Terrorismoaren erasanaren ondoko ments estrukturala
Datuak ikaragarriak dira eta benetan literatura gutxi behar da azken bost hamarkadotan euskal ekonomiak pairatu duen gainbehera adierazteko, 1975etik 2019ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegoaren BPG %24 jaitsi baita Espainiako Estatuarekiko. Hamazazpi autonomietatik, EAE da bilakaerarik txarrena izan duena. Arrietak argi dio endekapen guztia ezin dakiokeela leporatu ETAren eraginari, baina aldi berean azpimarratzen du, segurutik galera askoz ere handiagoa izango litzatekeela Kontzertu Ekonomikoaren laguntza gertatu izan ez balitz.
Enpresa, enpresari, langile, kapital eta depositoen deslokalizazioa
Egindako kalkuluen arabera, 10.000tik gora izan ziren estortsioren bat nozitu izan zuten enpresari, zuzendari, merkatari eta dendariek. Alde egiteko modurik izan zuten hainbat enpresa txiki eta familiarrek alde egin zuten, eta txostenean zehazki aipatzen diren zuzendari eta arduradunen bahiketa eta erailketaren ondotik, zenbait enpresa handik EAEtik kanpora eraman zituzten lan-arlo osoak inbertsio berriak kanpoan egin zituzten.
Deslokalizazio hauek begi bistakoak suertatu ziren jakineko zenbait eskualde eta industrialdetan, EAEren inguruko lurraldeetan hazkundeak nabarmen gora egiten zuen bitartean. EAEtik kanpo egindako inbertsioaren arabera, berriz, 30.000 langune galdu bide ziren lanpostu zuzen eta zeharkakoen artean.
Giro honek (zeinean, pasadizoan bada ere, txostenak birritan sindikatuak aipatzen dituen) eragin du enpresari-bokazioaren beherakada nabarmena. Batetik, belaunaldi bakar batean, EAE pasatu da espainiar Estatu barruan, buru izatetik enpresa-ekimenean, azkeneko postuetara. Bestetik, Erkidegotik kanpora ateratako enpresa familiarretako seme-alabek gehiago jarraitu dute gurasoen jarduera, Erkidegoan geratutako enpresarien seme-alabek baino.
Horrez gainera, enpresa, enpresari, lanpostu eta inbertsioen deslokalizazioaz aparte, bankuetako depositoek ere kanporako bidea hartu zuten, 1980 eta 1990 hamarkadetan batez ere, zenbait banku eta aurrezki kutxatako langileen diskreziorik ezaren beldur.
Kanpoko inbertsioa ere beldur orokor honen isla izan zen. 1960 eta 1970 hamarkadetan hiru Herrialdeek jasotzen zuten Atzerriko Inbertsio Zuzena (AIZ) Espainiak biltzen zuenaren %7 izan ohi zen. 1993-2011 urteetan, berriz, %1,8ra jaitsi zen, Kontzertu Ekonomikoaren onura erakargarria izan arren, euskal lurraldea “talde terroristen ekintza-eremua” zenez gero.
Kalte estrukurala
Txostenak zalantza gutxi du ETAren terrorismoak EAEren ekonomian, industrian, inbertsioan eta garapenan izan duen ikaragarrizko ondorioak aztertzerakoan, baina harago darrai, kaltea hain handia izan da ezen, sekulako “ments estrukturala” utzi baitu, besterik gabe konponduko ez dena. Honetaz ere datuak adierazgarriak dira. Azken 10 urteotan EAEren %11,8 gehitu da, Espainia (%14,2), Katalunia (%15,3) eta Madril (%18,2) baino dezente gutxiago.
Aldi berean, azken bost urteotan, sektore pribatuaren lanpostu sorrera %1,8 izan da, Estatu osoan (%6,2), Valentzian (%8,8) eta Madrilen (%9,3) izan den bitartean. Era berean, euskal erkidegoko ekonomia izan da, espainiar autonomia guztien artean, bilakaerarik txarrena izan duena.
Txostenaren ustez, Kontzertu Ekonomikoaren kudeaketa zuhurrak, herritarron kontzientzia fiskal handiak eta euskal ekononomia ezkutua (%8,7) Estatukoaren erdia (%17) izateak konpensatu du terrorismoak eragindako inbertsio pribaturik eza eta Espainiako Gobernuaren zein Europar Batasunaren laguntza falta (1). Baina honek ez du Euskadi zulotik aterako eta, besterik gabe, euskal ekonomiak sufritzen duen kapital, enpresa, enpresari eta goimailako lanposturik eza konponduko.
Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Aldundiek eta bertako inbertsio pribatuak industria sustatzeko elkarrekin iragarri duten Euskal Finantza Aliantza onuragarri ez ezik, behar-beharrekoa ere izango da.
1) Guztira 2.100 milioi euro izan ziren Europar Batasunak, Erresuma Batuak eta Irlandako Gobernuak elkarrekin jarri zituztenak 1995etik 2020ra bitartean, PEACE programaren barruan, Ipar Irlandako eta bere mugetako elkarbizikidetza sustatzeko. Horrez gainera, geroztik indarrean jarria da 1.140 milioi besteko PEACE Plus delakoa, 2021ean hasi eta 2027ra bitartekoa. Alegia, Europar Batasunak laguntzen jarraitzen du, 2020eko abenduaren 31an Britainia Handiko Erresuma eta Ipar Irlanda Europar Batasunetik alde egin arren. Beste modu batez esanda, euskal hiritarrok, Europar Batasunaren parte izaten jarraitzen dugun heinean, diruz ari gara Ipar Irlanda bakebideratzeko ekonomia laguntzen, jasan zuen gatazka politikoak erakarri zion gainbehera ekonomikotik atera dadin. Euskadik ez du, ordea, ezelango pareko programatik batere laguntzarik jaso.