Sistema ia perfektoa
Lehen eta behingoz, pasaportea zenbait dolarren truke eskaini dezakeen estatua aukeratu behar da, Mexiko edo Panama, adibidez. Zenbat eta pasaporte gehiago eskuratu hainbat hobe.
Gero, paradiso fiskalen batean bizitzen jarri. Ahal izanez gero estatu baketsua, aberatsa, ondo kokatua eta legal samarra izan dadila. Andorra, Monako edo San Marino izan daitezke.
Ondoren, negozioa ireki molde bereko beste hirugarren estaturen batean: Gibraltar, Bermudak edo Kayman irlak, esate baterako.
Horrez gainera, dirua ezkutatzeko laugarren estatua behar izango duzu. Honetarako Suitza edo Luxenburgo omen dira aproposenak.
Eta, azkenik, oporrak hartu, dirua gastatu eta denboraldiak pasatzeko, beste bosgarrenen bat aukeratu: Seychelleak, Antillak edo Bahamak. Bada non aukeratu.
Horrela, oso modernoa, teknologikoa eta aurrerakoia izateaz gainera, diru asko irabazi ahal izango duzu, zerga gutxi ordaindu eta politikoz jositako gobernuengandik ihes egin. Sistema perfektoa, beraz.
Jakina, denok hori egingo bagenu, ez dago batere garbi nork ordainduko ote lituzkeen eskola, osakidetza, errepideak, pentsioak eta zerbitzu publikoak. Baina ez askorik arduratu, horiek Internetez kanpo bizi diren atzeratuen mixeriak baino ez dira-eta.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko ekainaren 2an.