Txandaka
Aurreko igande-arratsaldez, Ipuruan, Eibar eta Athletic elkarrekin --edo elkarren kontra-- zirela-eta, horra non aitxitxa zaharrak ikusten duen biloba elastiko zuri-gorria jantzita: “Ze, Ander, Athletic-en kamisetiaz?”. Eta bost urteko gizon txikiak, filosoforik handienarenak egiten, erantzun: “txandaka”.
Ume-umetatik, beti entzun izan dut nik, nire inguruan, ganorazko gizonezkoa samur aldatu zitekeela erlijioz, alderdiz, egunkariz edo emaztez, baina nekez, aldiz, futbol-taldez. Haatik, hau ere, aldatzen ari da. Dena ari da aldatzen. Dena da kendu-ipinikoa. Txandakakoa.
Euskal futbola nabarmen aldatu da azken urteotan. Argazkian, Iñaki Williams eta Bebé (Tiago Manuel Dias Correia), aurreko igandean, Ipuruan.