zuen ereserkia) erakutsi zion.

Jose Manuel Bujandaren (Donostia, 1953) argudioa ezin adierazgarriagoa da: asko dira (4) Franco hil aurretik borroka armatuan aritu arren, Franco ostean arma-bidea uxatu eta nork bere hautu politikoa egiteko aukera izan zutenak (5). Txikik eta Otaegik ez zuten, ordea, betarik izan, Franco zendu baino bi hilabete lehenago hilarazi zituzten-eta. Diktaduraren kontra euren bizitza eskaini zuten, baina ez zuten demokraziak erakarri zuen plaza irekian postura politikorik hartzeko abagunerik izan. Tamalez, eurentzat behintzat, Franco beranduegi hil zen. Beranduegi hil zitzaien.

1975eko udazkenetik aurrera, Txikik eta Otaegik ez zuten ez bizitzarik eta ez --ezin bada-- jarrera politikorik izan, irailaren 27an hormaren kontra tirokatu baitzituzten. Berrogeita hamar urte betetze honetan, biei zor zaie gutxieneko begirunea, 2025eko antiparrekin egungo interes politikoen arabera egokitzeari ekin beharrean.

---oooOooo---

1) Juan Parades "Txiki" eta Angel Otaegi, ETA(pm)ren kideak.

2) FRAPeko hiru kiderekin batera: Xose Humberto Baena, Ramón García Sanz eta José Luis Sánchez Bravo.

3) "Txiki, medio siglo después".

4) Bujanda polimilia bera tarteko. Egun, Gipuzkoaren ordezkaria Eusko Ikaskuntzaren Kontseilu Errektorean.

5) 1965 urtean-edo, Eibarko Arrate Elkarteko Euskal Kultura Batzordearen baitan ezagutu nituen nik, neu baino hiru urte gazteagoak ziren mutil bi: Mario Onaindia eta Iñaki Sarasketa. Hamazazpi urte besterik ez zuten, eta euskal giroan laguntze aldera hurbildu zitzaizkigun. Nik jakin ez arren, nonbait biak ziren ordurako ETAren ingurukoak. Ez, horratik, luzaro, Iñaki 1968an atxilotu baitzuten eta Mario, 1969an. Biei ezarri zieten herio-zigorra eta biak baliatu ziren 1977ko amnistia orokorraz. Ondoren biek uxatu zuten borroka armatua eta biek izan zuten nork bere aukera politikoa egiteko aukera.

.

Txiki eta Otaegi
Txiki eta Otaegi, 1975eko irailaren 27an. fusilatu zituzten.

Pello Salaburu
Pello Salaburu dio:
2025/09/02 14:57
Eskerrik asko hire hitzengatik.
Besarkada bat,
P
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: