Trump eta Dorian Grayren erretratua
“Orain pentsatzeari uzten badiogu, ez dugu ez eskubiderik eta ez zilegitasunik izango aurrerago adierazteko. Zentzuren batean, orain ala inoiz ez. Eta ez naiz karbono-aztarnaz ari, baizik-eta, maila guztietan, inperialismoaren sistemez.
Trump gezurtia da, baina zintzoa. Badaki gezurretan ari dela, eta badaki guk badakigula gezurretan ari dela, eta ez du ezkutatzen.
Trump gu bezalakoa da. Mendebaldeko presidentea bere politiken, gure politiken eta, beraz, jakitun aukeratzen ditugun politiken isla zital eta koldarra da. Orain ezin dugu esan ez dakigunik. Hauxe da, hain zuzen, berria, eta, nolabait, gauza ona. Trump, eta hau da arazoa, ez da istripua, ezta urrats faltsua ere. Leialtasun unea da.
Sinbolo hori, zoritxarrez, guztiz aproposa da irudikatzen dituen arloei dagokienez: inperialismoa, arrazismoa, sexismoa, klima-aldaketaren negazionismoa, klasismoa, espezismoa, maskulinismoa, kolonialismoa. Bere basakeria gordin guztien sinboloa. Historiaren ukazioa eta eskubideen desegitea zabalik eta harro erakusten duen sinboloa.
Hori guztia bazen Trumpen aurretik ere.... Baina Trumpek izan du dena erakusteko eta gorpuzteko bertutea. Dena oihuka, orroaka, izerdika eta botaka egiten du. Ez du menderatze-harremanik baino gogoan. Baina, berriro diot, Trump ez da arazoaren jatorria; sintoma besterik ez da, haragitze paroxistikoa. Trumpek gardentasunaren bertutea du.
Orain ezin dugu itxurak egin eta zer garenik ez dakigula esan. Nire ustez, axola duen galdera bakarra, beste guztien gainetik, zera da: onartzen al dugu? Benetan nahi al dugu? Gura al dugu? Ez naiz Trumpen figuraz ari, bera gorrotatzea erraza da-eta.
Ari naiz ordezkatzen duen guztiaz: gure balioez eta proiektuez. Beraz, auzia ez da Trumpek erakusten duena, Mendebaldeak erakusten duena baino. Mundu hau ez da sortze beretik honela izan. Eraikia izan da. Guk eraiki dugu. Esan daitekeen gutxiena da denbora luzean bideratu dugun norabidea ez dela, hain zuzen ere, pozgarria.”
Trump da Dorian Grayren erretratua. Galdera bakarra, berriz: gai izango al gara elkarren aurpegira begiratzeko?
---ooOoo---
