Sindikalista on hutsak
Batetik, hogeita hamar urte luzetan portuko (Marseilla) beharginen eskubideen, aldarrien eta interesen onetan aritu izan den sindikatu-buruzagi adoretsu eta emankorra. Bestetik, lanari ekin zionetik, eta bestelako ahalegin berezirik gabe, langile-eskubideak betidanik “lortuak” ezagutu izan dituen belaunaldi gaztea.
Baina eskubideok, teoriaz behintzat, irabaziak omen dituen belaunaldi gazteak jasan ere jasan beharko ditu prekarietatea, EREa, lanik eza, zorrak ordaindu ezina eta senitarteko egoera latza. Baita, bidenabar, bizitza guztian zehar lan egin ondoren etxebizitza xumea, barbakoa ziztrina eta kreditu-txartel urria baino ez dituen sindikalista porrokatua burgestzat eta iruzurgiletzat jo ere. Belaunaldien arteko iritzi kontrajarriak, ikuspegi berdinezen kontraesanak.
Aukeran gero, ezin egokiago, Jean-Pierre Darroussin (Michel sindikalista) eta Ariane Ascaride (Mari-Claire emaztea), zein baino zein apalagoak eta eskuzabalagoak. Maitakorrak, bihozberak eta sinesgarriak oso.
Victor Hugoren “Les pauvres gens” poemaren gomutaz, sindikalismoa ez ezik, turismoa, kolonialismoa, elkartasuna, justizia, zigorra, morala, laguntasuna, zoriontasuna… denetarik da abagune mingotsetan oinarritutako film eztitsu honetan. Eztitsuegia, agian?
Las nieves del Kilimanjaro. Jean-Pierre Darroussin eta Ariane Ascaride.