Sei mila urteko dolmen-bidea
Neolitotik Metalen Garaira, Brontze Aroan zehar, giza-historiaren aldaketarik nabarmenen lekuko da ezusteko Dolmenen Ibilbide (2) hau, bertatik bertara edozein egunetan bisitatu ahal izateko inongo giltzapeko aterik, trebeseko erromararik edo larre-langarik ez duena.
Urrutiago joan beharrik gabe, bertan gertatu zen Harri Arotik Burdina Arorako jauzi mortala, eta bertan jaio ziren lehen nekazari eta abelzainak, errauzketak, suharrizko tresnak, harria leuntzea, buztingintza eta, azkenik, metalgintza. Milaka urte iraun zuen bizimoduaren amaiera, sinesmenak aldatu zituena, hilobi kolektiboak gainditu eta banakako hilobiak erakarri zituena, luxuzko produktuak eta, lehen aldikoz, desberdintasun sozialak eragin zituena.
Balkoiarenak egiten dituzten hamaika kilometro horietan aurkitu zituen 1920an Jose Migel Barandiaranek (3) lehen arrastoak (4), guztira 16 aztarna (5), azken bi hamarkadotan Aranzadi Zientzia Elkarteak induskatu eta ikertu dituen bost mila urteko lorratzak eta, Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko udalen eskariz, jendaurretzeko eran laburbildu dituenak (6).
Trikuharria... eroritako zutarria zen!
1980ko hamarkadaren hasieran bertara joan ohi ginen haurrei amain emate aldera eta, geroxeago, baita Karakatetik Elosumendirainoko joan etorria mendi-bizikletaz egin ere (7). Seguru gero jakin ere ez genekiela nondik nora genbiltzan: zenbat aldiz jarri ote ginen Arribiribilleta harritzarraren gainean, trikuharri galduren baten "txapela" zelakoan, nahiz gero, zutitu ostean, menhirra (zutarria) suertatu!
Nork daki gure orduko arbaso zaharrek garaiko teknologiarik landuenak erabiltzen ote zituzten, baina nonbait bazekiten alderdi onik aukeratzen, bidezidorretik beretik ikusten baitira, hegoalderantz, Gorbeia, Anboto eta Aralar; iparraldean Ondarroa, Mutriku eta Debaurreko itsaso amaigabea; mendebaldean, berriz, eguzkia Bilboko itsasadar gainean iluntzen da eta, ekialdean, han behean, bertatik bertara, Urola bailara eta, nabarmen gorago eta urrutiago, Pirinioetako lehen mutur lausotuak.
Sei mila urteko parke tematikoa.
---oo0oo---
1) Izatez Irimo tontorreraino (896 m.) jarraitzen du, Urretxu gainean.
2) Behar bada, turismoaren ikuspegitik, bada "Ruta de los dólmenes de Debabarrena" deritzan web-orri erakargarriagorik, baina gazteleraz eta ingelesez baino ez dator.
3) Enrique Eguren eta Telesforo Aranzadi, lagun.
4) Duela 6.000 eta 4.000 urteren artekoak, Harri Arotik metalgintzaren atariraino, buztingintza eta Brontze Aroaren ondotik.
5) Bederatzi tumulu, zazpi trikuharri (dolmen) eta menhir (iruinharri) bat).
6) Elgoibarren eta Bergaran izan dira honezkero eta maiatzaren 9ra arte zabalik iraungo du da Soraluzen.
7) Karakatetik (Maltzaga gaina) Elosuraino (Bergara) erraz joan ohi ginen baina, bueltan, Polpoletik gora Irukurutzeta barreneraino, bidezidor harritsu eta aldapatsua, mortalak eta kostatu izaten zitzaigun. Orduan ez zen txirrindu elektrikorik.
.
.
