Teleberrik, 30 urte
ETB telebista-katea (aurretik Eusko Irratia bezalatsu) elebiduna izateko asmotan jaio zen hasiera beretik. 1982ko abenduaren 31ko gauerdian antenaratu zen lehen programa elebiduna gogoratu besterik ez dago.
1983ko urtarrilean zehar Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen, ordea, Euskararen Aholku Batzordearen proposamenez, ordu arteko esperientzia elebidunek irratiz (Herri Irratia) zein egunkariz (Deia eta Egin) garbi asko frogatzen zutela euskarak gaztelaniaren kontra lehiatu ezina, komunikabide berberaren baitan. Beti euskara bigarren mailara makurtarazten zuen lehia hori ekiditzeko edo saihesteko erabaki zen ETBk programazio elebidun komentzionalik ez egitea, bi hizkuntzak tarteka-marteka ez txandatzea.
Zentzu honetan, programak hizkuntzaz ez txandakatzeko, aparteko bi tarte berezi egitea erabaki zen. Bata “ohikoa”, iluntzeko zazpietatik afaloste artekoa, euskara hutsez. Eta bestea, “ezohikoa”, gaztelaniaz, eguerdiko ordu bietatik arratsaldeko bostak arte edo. Honela lortzen zen nolabaiteko programazio elebiduna, baina hizkuntza bakoitza bere barrutian, elkarrekin gurutzatu gabe, elkarren lehian jartzeke, elkarri espazioa jan beharrean jartzeke.
Bi urte geroago, 1986an, eguerdiko erdal tarteari erantsi zitzaion gaueko ordutegi osoa, gaztelaniaz, eta gaueko euskarazko programazioari ezarri zitzaioan eguerdiko tartea, euskaraz ere. Biak, beraz, paraleloan, eta sintonia bitan, ezin bestean. Honela sortu ziren egungo modeluak, ETB1 eta ETB2, bakoitza bere programazio aproposarekin.
Honezkero 30 urte bete dituen Teleberri albistegia bataiatzerako orduan hiru ideia nagusi erabili ziren gogotan: TELEberri”, egitasmo berria zenez (tele berria, telebista berria); TeleBERRI, telebistaz emandako berriak (tele-abistea, telebista-albistegia) eta TELEBERRI, ordu berean TVEk zuen “Telenorte” zaharra gainditu gurarik.
Juan Luis Bikuñak 27 urte egin zituen astegunero pantailan agertzen. Bera izan zen, bi hamarkada luzetan, Teleberriren eguneroko aurpegia. Batere zalantzarik gabe, “Biku” dugu, Euskal Telebistaren kate guztietan, sarrien agertu izan den aurkezlea, sekulako aldeaz gainera.
Bikuñak eta biok elkar ezagutu genuen 1970 urte inguruan. Bera freelance moduan aritu ohi zen EFE agentziarentzat zein Donostiako hainbat egunkarirentzat eta ni, berriz, Z. Argiaren berriemaile. Denetarik egin behar izaten genuen --Bikuk batez ere--, inguruko herrietako berriez, kultura-ekitaldiez, ekonomiaz zein ETAren erasoez. Orduan ez zegoen espezializaziorik.
Juan Luis Bikuña oharrak idazten, 1977ko urtarrilaren 19an, ikurrina Bergarako Udaletxearen balkoian estreinako eseki zen iluntzean (Argazkia: Roman Larrañaga)