Tradizioa eta sinbologia ez daude hankartean
Hondarribiko alardearen eztabaida ez da arrazoi-kontua. Arrazoi berberaz defenditu daiteke jarrera bata zein bestea. Batetik, ez da inondik ere ezelango tradiziorik zapuzten emakumeek gizonezko jantzita parte hartzeagatik eta, bestetik, ez da inondik ere oinarrizko giza-eskubiderik hausten emakumeek parte hartzen ez badute. Hondarribiko alardean ez daude jokoan ez tradizioa eta ez emakumeen eskubideak, bi jokamolde kontrajarrien setakeria eta egoskorkeria baino.
Atzo bertan, Getxo Folk nazioarteko topaketak direla eta, Eskoziako gaitajole taldeak kalejira egin zuen Bilboko Gran Vian zehar. Den-denak gaita lepoan hartu eta koadrodun gonaz jantzita, tradizioak eskatzen duen moduan, baina ez ordea denak gizonezko, sasoi batean horrela izan arren.
Hala ere, ez dago Eskoziako muturreraino joan beharrik beste horrenbeste ikusteko. Gure hainbat euskal dantza-taldetan ere, makinatxo bat dantzari dira gizonezko jantzita dantzan egin arren, emakume direnak. Segurutik mutil-dantzak mutilez osatu ezinak ekarri du neskak gizonezko jantzi beharra baina, zer gerta ere, tradizioa ez datza dantzarien hankartekoan, dantza-mota bakoitzari dagozkion jantzi eta pausuetan baino.
Alegia, Hondarribiko gizonezkoek –gizonezkoak izan arren-- tradizioa birrinduko lukete gona eskoziarrez jantzita Alardean parte hartuko balute, baina Hondarribiko emakumeek ez dute sinbologiarik hausten galtza zuriz jantzita parte hartzen duten bitartean.