Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sinetsi ala ez

Sinetsi ala ez

Amatiño 2025/11/05 13:15
Azken Zinemaldiko Urrezko Maskorraz jabetu zen “Los domingos” (1) filmaren maila (2) ez dago zalantzan. Ikusten ari den jende-kopuru handia ere ezin esanguratsuagoa da. Sinesmendun izan edo ez, filmak balio du. Baina ez berdin.

Esamesik bada zein ote den Alauda Ruiz de Azúa zuzendariak moldatu duen istorioaren funtsezko ardatza. Zenbaitek, klausurako komentuan sartu nahi duen Ainara (Blanca Soroa) nerabean jartzen du xedea. Beste hainbatek, ordea, alabaren aukerak familiaren baitan sortarazten dituen tirabiretan.

Hedabideetako kritikak eta iruzkinak alderatuz gero, ez da ausardia handirik behar esateko, zenbat eta eskuindarrago orduan eta nabarmenagoa dela bokazioaren hautua lehenetsi nahi dutenen joera eta, zenbat eta ezkertiago, ostera, are azpimarragarriago arazoak berak senideen artea eragiten dituen jarrera desberdinen esparrua.

Lehendabizikoak ez du eztabaidatako lekurik lagatzen. Zirt edo zart, ala neskatilak “Jaunarekin” bideratzen duen elkarrizketa gerta daitekeen mirakulua da, ala guzti-guztia irudipen hutsa –eta erridikulu samarra— besterik ez da. Ez dago bitartekorik, sinetsi ala ez.

Zuzendari barakaldarrakak erabateko eztabaida  lantzen asmatu du, ez soilik batzuon eta besteon iritzien araberako bokazioa bai/ez delako dualtasunaz, ezta alabaren hautuaz senideen arteko jarrera kontrajarriez ere, ordu arte igandero elkarrekin aho batez eta batere haserrerik gabe bildu izan diren ahaideen iritzi ezkutuez baizik.

Ainararen aitak (Miguel Garcés) nahiago luke alaba klausurako moja-etxean sartuko ez balitz, baina ez du uste kontrarik egitea dagokionik, edo, behar bada... errazago zaio gertatu beharrekoa gertatu dadin uztea, aurre egitea baino. Maite izebak (3) (Patricia López Arnaiz), ostera, itxurazko bokazioaren gainetik, ez du inondik ere uste neskatilak har dezakeen erabakirik onena eta emankorrena denik, edonoren bizitza pertsonalak klausurapeko noraezean desagertzea baino gehiago merezi duelakoan. Eta, nonbait, guraso arduratsuek izan beharko lukete zer esan.

Eztabaidaren azpitik, behin eta berriz sumatzen da adin txikikoekiko kaptazio-mamua. Hau da, zenbateraino ote diren zilegi neska-mutikoen inguruan mugitzen diren egitura ideologikoak, eta zein neurritan arduratzen ote diren gurasoak seme-alaben norabide eta erabakietan eraginik izan dezaketen familiaz kanpoko hurbileko pertsona helduez (4).

---ooOoo---

1) "Los domingos" Buena Punta Media ekoiztetxea. 2025.

2) “Urrezko Maskorraz” gainera, “Euskal Zinea” Irizar Saria eta “Feroz Zinemaldia” kritikaren saria.

3) Filma ikusi duten nire inguruko emakume guztiak bat datoz Maite izebaren jarrerarekin.

4) SADEk antolatu ohi duen "Diálogos de cine"  eztabaida-gunean (2025.10.30), entzuleen artean gordin aipatu ziren elizak baliatu izan omen duen "pederastia erlijiosoa" nahiz ETAk erabili izan ei zuen "pederastia politikoa". 

.

Soroa, Ruiz de Azúa, López Arnaiz
Blanca Soroa, Alauda Ruiz de Azúa eta Patricia López Arnaiz

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: