Sasiola: munduaren erdigunetik historiaren bide-bazterrera
Sasiola inguruan daude Ermitia, Praileaitz, Langatxo, Zerratu zein Kiputz leizezuloak eta Debatik Sasiolaraino barreiatzen da Historiaurreko Bailara (HAB). Aldi berean, Sasiola da karistiarren eta barduliarren mugartea, bizkaiera eta gipuzkeraren arteko langa, eta Astigarribiako ibarrean (Mutriku) dirau, isil-isilik, XI. mendeko eliza prerromanikoak.
Frantziskotarrak 1503an iritsi ziren Sasiolara (2), eta XV. mendeko dorrearen (3) gainean eraiki zituzten eliza, konbentua, nasa (4), bidesarien ordain-etxea, bidaiarien ospitalea eta pilotalekua. Besteak beste, bertatik pasatzen zen Gaztelatik Flandriara zihoan artilea (eta bueltan Europa erdialdeko ekoizpenak etorri), bai eta, ibaiz gora, Muskiztik itsasoz heltzen zen Bizkaiko meategietako burdina ere, Debabarrenako oletaraino, Altzolan barrena (5). Sasiola zein erreferentzia handia zen jabetzeko, gogoan hartu Elkanoren testamentuak hamar dukat utzi zizkiola Sasiolako elizari, bere sorterriko Getariakoari dukat batto besterik laga ez zion bitartean.
XVII. mendeko aztarrenei jaramonik eginez gero, bertako frantziskotarrak izan ziren pilota-jokoaren aitzindarietakoak. Egindako indusketen arabera, eliza-sarrera nagusiaren atarian 700 metro koadroko kantxa zuten, harlanduzkoa, ezelango sare eta hormarik gabe, aurrez aurre pilotan eskuz egiteko, "bote luzera" delako moldean. Oraindik ere erreboteak tente darrai eta bisitariak badu joko-epaileen mahai-inguruan (6) jartzerik.
Deba ibaiak mugarenak egin ditu historian zehar. Karlos I. gaztelar enperadorearen aurka jaiki ziren gipuzkoar komuneroen biltoki izan zen Sasiola eta, 1520ko hamarkadan, Sasiolan bertan sustatu zuten Cisneros kardinalaren kontrako jazarra (7). 1794-95 urteetan, berriz, Bizkaiko 1500 boluntariok ibaia erabili zuten defensa natural gisa armada frantsesari aurre egiteko.
Mendizabalen desamortizazioak bota zituen frantziskotarrak XIX. mendearen hasieran, gaur egun dirauen errepide nagusiak Sasiolako baratzak irentsi zituen 1857 urtean, eta, hormatarako harririk behar izan zenean, Sasiolako elizaren hondakinak hurbileko (eta doako) harrobitzat erabili ziren.
Alex Turrillasek dioen parke tematikoa inondik ere ukatzeke, ni Sasiolatik pasatzen naizen bakoitzean Benito Lertxundiren “Valdorba” kantaz gogoratu izaten naiz: “Sasiola, esazu nor den historiaren bidetik baztertu zaituen madarikatua”.
2) Arantzazura baino lehenago, nonbait.
3) Sasiolatarren dorreak zituen, besteak beste, ontziola, burdinola, errota, karobia, baratza eta basoak.
4) Izatez, azken portua Altzolan zegoen, bost kilometro gorago.
5) Altzolarainoko nabigazioa, historia vs. fisika.
6) Argazkian, epaileen mahaia eta inguruko eserlekuen aztarrenak
7) Olano batxiler debarra eta Elorriaga fraide frantziskotarra ziren buruzagiak.