Testosteronadunentzat
Ordu bi eta erdiko infernu amaitezinean zehar, aipagarri mendi-paisaia eta erreka-zulo elurtuak (Kanadan eta Argentinan grabatuak omen), sekulako argazki-lan ederra, karakterizazio onak, garaiko giroa, etnografia-ekarpena eta, diotenez (honetaz jabetzeko ingelesez ondo jakin behar), duela berrehun urteko kolonoen hizkera jatorra. Demasa, berriz, artzaren sekuentzia eta ondoko borroka.
Aukeran, ez nituzke ordea batere sarituko gidoia, kontakizuna, elkarrizketak eta erasiak. Ezta Leonardo DiCaprioren beraren antzezlana ere, ñabarduratik, leunetik, xehetik eta barne-sentipenetik benetan gutxi baitu eta askotxo, aldiz, erronka fisikotik eta neurriz gaineko gehiegikeria zein larregikeriatik. Ez da sinesgarria…
Zirrara bortitz, oldar eta odoltsuak maite dituztenentzako ikuskizun tekniko-komertziala (ez da dohain txarra baina ezta ukatu beharrekoa ere). Barrabildunentzako moduko ekoizpena. Ez ditut nik imajinatzen ikusentzule emeak honen eskaintza zakarrari gustura behatzen. Ezta testosterona galtzen urteak daramatzagun gizonezkook ere.
Zinegintzaren antologietan bilduko den sekuentzia, omen...
Niri asko gustatu zitzaidan. Birritan ikusi dut jada.