Streaming aroa
Gaiak edo garaiak arotan neurtuz gero, Bidasoaz (2) honako telebistak hogei urte inguruko lau aro bizi izan ditu. Laburtu beharraren beharrez, 1960 eta 1970eko hamarraldiak Espainiako diktadurapeko telebista publikoaren monopolioaren aroa izan zen. 1980 (3) eta 1990eko bi hamarraldiak telebista autonomiko eta pribatuen (4) sorreraren aroa. 2000 eta 2010eko hamarraldiak digitalizazioaren, multimediaren eta lehen plataformen (5) aroa, eta 2020tik (6) aurrera, denetariko plataformen ugalketaz (7), bete-betean bizi dugun streaming aroa.
Ezin esan orain berrogei eta bost urte, ETBri ekin zitzaionean, inork zekienik norantza gindoazen, baina zalantzarik ez gero, 1990eko hamardakaren erdialdeko idazlanetan (8) aipatu zela estreinako, orduan erabat berria zen nomenklatura: multimedia, internet, argitaletxe elektronikoak, on line erosketak, on demande, pay-per-view, “laguntzaile digital pertsonala” (algoritmoa?), interakzioa, nolabaiteko podcastak etab. Lehen urraspide haien garapenaren ondorioa da egungo streaming aro mardula
Beste kontu bat da, eta ez zaio Urkizuri arrazorik falta, streaming teknologiaz baliatuz, nazioarteko plataforma handi-mandien botere ahalguztiduna, algoritmoen diktadura, ia amaigabeko unibertso izartsuan euskal eskaintzak irudiztatzen duen hauts kosmikoa eta euskal jakineko estrategiarik izan ote den zalantza eta kritika.
Amaiera gisa, egileak irakurleari egindako aholkua: “… guztia aintzat hartuta, eta liburuaren lerro hauetara iritsi baldin bazara, kontsumitzaile gisa gomendaduko nizuke ez konformatzeko plataformaren algoritmoak eskaintzen dizun lehenengo edukiarekin. Begiratzeko zer izan daitekeen interesgarri han eta hemen, plataforma batean ala bestean, zer izan daitekeen asegarri. Eta azkenean amaituko duzu zinta edo telesail arin batekin gozatzen. Baina tira, ondorioa: ez zaitzala Netflixen algoritmoak irentsi eta zuloa batean sartu. Ireki leihoa, sartu dadila haizea…” (9).
---oo0oo---
2) TVE 1956an sortu zen baina 1960an gizarteratu, Belgikako Balduino eta Fabiolaren arteko ezkontzaren emanaldiaz.
3) 1983ko urtarrilaren 1ean izan zen ETBren lehen emisioa eta, aitzakiatzat hartuta, lehen … magnetopskopioa oparitu nire buruari, Betamaxa, VHSa desagertuko zelakoan. Alderantziz gertatu zen.
4) Espainian Telecinco eta Antena3, 1990an. Frantzian, Canal+ (1984) eta TF1 (1987).
5) YouTube 2005ean sortu zen.
6) Netflix 2015ean hasi zen (Iparraldean urtebete lehenago).
7) Egileak bereizten ditu Netflix nagusia, batetik, eta haren aurkariak bestetik (Amazon Prime Video, HBO Max, Skyshowtime, Apple TV Plus, Youtube etab.).
8) “Intelektualak, telebista eta multimedia”. Gasteiz, 1996.
9) “Pentsatu behintzat, badela hor zehar asetu zaitzakeen dokumental, film labur, telesail, animaziozko lan edo fikziozko fulm luzeren bat. Eta hori egon daitekeela etxe ondoko areto txiki batean. Edo etxeko pantailetan. Pentsatu, irakurri. Hartu ekimena erabakian. Ez zaizu damutuko."
