Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Errealismo mingotsa

Errealismo mingotsa

Amatiño 2026/10/20 00:20
Kulturkliken agendaren arabera, barrena hamazazpi herritan (1) programatu da bart, Euskal Herrian zehar, Igor Legarreta zuzendariaren “Inurri itsuak” filma. Lau astebete aurkeztu zela eta indarrean dirau, arrakastatsu antza.
Errealismo mingotsa

Josefa etxekoandrea, Eibarko eskopetaz

Igor Legarretaren “Inurri itsuak” filma, Ramiro Pinillaren “Las ciegas hormigas” (2) eleberrian oinarritua, aurtengo Donostiako Zinemaldian estreinako aurkeztutako filma da, latza, garratza, goibela, samina, gordina,… zenbait sekuentziatan itogarria.

Istorio erdia gauez, euritan, neketan eta beltzetan gertatzen da, 1930 urtean, Bizkaiko Labe Garai ahaltsuek milaka tona ikatz erretzen zuten garai hartan, kilometro gutxira sukaldea berotzeko lain ere ez zuten baserritarrak miseria gorrian bizi ziren artean.

Errealismo mingarriaz burututako filma, gaur egun Uribe Kosta (3) deritzan eskualdean kokatzen da, Galea mutur inguruko labar malkartsuetan, non ikatzez gainezka heldu den itsasontzi galanta,  euskal flysharen azken adarretan gila jo eta bertan behera geratu den "urre beltzez" lepo betea (4). Itsas-bazterrean nora ezean baretu den altxorrak ugazabarik bai ote?

Ahaltsuen eta behartsuen arteko batere orekarik gabeko tentsioa. Urko Olazabalek (Sabas Jauregi)  ordezkatzen du egoeraz gogoaiturik dagoen baserritarra, zer gerta ere  buru-belarri aurrera jarraitzen duen egoskorraren nahi eta ezina. Itziar Ituñok (Josefa) ostera, inoren tranpan jausteko arriskua sumatzen duen etxekoandre ausartaren (5) emakume-zentzua. Eta guardia zibilaren nagusiak, berriz, partida guztian zehar sakearen jabe eta erreferaren beldurrik gabe diharduen pilotariaren gorrina.

 Amaieran, baserritarrak etsi egiten du, ezin bestean. Mindatan ezkutaturik izan dituen ikatz-sakuak galdu ez ezik, baita oinetakoetan itsatsi zaizkion hauts apurrak ere. Uniformedunari leporatzen dio “betiko nagusien alde baino ez dela ari”. Eta karguak erantzun: “zure nagusiak ere badira”.

 ---ooOoo---

1) Araban (Gasteizen), Bizkaian (Barakaldo, Bermeo, Bilbo, Mungia eta Zallan), Gipuzkoan (Azpeitia, Billabona, Donostia, Errenteria, Hernani, Lazkao, Legazpi, Oñati zein Zarautzen) eta Nafarroan (Iruñean).

2) Nadal Saria 1961.

3) Harkaitz Cano eta Gorka Lazkano lagun, filmaren euskal bertsioa bizkaieraz egina dago, baina ez, erabat behintzat, bizkaiera “osotuaz”, Uribe Kostako ezaugarriez baino. Erabaki hau zentzuzkotzat jo daiteke gidoiaren arabera, baina are gehiago urruntzen du ulergarritasuna. Badira zenbait molde Sopelan arruntak izan daitezkeenak, baina Ermuan ez ezik, Zornotzan eta harantzago ere ezezagunak direnak. Horrez gainera, inoiz ematen du Urko Olazabalek Itziar Ituñok ez dituen ahoskera arazotxoak-edo dituela. 

4) Gezurra dirudien arren, filmaren grabaziorik gehiena ia 300 m. koadroko estudio barruan egina dago: labarra, itsasontzia, gaua, etenik gabeko euritea… besteak beste adimen artifizialaren laguntzaz.

5) Eibarren egindako eskopeta eta guzti.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal