Solidaritate-kontua ala konfiantza-falta?
Europar Batasunak hartu ditu pandemiaren krisiari aurre egiteko erabakiak. Izango dira dirulaguntzak, maileguak eta kreditoak, baina, oraingoz, ez da Estatuen zorrik mutualizatuko. Hau da, Europako iparraldeko Herrialde aberatsek nahi bezala, Estatu bakoitza bere zorraz jabetu beharko da, eta bere egoerari dagokion arriskuari aurre egin beharko. Beste modu batez esanda, hegoaldeko Herrialde zorpetuek eskatu arren, ez dira Estatu guztien zorrak batuko, ezta guztion arriskuak bateratuko ere.
Zorpetzerako orduan, zenbat eta galtzeko arriskua handiagoa izan, hainbat garestiagoa da interesa. Horra zergatik, zor handia duten Herrialdeek Estatu aberatsekin batera nahi duten euren zorra negoziatu, interesa txikiagoa izan dadin. Eta, alderantziz, Herrialde aberatsek ez dute nahi ordaindu eurei dagokien interes-maila baino altuagoa.
Diotenez, europarren arteko solidaritatea omen da auzitan dagoena, baina, ez dakit ba nik, solidaritatea baino, ez ote den konfiantza-kontua. Sartu gaitezen, bestela, alemaniar familien etxe-barruan, non entzuten den, europarren artean taberna eta jatetxetan dirurik gehien gastatzen dutenak espainiarrak direla, baita gauez kaleak argiztatzen energiarik gehien alferrik galtzen dutenak ere; edota aurreko krisiari erantzuteko ahaleginik gutxien egin dutenetakoak. Orduan, pentsa dezakete: tira, laguntzea, ondo dago, baina euren zorren interesaz gu arduratzen hastea… gehiegitxo, ezta? Arriskua eurena baino ez denean, askorik ez badira arduratzen, zer ez ote lukete egingo mutualizatuko bagenu?
Europar Batasunaren hirurogeita hamar urteko historian ez da sekula zorrik mutualizatu. Espainiak, Frantziak eta Italiak diote, eskatzen duten elkarrekin zorpetzeko laguntza berezi hori ez dela beraiek ezer egin dutelako txarto, pandemiak gogotik jo dituelako baizik. Baina Alemania, Herbehereak, Austria eta Finlandia beldur dira, ostera, behin mutualizatzen hasiz gero, aurrerantzean ez ote diren, europar solidaritatearen aitzakiaz, iruzur horretatik atera ezinik betiko geratuko.
Hartara, solidaritate-kontua ote ala konfiantza falta? Batek daki, baina ez dira, gero, berdinak. Solidaritatea, eman egiten dizute. Konfiantza, irabazi egin behar duzu.
EUSKADI IRRATIA – Albiste faktoria