Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sardinak latan

Sardinak latan

Amatiño 2017/07/03 00:05
Nire bost biloben barre-algarak entzun behar, aitxitxa zaharrarekin larunbat iluntzean afaltzera joan eta... sardina-lata atera ziotenean. Horrek esangura du, txarrenean ere, helduenak 10 urte besterik ez izan arren, gutxieneko kulturaren jabe direla jan-edan kontuetan. 

Benetan onak zeuden, apartekoak. Ezin uka. Hala ere, ez nuen gero sekula uste izango, euskal jatetxe batean sardinak oliotan eskatu eta latatan aterako zizkidatenik. Baina, onartu beharko, eskatutakoa baino ez zidatela atera.

Asteburua Iparraldeko baserri batean pasatu dugularik elkarrekin, larunbat iluntzean Lapurdiko itsasbazterreko jatetxera batera joan ginen denok, afaltze aldera. Kartan, frantsesez, "sardinak oliotan" irakurri eta, lege zaharreko antxoen antzera, gero eta sarriago jartzen diren "sardinak gatzunetan" zirelakoan eskatu nituen. Baina, aurrez aurre jarri zidatena ez zen izan, horratik, nik itxaro nuena, eskatutakoa atera bazidaten ere, hitzez hitz. Gurin eta guzti, gainera.

Sardinak onak ziren, kalitate handikoak, ezin esan kontrakorik. Eta, kartan badaude, jendeak eskatzen dituelako izango da. Hala ere, ez da erraz ulertzekoa zein bezero-mota izan daitekeen, euskal itsasbazterreko jatetxe batera sardinak latan jatera hurbiltzen dena. Zertan ote, zorioneko euskal sukaldaritza! 

Baina, hori bai, nire bilobek, oraindik ere, aitxitxa zaharrari adarra jotzen jarraitzen dute. Ez dute ahazteko. Bejon deiela!

 

.

Hamaika ikusteko jaio ginen! Euskal sukaldaritza berria, nonbait!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: