Sekulako cracka
Lehen eta behingoz, ez du sinesmenik galdu. Gertatua gertatu, ez da gero erraza izan behar apaizen eta elizaren arteko bereizketa zorrotza horren garbi egin ahal izatea. Normalean, denok izan ohi dugu –edozein gizarte-arlotan— demaseko joera taldea eta taldekideak elkarrekin nahastekoa. Irizpiderik ezean, dezente samurragoa da. Baina gure gazteak irizpidea du.
Adorerik ere ez zaio falta izan ahalik eta goren abiatzeko. Ez da txikikerietan edo erdipurdika geratu. Luzaro pentsatu du. Zehatz hausnartu eta neurtu ostean, burura jo eta kitto, itu-ituan.
Eta, egin beharrekoa egin ondoren, ez da guztia baldintzatzen duten komunikabide goseti eta orojakinengana joan. Nahi besterik ez luke behar izango, nonahi izar gisa agertzeko. Baina ez du nahi izan. Eta ez, lotsaren lotsaz, izaeraren izaeraz baizik.