Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Teide, “infernurik” gorena

Teide, “infernurik” gorena

Amatiño 2017/11/10 11:20
Teideko Parke Nazionala (Unescoren Mundu Ondarea), Tenerifen, munduko seigarren parke naturalik bisitatuena da eta Espainiako lehena. Lau miliotik gora bisitari izan zituen iaz, Picos-de-Europa delakoak baino bi bider gehiago, Ordesak baino sei-zazpi aldiz gehiago eta Doñanak baino hamahiru bider gehiago. Lau milioi ikusliar horietatik %2k besterik ez dute gailurrera igotzeko baimenik lortu izaten. Hau da, eguneko, 200 lagunek baino ez.

Teide (Etxeide), guantxe izena da, “infernu” (gaiztoaren etxe-baita) edo esangura omen du. Sumendiaren gailurrik gorenak 3.718 m. ditu, eta libre da igotzea 3.555 metroraino, La-Rambleta izeneko ingururaino; hemendik gorako 163 metroak igotzeko (45 minutu) aldez aurretik hartutako baimena behar da. 200 baimen ematen dira egunero eta eskabidea bi hilabete lehenago-edo egin behar izaten da.

La-Rambletaraino (3.555 m) igo ahal izateko bi aukera daude, Teideren barreneko auto-aparkalekutik (2.300 m.), oinez edo teleferikoz. Oinez, ia lau ordu eta erdi behar dira eta teleferikoz, berriz, zortzi minutu eskas.

Oinezko igoera (Montañas Blancas-Altavista-La Rambleta) benetan astuna eta neketsua da. Lehen ordu eta erdia zeharo erraza, batere zailtasun eta aldats handirik gabekoa, bidezidor eroso samarrean barrena. Baina, ia hiru orduko bigarren partea, berriz, zinez gaitza eta gogaikarria, etengabe beti gora eta gora, sumendiaren labartean irekitako bide meharrean zehar, eguzki galdatan eta sufre-usainetan. Gainera, gora egin ahala, hiru mila metrotik gora, hauspoa murrizten da, arnasestua nagusitu, itolarria gailendu, burukomin-punttua akitu eta nekealdia areagotu (garaiera gaitza).

Esan bezala, La-Rambletarainoko (3.555 m.) igoera libre da, oinez nahiz teleferikoz, baina handik gailurrerainoko 163 metroak igotzeko baimen berezia behar da edo… bertan lo egin eta, goizean goizo, kontrola abian jarri aurretik pasatu, atezaina lanean hasi baino lehenago!

Alegia, 3.265 metroan dago Altavista aterpetxea non, lekua denboraz hartuz gero, bezperan heldu daitekeen, bertan lo egin eta, argitu baino lehen, Teide tontorreruntz abiatu eta egunsentia gailurretik bertatik ikusi. Gero, La-Rambletara jaitsi, teleferikoa hartu eta, nahiz izanez gero, goizeko zortziak aurretik… gosaltzen!

Drago

Teide sumendia eta milaka urteko drago zuhaitza, Tenerifeko bi ikur mitikorik handienak, aurrez aurre. 

Teideigoera

Behetik gorako bidea: autoa TF-21 errepidean (2.300 m.) utzi. Montaña Blancatik Teideko barreneraino abiatu, "Arrautzen" ingurutik, bidexka erraz eta eroso samarrez. Handik gora, sekulako aldats zail eta latza. Erdialdean, Altavista aterpetxea (3.265 m.), eta lehen tontorrean, La-Rambletako teleferikoaren helmuga (3.555 m.).  Bertatik gora, baimenez baino igotzerik ez dagoen azken zidorra, gailurreraino (3.718 m.).

Teidearraultzak2

Teideko "arrautzak". Sumenditik maldan behera eroritako laba, salda beroa zelarik elur bola balitz bezala, zenbat eta beherago jaitsi, hainbat eta handiago. Garaieraz, hiru pertsona elkarren gainean bezain garaiak.  Atzekaldeko olatu iluna, azken erupzioaren aztarrena.

Teide

Azken bi ordu luzeko aldatsa  izugarri astun eta latza da, laba "gazte" artean. Hogei metrotik behin atseden hartu beharreko basamortu gaiztoa. Jendea bide bazterrean geratzen da jarraitu ezinean. "Garaiera-gaitzaren" arriskurik ere bada, ezustean. 

Teidegaina

La-Rambletako behatokian (3.555 m.). Eskerrak, gero, gorago igotzeko baimenik ez geneukan! Ezin aitzakia dotoreagorik, ez jarraitzeko. 

Bikotea

Manu Ibarra eta biok, azken 163 metroen faltan. Hurrengoan, baimen eta guzti, goraino. Bai horixe!

Luistxo Fernandez
Luistxo Fernandez dio:
2017/11/10 12:21
Hara, nire lehengusua Manu! Aspaldi ez nuela ikusten...
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2017/11/11 16:53
Ño! Zorionak! Guk errezena egin genduan: teleferikuan igo eta jeitsi ;) Ia hurrengo baten...
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: