White, Naica eta Balenciaga
Simone White (Hawaii, 1970) estatubatuarrak bere laugarren diskoa (Silver, Silver) nahi izan du Europan zehar azaldu. Porturen batetik abiatu behar eta, Getariatik ateratzeko hautua egin bide du. "Lagungarri" edo, berriz, Bidasoaldeko Naica pop taldea.
Segurutik Simone White kantariak hainbat meritu izango du, ez baitira lau disko grabatzen --ez eta Los Angelestik Europara kantari etortzen ere--, nork bere buru kantaritzat ez badu. Baina igande gauez entzundakoagatik behintzat, nekez ekitaldi motelagorik, aspergarriagorik, eneagarriagorik eta astunagorik. Nonbait, Whiteren folkak ezer gutxi du epikatik eta lirikatik, eta lartxo, berriz, malurretik eta etsipenetik.
Gaueko pasarterik alaienak, landuenak eta hunkigarrienak, Naia Mandiluniz, Carlos Noiain, Santiago Noiain, Mikel Azkona eta David Martínez bost lagunek osatzen duten Naica taldeak eskainitakoak izan ziren. Beraiek jarri zituzten gaueko ginga apurrak ez ezik, baita entzulerik gehienak ere. Auskalo zer gerta ote zekiokeen amerikarrari hondarribiarren lagunartekorik bertaratu izan ez balitz. Dena den, onartu ere onartu behar, bost lagunok --oro har-- musikari hobeak direla kantariak baino
Balenciaga Museoak ere ikasiko al du hurrengorako gauzak hobetoxeago antolatzen? Era honetako ekitalditxoak burutzeko leku benetan aparta museoaren ardaz-gunea. Baina, horratik, jendeak bi orduz eseri gabe iraun dezakeela uste duena ez da behar bada antolatzailerik prestuena.
Simone White
Naica taldearen hiru kide